TECNALIAk ibilbide-orri bat ezarri du energia-komunitateak deskarbonizazioan erreferente bihurtzeko
Horretarako, Donostiako Bera Bera auzoko 550 familiak osatutako Ur Beroa energia-kooperatibarekin ari da lanean
Herritarren kontzientziazioa handituz herritartasun energetikoaren sorrera bultzatzea helburu duen Europako proiektu bateko zati da ekimena
Proiektuaren zati gisa, halaber, inkesta bat egin zaie 16 herrialdetako 10.000 parte-hartzaileri, eta ondorio hau atera da: Europar Batasuneko biztanleen % 58k baino gehiagok hartu dituzte energia aurrezteko neurriak, nahiz eta oraindik oztopoak egon
Banakoak trantsizio energetikoaren sustatzaile izan daitezke neurri kolektiboak hartzen dituztenean eta bat egiten dutenean beren energia-komunitatea sortzeko. Ondorio horretara heltzeko, TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak, energia-komunitateak deskarbonizazioan erreferente bihurtzeko asmoz, ibilbide-orri bat zehazteko egin duen azterketa hartu da kontuan. Horretarako, Donostiako Bera Bera auzoko 550 familiak osatutako Ur Beroa energia-kooperatibarekin ari da lanean.
Egindako analisiarekin bat, energia-komunitate bat sortzeko, honako baldintza hauek bete behar dira: pertsonak portaera jasangarrietarako neurri kolektiboak hartzera bultzatzen dituen balio-multzo bat; energia-sistema ezagutzea; herritarrei energia-ekimen kolektiboetan inbertitzea eta haiek abian jartzea ahalbidetzen dieten baliabideak; eta eragileei, bereziki pertsonei, laguntzeko esparru politiko bat eta tresna egokiak, herritartasun energetiko aktiboagoa lortzeko bidean.
Ur Beroa energia-komunitateak trantsizio energetikoko prozesuan aurrera egin dezan, TECNALIAren eskutik, honako helburu hauek ezarri dira: bazkide-kopurua handitzea district heating sistemaren hedapen geografikoaren bidez; ibilgailu elektrikoarekin eta sistema fotovoltaikodun autokontsumo kolektiboarekin zerikusia duten proiektuak egitea; karga-zutoinak instalatzea edo hidrogeno-proiektu pilotu bat egiteko aukera aztertzea; eta banakako energia-eskaera murriztea, etxebizitza-mota bakoitzerako energia-efizientziarako soluzio tekniko bat diseinatuz; elektrizitate-erosketa zentralizatua egiteko aukera aztertzea; eta etxebizitzetako isolamendu-hobekuntzen kudeaketa.
Herritartasun energetikorako katalogoa
Ekimen hau GRETA (Green Energy Transition Actions) proiektuan sartzen da, zeina Horizon 2020 programak babesten baitu, eta TECNALIAk parte hartzen du proiektuan. Haren helburua da trantsizio energetikoan herritarren kontzientziazioa eta inplikazioa areagotzea, komunitate horiek indartzeko eta herritartasun energetikoa sortzeko.
Eta, hori lortzeko, proiektuaren barruan ekintza-katalogo bat jarri dute abian esparru hauetan: mugikortasun jasangarria, energia garbi eta merkea, ekonomia zirkularra, eta kontsumo eta elikadura-ohitura jasangarriak.
Energia-kontsumoa murrizteko, gomendio hauek ematen dituzte: etxebizitzak eraginkortasunez isolatzea, baliabide berriztagarriak dituzten energia-hornitzaileak hautatzea eta etxean energia-kontsumoa kontrolatzen eta murrizten duten ekipoak izatea.
Mugikortasunaren esparruan, proposatzen dute garraioaren karbono-aztarna kontuan hartzea oporrak eta distantzia luzeko beste bidaia batzuk planifikatzean, eta ibilgailu elektrikoaren eta erregai gutxi kontsumitzen duten ibilgailuen aldeko apustua egitea.
Kontsumoari dagokionez, gomendio hauek ematen dituzte: hondakinak murriztea eta birziklatzeko bereiztea; tokiko eta sasoiko elikagaiak kontsumitzea, baita janari organikoa ere; eta elikagaiak erostean sortzen den karbono-aztarna kontuan hartzea.
Europako biztanleen erdiak jada herritar energetikoak dira
Ekimenaren barruan, inkesta bat egin diete Europar Batasuneko 16 herrialdetan parte hartu duten 10.000 laguni. Inkesta horren arabera, proiektuaren ikertzaileek herritar energetiko “aktibo” edo “defendatzaile” deritzenen artean daude herritarren % 58, dagoeneko. Hau da, jada trantsizio energetikoan parte hartzen ari dira: eguneroko bizitzan energia aurrezteko jarduera sinple batzuk egiten dituzte, energia-teknologia berdeetan inbertitzen dute edo energia-soluzio ekologikoagoen alde egiten dute. Hala ere, ikerketak agerian utzi ditu herrialdeen arteko desberdintasun nabarmenak eta eragin handiagoko energia-ekintzak egitea mugatzen duten oztopo handiak.
Halaber, inkestaren arabera, Europar Batasuneko herritarren % 60k baino gehiagok uste dute trantsizio energetikoa baterako lana dela, eta gizarteko kide guztiek lagundu behar dutela horretan. Baina guztiek ez dute parte hartzeko aukera bera oraindik.
Espainiaren kasuan, inkestaren emaitzek adierazten dute inkestatutako gehienek aktiboki parte hartzen dutela trantsizio energetikoan, eta energia kontserbatzeko neurriak hartzen dituztela. Haietatik ia erdiek azaldu dute energiaren efizientzia eta kontserbazioa garrantzitsuak direla haientzat, ez soilik arrazoi ekonomikoengatik.