TECNALIAk Konbus+ startupa sortu du, osagaiak fabrikatzeko abiadura handiko proiekzio termikoko teknologia aurreratuetan espezializatua

Albisteak, Gipuzkoa

TECNALIA ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentroak Konbus+ deeptech startupa sortu du, abiadura handiko proiekzio termikoko teknologia aurreratuak merkaturatzeko, zeinak errekuntza jarraituko eta pultsatuko prozesuetan oinarrituta baitaude. Teknologia horiekin, osagaien iraunkortasuna eta higadura hobetzen duten estaldurak sor daitezke. Hala, ekoizpen-kostuak murrizten dira: gas gutxiago kontsumitzen da, prozesuak denbora gutxiago behar du eta eraginkortasuna eta produktibitatea hobetzen dira

Zehazki,  TECNALIA duela 25 urtetik garatzen ari den teknologiaren transferentzia jaso du Konbus+-ek, eta proiekzio termiko aurreratuko bi teknologia propio eramango ditu industria-sarera, abiadura handiko detonazioan eta errekuntzan oinarritutako prozesu tradizionalen alternatiba izango direnak.

Lehen aplikazio industrialak

Konbus+-ek Euskadiko Parke Teknologikoren Donostia Campusean du egoitza, eta, handik, garapen industrialeko eta balio erantsi handiko merkatu estrategikoetan kokatzeko faseari ekingo dio, hala nola alanbreen trefilaketa, papera eta automobilgintza industriarako makinak eta erremintak, nazioartera iristeko asmoz. Plan estrategikoak aurreikusten du, batetik, epe ertainera sektore aeronautikora hedatzea, proiekzio termikoko teknologien munduko merkaturik handiena baita, eta, bestetik, aukera berriak aztertzea, besteak beste, ibilgailu elektrikoen baterietarako elektrodoen fabrikazioa.

Konbus+-en soluzio teknologikoek heldutasun teknologiko handia dute, eta TECNALIAk aldez aurretik baliozkotu ditu ITER nazioarteko proiektuan aplikatzeko, zeina fusio-energiaren alorreko ekimen zientifiko global handienetako bat baita. Bultzada horrekin, startupa Europako eragile berrietako bat izango da gainazalen teknologia aurreratuetan eta fabrikazio aurreratuan, eta gai izango da inpaktu handiko ezagutza zientifikoa benetako aplikazio industrialetara eramateko.

Deeptech ekosistema bultzatzea

Konbus+ sortzeak indartu egiten du TECNALIAk sustatzen duen teknologia-transferentziarako estrategia, zeinaren helburua baita  ikerketa-emaitzak deeptech enpresa berri bihurtzea, inpaktu industriala, enpresa-lehiakortasuna eta hazkunde ekonomikoa eragiteko. Arrakasta-kasu berri bat da TECNALIArentzat. Hain zuzen ere, partaidetzapeko 21 bat enpresa ditu jada, deeptech startupak den-denak. Guztira 149 enplegu sortu dituzte, eta 8,75 milioi euroko fakturazioa izan dute.

Partekatu

Beste berri batzuk