TECNALIAk lankidetzan dihardu Surion Wind Systems startup arabarrarekin, haize-parkeen modernizazioa bizkortzeko
Haize-parkeak berritzeko soluzio aurreratuen diseinuan eta fabrikazioan espezializatuta dago startupa
TECNALIAk Surion Wind Systemsekin bat egin du laguntzaile eta bazkide teknologiko gisa, potentzia kontrolatzeko sistemen diseinuan duen esperientzia partekatzeko eta sistemaren errendimendua baliozkotzeko aukera emango duen eskalako saiakuntza-banku bat martxan jartzeko
Haize-parkeak berritzeko soluzio aurreratuen diseinuan eta fabrikazioan espezializatutako Surion Wind Systems startup arabarraren lankide eta bazkide teknologiko gisa hasi da TECNALIA.
Ikerketako eta garapen teknologikoko zentroaren eta startuparen arteko lankidetza premia handi bati erantzuteko sortu da: lehendik dauden haize-parkeak modernizatzea eta haien balio-bizitza luzatzea, bereziki Europan eta Estatu Batuetan, haize-sorgailuen flota handiak zaharkitzen eta potentzia galtzen ari baitira eta instalatutako ahalmenaren efizientzia areagotzearen presioa baitute. Modu horretan, repoweringa —berritze partziala edo totala— da aukera bideragarri eta abantailatsuena haize-parkeen jarraitutasuna bermatzeko eta haize-energiaren sorkuntza bultzatzeko.
TECNALIAren ekarpena
Potentzia kontrolatzeko sistemak diseinatzen duen esperientzia ekarriko du TECNALIAk hiru ardatz hauetan oinarritzen den lankidetza-harreman honetara: garapen propio, software espezializatu eta jabetza industrialetarako sarbidea ematea Surion Wind Systems startupari, sistema eolikoetan potentzia kontrolatzeko sistema garatze aldera; kargak aztertzeko, sorgailu elektrikoetan galerak segregatzeko eta jokabide dinamikoaren modelatzerako tresna aurreratuak sortzea; eta prototipo funtzional bat garatu eta sistemaren errendimendua balioztatzeko aukera emango duen eskalako saiakuntza-banku bat martxan jartzea.
José Luis Villate TECNALIAko Energia Berriztagarrien eta Eraginkortasun Termikoa ataleko zuzendariak azaldu duenez, “Surion Wind Systemsekin batera lan eginez, startupak proposatzen dituen berrikuntzek lehendik dauden haize-parke ugariren berrindartze-prozesua bizkortuko dute; modu horretan, negozio-eredu oso errentagarriak sortzen lagunduko dute eta ingurumen-izapideak erraztuko dira”. Erronka teknologiko nagusiak ebaztea izango da TECNALIAren egiteko nagusia, berrindartzearen negoziorako konponbide efiziente bat eskainiko duen produktu bat edukitzeko garaiz.
TECNALIAren eta Surion Wind Systemsen arteko lankidetza deeptech4Impact ekimenaren esparruan sortu da, haren bidez partekatuko baititu zentroak bere gaitasun teknologikoak. Zerbitzuak eta industria-jabetza bultzatzen ditu ereduak, zeinak lagungarriak baitira startupentzat garapen-fase oso goiztiarretan merkatura arinago eta proposamen sendoagoekin iristeko.
Lankidetza honekin, TECNALIAk dagoeneko 16 startup deeptech ditu zorroan, TECNALIA Venturesek kudeatuta. 2024an, partaidetzen zorroaren balioa % 187 hazi zen, enpresen fakturazioa % 83 handitu zen eta 74 milioi euroko kapitala erakarri zuten.
Soluzio teknologiko disruptiboa
Surion Wind Systemsek proposatzen duen soluzioak berrindartze partzialerako aukera ematen du, aire-sorgailuen funtsezko osagaiak bakarrik aldatuz eta lehendik dagoen azpiegituraren % 48 ere aprobetxatuz. Horri esker, berrindartzearen kostuak % 44 bitarte murrizten dira, inbertsioa optimizatzen da eta haize-parkeen ingurumen-inpaktua minimizatzen da. Transmisio-tren aniztunean eta egitura modularrean oinarritutako diseinu berritzaileak aukera ematen du 1,5 MW eta 3,0 MW bitarteko potentzia instalatzeko, inbertsioaren eta mantentze-lanen kostu oso txikiekin. Gainera, tokiko fabrikazioa bultzatzeko moduan diseinatu da aire-sorgailua, berrindustrializazioa sustatu eta tokiko hornitzaileen sareak berrindartzeko.
Rubén Ruiz de Gordejuela Surion Wind Systemseko zuzendari nagusiak dioenez, “konpainiak zenbait faktore teknologiko bereizgarri ditu, berrindartze-prozesua eta industrializazioa optimizatze aldera; modu horretan, enpresa ere berrindartuko da, baita mantentze-lanak ere, azken offshore teknologiak onshore aplikatuz”.