TECNALIAk, UPV/EHUk eta Bc3k bat egin dute Euskadin plangintza energetikoko laborategia sortzeko

Laborategia hiru erakundeek deskarbonizazioa bultzatzeko adostutako akordioari esker sortu da, eta bikaintasun zientifikoko gaitasunak garatzeko lan ildo iraunkorra ezartzea du helburu, betiere, ondoren, balio kate osorako trantsizio energetikoko estrategiak bultzatzeko
TECNALIA ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak, Euskal Herriko Unibertsitatea UPV/EHUk eta Basque Center for Climate Change Bc3k ekainaren 2an aurkeztuko dute Euskadiko plangintza energetikorako laborategi aitzindaria. Haren helburua izango da balio kate osorako trantsizio energetikoko estrategiak erraztuko dituzten metodologia eta tresnak garatzea eta Euskadin deskarbonizazioko erronkak bultzatzea. Aurkezpena Bizkaia Aretoan egingo da ekainaren 2tik 4ra bitarte Bilbon egingo den Ekonomia Energetikorako Espainiako Elkartearen (AEEE) XX. Kongresuaren baitan.
Laborategiaren izena Joint Research Laboratory on Energy Planning (JRL ePLAN) da eta TECNALIAren, UPV/EHUren eta BC3ren arteko akordioari esker sortu da plangintza energetikoaren arloan ikerketa aplikatuko nazioarteko erreferentziazko taldea sortzeko eta esperientziak eta ezagutzak partekatzeko.
Plangintza energetikoa deitzen zaio etorkizuneko behar energetikoak eta horiei eman beharreko arreta egokia ziurtatzeko bideratu beharreko jarduerak aurrez ikusteari. Hala ere, energiaren arloak berezitasunak ditu, jarduera horri eusten dioten azpiegituren egokitasunak baldintzatzen baitu zerbitzu energetikoak ematea. Horregatik, errealitate aldakorren aurrean, aurreikuspenen etengabeko bilakaera egitea eta errealitate horri aurrea hartzea ezinbestekoak dira administrazioei, enpresei eta gizarteari erabakiak hartzen lagunduko dieten energia plangintzako tresnak garatzeko.
2027rako helburuak
Laborategiaren zuzendaritza zientifikoa TECNALIAren esku egongo da eta plangintza energetikoan erreferentziazko ikerketa talde bihurtzeko helburua du. Bere zeregina da erabilgarri dauden gaitasunak modu eraginkorrean gehitzea eta bultzatzea, Energia Plangintzarekin lotutako gai espezifiko batzuetan ikerketa bateratua sustatzeko.
Ildo horretan, JRL e-planak etorkizuneko profesionalak, ikertzaileak eta ekintzaileak prestatzen lagunduko du, gai horretan espezializatutako talentua sortzea eta erakartzea sustatuz.
Gaur egun, ekimenak 18 ikertzaile ditu dagoeneko, eta 2027rako 38 profesionalez osatutako taldea izatea aurrez ikusten da. Ekimenak planteatzen duen beste erronketako bat prestakuntzarena da; izan ere, urte horretarako lankidetzan prestatutako 30 ikasle izatea aurrez ikusten du. Ildo horretan, 15 doktorego tesi inguru eta 74 baterako argitalpen lortzea espero da.