VI. Tecnalia Kazetaritza-Saria

Gipuzkoa

  • Xl Semanaleko, Radio Euskadiko, TVE1eko eta Elhuyar.org-ko zenbait kazetarik jaso dituzte TECNALIAren VI. Kazetaritza Sariak. Aipamen bereziak, berriz, El Mundoko kazetari batek eta ETB2-ko beste batek jaso dituzte.

Gaur banatu dira VI. Tecnalia Kazetaritza Sariak (16.000 euro, guztira), TECNALIAk Donostian duen egoitzetako batean. TECNALIAko lehendakariak eta zuzendari nagusiak —Javier Ormazabal eta Joseba Jauregizar, hurrenez hurren— hitz egin dute ekitaldian, baita José Ángel Sánchez Asiaínek ere, COTEC Fundazioko eta Sariaren epai-mahaiko lehendakariak, alegia. Sariaren laguntzaile diren Batz, Ikusi eta Ingeteam enpresetako zenbait zuzendarik eta epai-mahaiko kideek ere hitz egin dute ekitaldian.

Lau ataletan banatu da, lehenbizikoz, Tecnalia Kazetaritza Saria: idatzizko komunikabideak, irratia, telebista eta internet. Lau mila euroko saria  ematen zaio atal bakoitzari.

Idatzizko komunikabideen kategoriako saria

Idatzizko komunikabideen atalean, Fernando Goitiak eskuratu du saria, “¿Exportar I+D?, sí podemos” (I+G esportatu? Bai, ahal dugu) erreportajeagatik. XL Semanal gehigarrian argitaratu zen lana, 2012ko otsailaren 26an.

Atzeraldia gorabehera, 50 bat herrialdetara produktu berritzaileak esportatuz salmentak areagotzen ari diren sei enpresa espainiar ageri dira erreportajean. Plastikozko esekigailuak, DNAren txipak, izotz-pistak, energia sortzen duten beirak, aire puruzko burbuilak, euli-kanaberako arrantzarako ingeniaritza dira, besteak beste, produktu horietako batzuk.

Epai-mahaiak azpimarratu duenez, “erreportaje horrek efektu onuragarria, eragilea, izango du gure industria-sarean (ETEez osatua, gehienbat), produktu berritzailerik izanez gero esportatzeko gai garela erakusten baitu”.

Irrati-kategoriako saria

Irratiaren atalean, Eva Caballerok —Radio Euskadiko La mecánica del caracol saioaren zuzendaria eta esataria— jaso du saria. Egunero ematen da saioa, irratian, eta eitb.com-en webgunean ere entzungai egoten da.

Zientzia, teknologia eta historiaren dibulgazioa du xede programak (2010ean sortua), eta egunero entzuleei zerbait berria irakasten, zalantzak argitzen, mito irrazionalak uxatzen eta jakintza zientifikoa eta teknologikoa hedatzen saiatzen da.

Beste hau ere nabarmendu du epai-mahaiak: “Programaren helburu nagusia da zientzia eta teknologia publiko orokorraren esku jartzea, erraz, zorrotz eta modu atseginean, eta bikain betetzen du. Aipatzekoa da, bestalde, programaren kolaboratzaile-sare zabala”.

Telebista-kategoriako saria

Telebista-atalean, Irene Vaquerizo, Cristina Moreno, Fernando Rodríguez, Santiago Aguilar, Ildefonso Urban, March Folch, Javier Mula eta Miguel Ortizentzat izan da saria, SMART CITY: Ciudades del Futuro (SMART CITY: Etorkizuneko Hiriak) erreportajeagatik. TVEko 1. katean eman zen saioa, 2012ko otsailaren 11n, eta rtve.es-eko webgunean ere ikus daiteke.

Hiru hiritan izan zen Informe Semanal saioko talde hori, ikus-entzuleei informazio zehatza eskaintzearren Málagako energia-kudeaketa jasangarriaz, Rivas Vaciamadriden jarritako zuntz optikoaren eraginkortasunaz eta Bartzelonako Distrito @22 deritzon hiri-laborategiaz: smart cityen probaleku apartak, guztiak ere.

Epai-mahaiak nabarmendu duenez, “erreportajeak smart cityen alderdi nagusiak (teknologiaz baliatzea eta energiaren erabilera eraginkorra) jasotzen ditu, eta ulergarri bihurtzen herritar arruntarentzat, zeina gai baita bere eguneroko bizimoduan gertatzen ari diren aldaketez ohartzeko”.

Internet-kategoriako saria

Internet-kategoriako saria, berriz, Guillermo Roari egokitu zaio, “Itxaropen bioartifiziala” erreportajeagatik, zeina aldizkaria.elhuyar.org webgunean argitaratu baitzen, 2012ko apirilaren 1ean.

Bikain erantzuten dio lan horrek galdera honi: “Giza organoak nahierara fabrikatzerik eta transplantatzerik ba ote?”.

Albiste ona: teorian, pazientearen beraren zelula amekin egin daitezke “bioartifizialak” deritzen organo horiek.  Albiste ez hain ona: hastapenetan dago, oraindik, organo horiek garatzeko behar den tekniken ikerkuntza.

Epai-mahaiaren iritziz, “dena, alderdi onak eta txarrak, zehatz, ulergarri eta entretenigarri bihurtuta ageri da lan honetan, zeinak, informazio multimediaz baliaturik, emaitza bikaina lortu duen. Horri esker, gehiago dakigu medikuntzan zelula amekin egiten den lanaz eta haren potentzialaz eta iguripenaz”.

Aipamen bereziak

Lau sari horiez gain, bi aipamen berezi ere eman ditu VI. Tecnalia Kazetaritza Sariko epai-mahaiak.

Rosa Martíni eman diote bat, El Mundo egunkarian 2012ko maiatzaren 14an argitaratutako “La ciencia, agente solidario de las hambrunas” erreportajeagatik.

Mila milioi gizon-emakumek baino gehiagok jasaten dute gosea munduan, batez ere Afrikan eta Asian. Goseteen ondorioak arintzen laguntzeko zientziak eta teknologiak zer ekarpen egiten duten erakusten du erreportajeak.

Epai-mahaiaren iritziz, “kalitate handiko kazetaritza-lana dugu hau, eta, horrez gain, ikuspegi berri bat dakarkigu zientziak eta teknologiak gosetearen aurkako borrokari egiten dioten ekarpenaz, eta adibide praktiko ugari eskaintzen dizkigu: satelite artifizialak, telekomunikazioa, ingeniaritza, genetika aplikatua, labore-sistema berriak…”.

Bigarren aipamen berezia, berriz, José A. Pérezek jaso du, “¿Modificación genética?” (Aldaketa genetikoa?) erreportajeagatik. 2011ko urriaren 24an eman zuten lan hori, ETB2-ko Escépticos saioan, eta eitb.tv webgunean ere ikusgai dago.

José A. Pérezek sortu zuen Escépticos saioa, eta berak idazten eta zuzentzen du. Saritutako programak argi eta xehe azaltzen du zer den eta nola egiten den eraldaketa genetikoa, eta ezabatu egiten ditu ikusleak ingeniaritza genetikoari buruz dauzkan aurreiritziak.

Epai-mahaiak dioenez, “lan honek bete egiten du baldintza, hots, berez zientzia eta teknologia interesatzen ez zaion ikusleari hurbildu egiten dizkio gai horiek, ikus-entzunezko lengoaia bizi eta koloretsu batez baliatuz, oso egokia telebistarako eta Interneterako”.

TECNALIA SARIA

Tecnalia Korporazio Teknologikoak (AZTI-Tecnaliak, NEIKER-Tecnaliak eta TECNALIA Research & Innovation-ek osatua) sustatzen du sari hau, helburu honekin: iritzi publikoan teknologiaren ikerketaren, berrikuntzaren eta garapenaren ezagutza sustatzen eta dibulgatzen duten hedabideetako profesionalen lana aintzatestea eta saritzea, eta, hartara, gizarte berritzaileago bat eraikitzen laguntzea.

Partekatu

Beste berri batzuk