Viralgenek euskal artea erakutsiko du bere instalazioetan
Anton Mendizabalen bi eskultura lurraldearen enbaxadore izango dira nazioarteko bisitarien eta Gipuzkoako bioteknologiako langileen aurrean
Erakusketa irekitzeko ekitaldia Viralgen enpresak Gipuzkoako Zientzia eta Teknología Parkean dituen instalazio berrietan egin zen (Mikeletegi pasealekua, 8). Bertan izan ziren Markel Olano Arrese Gipuzkoako Ahaldun Nagusia eta Jabier Larrañaga Gipuzkoako Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko foru diputatua, besteak beste.
Gipuzkoako Foru Aldundiak da obren jabea, eta lurraldearen kultura-ondarea aparteko erakusleiho batean zabaldu asmoz laga ditu. Izan ere, erakusleiho horretatik igarotzen dira egunero enpresako 400 langile baino gehiago eta instalazioetara erregulartasunez joaten diren nazioarteko zientzialari eta zuzendari ugari.
“Zientzia eta artea uztartzean Gipuzkoak duen berezitasun bikaina irudikatzeko modu bat da. Era berean, lurraldearen sustraiak eta abangoardia zabaltzen dira langileen eta nazioarteko bisitari nabarmenen begien aurrean, eta gero bakoitzak bere herrialdean kontatuko du zer ikusi duen lurralde horretan”, adierazi zuen Javier Garcíak, konpainiako exekutibo nagusiak.
1990ean Mendizabalek bere serie eskultorikoaren barruan zizelkatutako ‘Harritxulagaina’ eta ‘Egiar’ obrak dira, Oiartzungo Udalak udalerriko parke megalitiko bati buruzko azterlan bat egiteko enkarguaren ondorioz sortutakoak. Ondoren, seriea Gipuzkoako Foru Aldundiaren jabetzakoa izatera pasa zen
‘Krontela’ hitza kronletx eta gaztelerazko ‘estela’ hitza (oroitzapenezko monumentu monolitikoa, zeina lurzoruaren gainean bertikalean baitago) elkartzetik dator. Mendizabalek bere tailerretik gertu dauden mendietako Burdin Aroko harrespilak berrinterpretatzen ditu eta eskultura/hilarri bihurtzen ditu monumentu oroigarri horien forma zirkularra berrerabiliz.
Harritxulangaina, 10 harrespileko eta 2 tumuluko multzoa da; Egiar, berriz, 7 harrespileko multzoa. Eskultoreak bere hilarriei multzo horien izena jarri die, eta historiaurrea, mitologia eta artea batzen ditu eskultura garaikide hauetan. Eskultura horiek, hemendik aurrera, biltegietatik ateratzen dira, Viralgenen sarrerako ‘hall’ nagusian mirets ditzaten.
Viralgeni buruz
2017an sortu zen, AskBio eta Columbus Venture Partnersen (Espainiako arrisku-kapitaleko taldea) arteko joint venture gisa. Viralgen mundu mailako enpresa da, eta AAV ekoizten du cGMP kalitatearekin. Pro10 plataforma erabiltzen du, AskBIOk lizentziatutako teknologia, AAV bidezko terapien eskalagarritasun, errendimendu eta zehaztasun handiagoa ahalbidetzen duena. Egoitza Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoan du. Viralgen CDMO bat da (Contract Development and Manufacturing Organization), eta AAVrekin terapia genikoko tratamenduak ekoizten ditu, enpresa farmazeutiko eta bioteknologikoek pazienteen bizitza hobetzeko tratamendu berriak azkarrago eman ditzaten errazteko.
Gure teknologiaren funtsezko onura bat kalitate handiko rAAVenen cGMP ekoizpena da, sorta handietan, fabrikazio-plataforma bakar eta sendo baten bidez. Viralgenen instalazio klinikoak, 50 eta 500 L artean jarduten duten 4 ekoizpen-aretorekin, bezeroak hornitzeko gai dira merkaturatze-fasera arte. Merkataritza-hornidura hori planta berritik egingo da; gaur egun eraikitzen ari dira, eta lehen modulua osatuta dago. Modulua 2022an egongo da prest loteko 2000 L arteko produkziorako. Instalazio guztiek dute akabera eta betetze-maila (fill & finish) eta kalitate-kontrol integratua, Pro10 plataforma erabiltzen duten bezeroen proiektuei erabateko babesa emateko.