Yaroslav Grosu CIC energiGUNEko ikertzaileak Estatuko Ikerketa Agentziaren “Ramón y Cajal” laguntza jaso du

Albisteak, Araba

Zientzialari ukrainarraren hautagaitzak bigarren postu orokorra lortu du Energia eta Garraio Arloan

Senior Researcher gisa jaso duen beka CIC energiGUNEn datozen bost urteetan egingo duen ikerketa-karreraren garapenarekin dago lotuta

Yaroslav Grosu, CIC energiGUNEko, energiaren biltegiratzean erreferentea den, eta baterietan, energia termikoko soluzioetan eta hidrogenoaren teknologietan espezializatuta dagoen eta Basque Research & Technology Alliance-BRTAko kidea den euskal ikerketa-zentroko ikerlari ukrainarrak, Estatuko Ikerketa Agentziak, ikertzaile doktoreek beren ikerketa-karrerarekin jarraitu ahal izan dezaten Estatuko I+G zentroei emandako “Ramón y Cajal” laguntza eskuratu du. Beka hori Estatuko ospetsuenetakoa da, eta 5 urteko iraupena du.

“Ohore handia da aintzatespen hau jasotzea, bai ikuspegi pertsonaletik, bai profesionaletik, izan ere, Gasteizen egiten ari naizen lanari eta ikerketa-ildoari segurtasun handiagoz ekiteko aukera emango dit”, adierazi du Kyiven jaiotako zientzialariak. “Nire oraingo lanaren helburua faseen arteko fenomenoak ikertzea da, energia termiko eta termomekanikoko aplikazioetarako, hala nola beroaren biltegiratzea, malguki molekularrak, biltegiratze-materialen bateragarritasuna… eta aintzatespen hau nire ikerketa-jarduerarako bultzada da”.

Grosu doktoreak Energia eta Garraio Arloko Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren laguntzetarako eskaera aurkeztu zuen, eta Estatu osoko beste ikertzaile batzuekin lehiatu zen aurreikusitako 347 laguntzetako bat lortzeko. Estatuko Ikerketa Agentziak egindako azterketa-prozesuaren ondoren, CIC energiGUNEko zientzialariak bigarren postua lortu zuen emakida-zerrendan, Energiaren eta Garraioaren eremu espezifikoan.

Yaroslav Grosu gaur egun “Faseen arteko Fenomenoak eta Bitarteko Porosoak” izenekoaren Group Leader-a da CIC energiGUNEn, eta “Ranking of the World Scientists 2021” delakoan aipatutako euskal zentroko sei zientzialarietako bat da. Ranking hori, Stanfordeko Unibertsitateak eta Elsevier argitaletxe akademikoak, munduan eragin handiena duten zientzialariak nabarmentzeko, urtero egiten duten ikerketa-lanerako erreferentziazko argitalpen globala da. Grosu doktoreak leku garrantzitsua du zerrenda horretan Fisika Aplikatuaren eremuan.

Yaroslav Grosuren ibilbidea CIC energiGUNEn 2015. urtean hasi zen, Postdoctoral Researcher gisa aldi baterako kontratua egin zitzaionean. Hortik aurrera, Biltegiratze Termikoko Arloan hasi zen lanean, gaur egun betetzen duen Taldeburu lanpostura heldu arte. Aurretik, Grosuk doktorego-ikasketak egin zituen Blaise Pascal Unibertsitatean, baita Ukrainako Kyiveko Unibertsitate Tekniko Nazionalean ere. Nazioarten ikerketan duen esperientzia leku hauetan jaso du: Davis-eko Kaliforniako Unibertsitatean, Birmingham-eko Unibertsitatean, Nanoteknologia Iberiarreko Nazioarteko Laborategian eta Erromako Sapienza Unibertsitatean. Bere ibilbidean zehar 75 argitalpen zientifiko eta 2 patente egin ditu, eta 1.000 aipamen baino gehiago izan ditu azken 5 urteetan. Bere lana nazioarteko 40 konferentziatan aurkeztu da.

Estatuko Ikerketa Agentziak ezartzen duenez, “Ramón y Cajal” diru-laguntzen helburua Estatuko I+G zentroetan ibilbide nabarmena duten ikertzaile nazionalak eta atzerritarrak sartzen laguntzea da. Hautaketa, hautagaien norgehiagoka-prozesu zorrotzean oinarritzen da, haien curriculum-merituetan eta ikerketa-ildo bat gidatzeko duten gaitasunean oinarrituta, betiere esperientzia zientifikoa eta profesionala eta euren ibilbidearen independentzia kontuan izanda.

Partekatu

Beste berri batzuk