Zazpi enpresa aurkeztu dira Euskadiko Parke Teknologikoen Sarearen K·business ekimenaren edizio berrian

Albisteak, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, K·business, Konpromisoa

Creativitic, IES Diagnostics, Innomy Biotech S.L., Miaker Developments, S.L., Polikey Polymers S.L., Powerfultree eta Zenialabs Automation Intelligence, S.L. dira azken hilabeteotan Parke ekosisteman ezarri diren eta euren produktuak eta zerbitzuak ezagutzera eman dituzten erakundeetako batzuk

Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak azken seihilekoan parkeetan ezarri diren enpresa-taldeko zazpi erakunde berri aurkeztu ditu K·business Ongi Etorri topaketan. Creativitic, IES Diagnostics, Innomy Biotech S.L., Miaker Developments, S.L., Polikey Polymers S.L., Powerfultree eta Zenialabs Automation Intelligence, S.L. enpresa berriak modu laburrean aurkeztu, eta haien jarduerak, produktuak eta zerbitzuak azaldu dituzte negozioa gauzatzeko baliozko kontaktuak bultzatzeko Euskadiko Parke Teknologikoen Sarearen barruko eta kanpoko erakundeen artean egiten den topagune horretan.

Orain arte, topaketa horien 13 edizio egin dira, eta 400 erakundek hartu dute parte. Alde biko 300 bilera baino gehiagok merkataritza-akordio ugari sortu dituzte.

K·business Euskadiko Parke Teknologikoen Sarearen Networking zerbitzua da, eta Parke enpresei inguruko beste enpresa eta eragile batzuk ezagutzen eta haiekin harremanetan jartzen laguntzea du helburu, lankidetzan aritzeko eta negozioa gauzatzeko aukerak identifikatuz eta sortuz.

K·business zerbitzua Euskadiko Parke Teknologikoen Sarearen BEParke ekimenaren barruan dago. Ekimen horren helburua enpresa-proiektuen beharrak asetzea da, zerbitzu espezializatuen katalogo berriaren bidez. Horrela, Neworking K·business zerbitzuaz gain, Parke markak beste lau zerbitzu berri ditu: K·talent, K·impulse, K·future eta K·media, enpresaren, lanbidearen eta norberaren garapena bultzatzeko pentsatuta: https://parke.eus/es/ecosistema-de-negocio /

Aurkezpenak eta aldebiko topaketak

Online ekimenak enpresa bakoitzaren aurkezpen-txanda bat izan du, eta, inskribatutako erakundeen arteko harremana, lankidetzarako aukerak eta negozio-garapena errazteko aldebiko topaketa ugari ere jaso ditu.

Creativitic (Arabako Teknologia Parkea) teknologia murgiltzaileetan espezializatuta dago, errealitate hedatuan (areagotua/birtuala/mistoa) eta “metabertsoan”, industria-, osasun- eta prestakuntza-arloetako soluzioekin eta produktuekin.

IES Diagnostics-ek (Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkea) ezagutza biomedikoa hurbiltzen dio gizarteari, diagnostiko berritzaileenak eskainiz eta pertsona guztientzat ulergarriak diren emaitzak emanez.

Innomy Biotech S.L. (Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkea) ehun fungikoa erabiliz haragiaren antzeko produktuak garatzen dituen enpresa da.

Miaker Developments S.L.-k (Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkea) aholkularitza zientifikoa eta CRO zerbitzu aurreklinikoak eta klinikoak eskaintzen ditu gaixotasun neurodegeneratibo eta neuromuskularretarako produktu terapeutikoen garapena bizkortzeko.

Polykey Polymers S.L.-k (Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkea) prozesu eta material berriak eskaintzen dizkie polimeroen industriei, ekonomia zirkularra garatzeko eta jasangarritasuna handitzeko.

Powerfultree (Arabako Teknologia Parkea) parke nekazaritzakoak-voltaikoak, karbono gutxiko energia-sorkuntzaren kontzeptu berria, proiektatu, diseinatu eta garatzen dituen enpresa da. Parke horietan nekazaritzako ustiategiak eta parke fotovoltaikoak konbinatzen dira.

Zenialabs Automation Intelligence S.L.-k (Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkea) ingurune konplexuetako zereginak sinplifikatzea eta automatizatzea ahalbidetzen duten soluzio teknologikoak eskaintzen ditu, garapen propioak funtsezko hiru teknologiarekin bateratuz: SoC eta abiadura handiko hardwarea, Ikuspegi eta Adimen artifiziala eta komunikazio sendoak.

Partekatu

Beste berri batzuk