Ziur al gaude 8 urterekin hartzen ditugun erabakiez?

Albisteak, Gipuzkoa

Esperimentu baten bidez proban jarriko dute Lehen Hezkuntzako 3., 4. eta 5. mailako haurren gaitasun metakognitiboa

Ziur al gaude 8 urterekin hartzen ditugun erabakiez? Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) (BCBL) ikerketa zentroak ikasturteari hasiera eman dio bere JuniorLab laborategian, Gasteizko Karmeldar Jesusen Bihotza ikastetxean, eta haurrek parte hartuko duten ikerketa-proiektu berriak jarri ditu abian, gure metakognizio zein prozesu mentalei buruz hausnartzeko gaitasunaren inguruko ezagutzan sakontzeko helburuarekin.

Lehen Hezkuntzako 3., 4. eta 5. mailako ikasleek jokabide-esperimentu batean parte hartuko dute abendura arte. Esperimentua ikusmen-diskriminazioko ataza erraz batean datza, haurren gaitasun metakognitiboa behatzeko.

«Ordenagailu baten pantailan, irudi bateko lerroak ezkerrera edo eskuinera bideratuta dauden identifikatu beharko dute ikasleek. Lehenengo, bakarka egingo dute zeregina, gero bikoteka, eta, azkenik, bakarrik berriro. Erabaki bakoitzean beren segurtasun-maila ebaluatzeko eskatuko diegu haurrei, metakognizioaren funtsezko neurria izanik», azaldu du BCBLko Kontzientzia  taldeko Francisca Campos Matías ikertzaileak.

Ezaugarri horrek hezkuntza-onura garrantzitsuak izan ditzake, hala nola ikasteko   autonomia handitzea eta errendimendu akademikoa zein ikasitakoa egoera berrietan erabiltzeko gaitasuna hobetzea.

«Adibidez, akats bat egin dugula aitortzeko, zerbait garrantzitsua ahaztu dugula ohartzeko edo geure ezagutzan dugun konfiantza balioesteko balio digu. Gure azken helburua metakognizio hori entrenatu dezakegun egiaztatzea da, ikaskuntza hobea sustatzeko asmoz», gaineratu du ikertzaileak.

Partekatu

Beste berri batzuk