[:eu]Araba eta Donostiako Parke Teknologikoetako zuzendari berriak
Jose Manuel Nogales eta Lucio Hernando Araba eta Donostiako Parke Teknologikoetako zuzendari berriak, hurrenez hurren
Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko presidentea den Francisco Berjonek Arabako eta Donostiako Parke Teknologikoen zuzendari berriak izendatu ditu irailaren lehen egunean: Jose Manuel Nogales da Arabako Parke Teknologikoko Zuzendari berria eta Lucio Hernando berriz, Donostiako Parke Teknologikokoa. Bizkaiko Parke Teknologikoaren Zuzendaritzan ez da aldaketarik egongo, beraz Txaber Ourok jarraituko du zuzendari izatean.
Jose Manuel Nogales LEIA Fundazioan aritu da lanean azken hamairu urteetan; Arabako Parke Teknologikoan kokatutako Zentro Teknologiko honetan egindako ibilbidean zehar, hainbat betebehar izan ditu, besteak beste Ikerketa Emaitzen Transferentzia Bulegoko zuzendaria eta Marketing zuzendaria izan da. Bere jarduneko ikerketa ildoak, Ezagutzaren Kudeaketa, Teknologia Zaintza, Teknologia Prospektiboa, Teknologiaren Hedapen eta Transferentzia eta I+G Marketinga izan dira.
EHUtik Ingeniari Tekniko Industriala eta Ingurumenaren Kudeaketan Masterra, eta Kataluniako UOC unibertsitatetik berriz Informazioaren eta Ezagutzaren Gizartean Masterra eta Ikerketa eta Merkatu Teknikatan Lizentziatua da Jose Manuel Nogales.
Lucio Hernando Ingeniari Teknikoa eta Nazioarteko Merkataritzan goi mailako teknikaria da. Bere ibilbide profesionalean Prestakuntza eta Giza Baliabideekin lotutako jardueratan aritu da; besteak beste, ASCODEL Fundazioko idazkariorde nagusi izan da, baita UVESCO taldeko Giza-baliabide burua eta Lanbide Berrien Euskal Erakundeko zuzendari-kudeatzailea ere (Gipuzkoako Ostalaritza Eskola). Azken bost urteetan CCOO sindikatuan aritu da, Giza-ekimeneko Zentruen Sektorearen arduraduna izan da, Irakaskuntza Federazioaren barruan eta baita Prestakuntza ez arautuaz ere, Gipuzkoan.
ARABAKO PARKE TEKNOLOGIKOA
Egun 110 enpresa daude Arabako Parke Teknologikoan kokatuta, besteak beste Telekomunikazio, Informatika, Elektronika, Aeronautika, Energia, Ingurumena edota Bioteknologia-Osasuna sektoreetako enpresak. 3.300 pertsonatik gora daude bertan lanean. Arabako Parke Teknologikoan biltzen da lurralde historiko horretan egiten den Ikerketa eta Garapenaren erdia baino gehiago, eta azpimarratzekoa da lurralde horretako enpresen I+G unitate eta Zentro Teknologiko gehienak bertan kokatuta daudela.
DONOSTIAKO PARKE TEKNOLOGIKOA
Donostiako Parke Teknologikoan 65 enpresa daude kokatuta egun, gehienak Informazio eta Komunikazio Teknologiak, I+G Zentruak, Medikuntza eta Bioteknologia, Zerbitzu Aurreratuak eta Elektronika sektorekoak, eta enplegu zuzena ia 3.000ra iristen da, hauetatik erdia baino gehiago unibertsitate titulua duten pertsona dira eta %24ak Ikerketa eta Garapeneko jardunak egiten dituzte.
EUSKADIKO PARKE TEKNOLOGIKOEN SAREA
Euskadiko Parke Teknologikoen Sarea lau parkek osatzen dute: Arabakoak, Bizkaikoak, Donostiakoak eta Garaia Berrikuntza Guneak. Guztira 403 enpresa daude Euskadiko Parke Teknologikoetan kokatuta eta ia 14.000 pertsonak lan egiten dute bertan.
Euskadiko Parke Teknologikoen helburu nagusiak honako hauek dira:
– Teknologikoki aurreratuak diren enpresak kokatzeko, kalitatezko eta balio erantsi handiko espazioak eskaintzea.
– Teknologia eta ezagutzaren transferentzia sustatzea.
– Oinarri teknologikoko enpresa berrien sorrera eta garapena bultzatzea.
– Enpresa, zentro teknologiko eta unibertsitatearen arteko lankidetza sustatzea.
– Berritzailea eta oinarri teknologikodun enpresa garapena laguntzea.