Gipuzkoak hondakin elektronikoetatik abiatuta balio handiko lehengaiak birziklatzearen alde apustu egin du

2021 > Gipuzkoak hondakin elektronikoetatik abiatuta balio handiko lehengaiak birziklatzearen alde apustu egin du

Ceit zentro teknologikoak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak ekonomia zirkularrari buruzko lankidetza-hitzarmen berria sinatu dute lur arraroetatik eratorritako elementuak berraprobetxatzeko

Honelako lehengaietan Europak Asiarekin duen mendekotasuna murriztea da akordio honen helburuetako bat 

Proiektuak ingurumenarekiko errespetuan oinarritutako birziklatze-prozesu aurreratua garatzearen bideragarritasuna ikertuko du 

Lur arraroetatik eratorritako elementu kimikoek funtsezko propietateak dituzte industria teknologikorako eta hainbat produktutan erabiltzen dira: mugikorretan, ordenagailuetan, etxetresna elektrikoetan, ibilgailuetan, medikuntza arloko balio handiko gailuetan eta, oro har, komunikazio, elektronika, automobilgintza eta medikuntza sektoreetan.

Txinak lehengai mota horren erreserben herena du eta lur horietatik eratorritako oxidoen esportatzaile nagusia da. Honek ziurgabetasuna eta merkatuko lurrunkortasuna eragiten ditu, baita Asiako herrialdearekiko mendekotasun handia Europari dagokionez. Gainera, elementu horiek birziklatu eta berraprobetxatzearen alde pustu egitea giltzarrizkoa da ingurumena hobetzeko, Ekonomia Zirkularra sustatzeko eta Klima Aldaketa murriztu eta honetara egokitzeko.

Testuinguru honetan, Basque Research & Technology Alliance (BRTA) deritzonari atxikitako Ceit zentro teknologikoak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuak ekonomia zirkularraren aldeko elkarren arteko apustuaren barruan sinatu duten lankidetza-hitzarmen berriari esker, ingurumenarekiko errespetuan oinarritutako birziklatze-prozesu aurreratua garatu ahal izango da mendekotasun hori murrizteko eta lur arraroen multzoari dagokion neodimioa (Nd) deritzon elementu kimikoaren birziklatze aurreratua egiteko, hainbat gailu elektronikotako hondakinetan dauden imanetatik abiatuta.

Zehazkiago esanda, proiektu honen bidez, disolbatzaile organikoak eta ingurumenarekin adeitsuagoak diren beste konposatu kimiko batzuk (likido ionikoak, adibidez) erabiltzearen bideragarritasuna aztertuko da, prozesu solvometalurgiko batean Nd-a eta Disprosioa (Dy) oxido moduan, % 98tik gorako purutasunarekin eta prozesuko errendimendu handiaz erauzi ahal izateko.

Akordioa Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostian duen egoitzan sinatu dute gaur José Ignacio Asensio Ingurumeneko Diputatuak, Antonio González Ceit-eko Zuzendari Kudeatzailea eta Enrique Aymerich CEIT-en Ur eta Osasun arloko arduradunak.

Ekonomia zirkularraren eta iraunkortasunaren aldeko apustu irmoa

Ceit-ek esperientzia zabala du ekonomia zirkularrari lotutako proiektuen garapenean; adibidez, makina elektrikoen hondakinetan dauden material magnetikoen berreskurapenean, iman birziklatuak sortzeko eta, horrela, beste herrialde batzuekiko mendekotasuna murrizteko. Proiektuak urtebeteko iraupena izango du eta Uraren eta Hondakinen ikerketa-taldeak garatuko du, Ceit-eko Materialen eta Fabrikazioaren arloko material magnetikoen adituen lankidetzaz.

Hitzarmenak eginkizun jakin batzuk ezarri ditu. Lehenik eta behin, imanak birziklatu eta lur arraroetatik eratorritako elementuak berreskuratzeari buruzko ikerketaren egungo egoera aztertuko da, elementu horien birziklatze aurreratuan erabiltzen diren prozesu hidrometalurgiko eta solvometalurgikoak barne. Jarraian, prozesu solvometalurgiko batekin esperimentatzeko behar diren elementuak zehaztuko dira, eta azkenik, Neodimio (NdFeB) imanak laborategi mailan birziklatzeko aldez aurreko probak egingo dira, emaitzak aztertuz era etorkizuneko jardunbideak zehaztuz.

Era berean, proiektuan zabalkunde-lana egitea ere aurreikusi da, teknologia hau lortu nahian dabiltzan enpresa gipuzkoarrak inplikatzeko asmoz. Horietako bat da Metal-78 deritzon Ceit-en spin-off-a, automobilgintzako katalizatzaileetan dauden metal preziatuen birziklapenean diharduena.

Alderdi horiek guztiak eta Europak ekonomia zirkularraren alde egin duen apustu irmoa kontuan harturik, behar-beharrezkoa da hondakinen sorkuntzatik eratorritako baliabideen berraprobetxamendua susta dezaketen ikerketa-proiektuak abian jartzea.

Zehazkiago esanda, Europan aparatu elektronikoen 12 milioi tona hondakin (RAEE) sortzen dira urtea, eta horietan, iman iraunkorrek eta bestelako osagaiek bildutako lur arraroetako elementuak daude. Europar Batasunak lehentasunezkotzat jo du horien birziklapena. Izan ere, hondakin elektroniko horietan dauden neodimio imanak lur arraroetatik eratorritako elementuen merkatuaren % 80aren % 38a irudikatzen dute, eta ondorioz, aukera bikaina eskaintzen dute birziklapenari dagokionez. Orain arte, hainbat aukera aztertu dira lan hori egiteko; besteak beste, Ceit-ek garatuko duen prozesu solvometalurgikoa, lur arraroetatik eratorritako elementuak kalitate handiko birziklapen baten bitartez eta oxido moduan berreskuratzea helburu duena.