Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeak 5.000 langileren eta 140 enpresaren muga gainditu du 25. urteurrenean

Gaur egingo du ospakizun-ekitaldia, Gipuzkoako eta Euskadirako espezializazio estrategikoko sektoreetan okupazioaren % 98 lortuta.

 

Gipuzkoako Zientzia eta teknologia Parkeak gaur, urriaren 22an, 25. urteurrena ospatzen du, enplegu-zifra bikainak lortuta: BioZientzietan eta Osasunean, Informazio eta Komunikazio Teknologietan eta Energia eta Ingurumen arloetan espezializatutako 140 enpresaren instalazioa eta 5.063 langile. Besteak beste, 1.118 milioi euroko fakturazioa dute eta I+G arloan 141 milioi inbertitzen dute.

Ospakizun-ekitaldia instalazioen egoitza nagusian egingo da, eta bertan izango dira honako hauek: Eusko Legebiltzarreko presidentea, Bakartxo Tejería; Gipuzkoako ahaldun nagusia, Markel Olano; Garapen Ekonomiko eta Azpiegituretako sailburua, Arantxa Tapia; eta Donostiako alkatea, Eneko Goia.

Hala, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkea Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko parte da, eta Gipuzkoan eta Euskadin industria teknologikoko erreferentzia nagusietako bat bihurtu da, polo ekonomiko erakargarria; eta enpresek kalitateko espazioak eskatzen dizkiote ingurune naturaletan, proiektuak abiarazteko edo zabaltzeko. Horren adibide da gertakari hau: 25 urteotan 12 eraikin eraiki behar izan dituzten arren, gaur egun horien okupazio-ehunekoa % 98koa da, hau da, beteta daude, eta Parkeko lursailak estalita daude dagoeneko.

Miramonen euskal kapitaleko enpresak daude, benetako protagonistak, baina atzerriko inbertsioaren sarrera-ate nagusietako bat bihurtzen ari da. Edonola ere, jatorriari leial izanik, Gipuzkoako Parkea ekintzaile teknologikoentzako kokapen gogokoenetakoa da oraindik ere. Horren adierazgarri da enpresen % 40 bertako inkubazio-prozesuetatik sortu izana.

Eta batez ere, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkea pertsonentzat sortutako lekua da, bertan lan egiten dute bost mila lagunek baino gehiagok, haien erdiak goi mailako tituludunak dira, % 12 doktoreak, ia bi mila I+G arloan ari dira lanean, eta handik, haien gaitasunari esker, Estatura iristen diren Europako funtsen % 4,24 inguru lortzen da.

Ez da kasualitatea Parkean egotea 140 enpresez gain, enpresa-finantzaketako erakundeak, orain Basque Research & Technology Alliance (BRTA) partzuergoan txertatuta dauden Zientzia eta Teknologia Sareko zentro eta eragileak, lurralderako eta Estaturako estrategikoak diren sektoreetako klusterrak, Gipuzkoako enpresa-elkartea, enpresa-inkubategiak, Oinarrizko eta Bikaintasunezko Ikerketa Zentroak, berrikuntzari eta talentuari babesa emateko eragileak…

Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkea 1994 urtean eraiki zen, Donostiako Udal Aurrezki Kutxak, gaur egun Kutxabank denak, sustatuta, eta horrekin bat egin zuten bazkide gisa Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak. Donostiako Parke Teknologikoa, gaur egun, Eibarreko eta Galarretako campusak atxikita eta Parkean Nafarroako Unibertsitatea ezarrita, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkea dena, Miramonen jarri zen, 130 hektareako eremuan, eta horietatik 65 parke naturala ziren eta dira. Miramonen zeuden lehendik Ibermática, lehengo San Miguel Patronatua, gaur egun Eureka Zientzia Museoa, Euskal Telebista, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Arbide dorreak eta Gipuzkoako Poliklinika. Makina-erremintaren AFM Elkartea izan zen Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean instalatu zen lehen enpresa, eta Manuel Cendoya haren lehenengo zuzendari nagusia.

Industriaren eta enpresen garapenerako funtsezko tresna gisa 25 urte igaro ondoren, Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak 2017-2020ko Plan Estrategikoa jarri zuen abian, I+G+b arloan nazioarteko erreferentzia gisa sendotzeko eta horretarako, berrikuntzari laguntzeko ekosistema bat sortu du; hain zuzen, ekosistema hori da, herrialde osokoetatik, zientzia eta teknologiaren arloan ezagutzaren eta talentuaren kontzentraziorik handiena duena.

Plan Estrategikoaren garapenean, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean jarduera hasi du Cidetec Fundazioaren instalazio industrial berriak. Hori izango da zentro teknologikoan gainazaleko ingeniaritzan arituko den dibisioaren zentro nagusia. Hala, Grapheneak egoitza inauguratu du, urtean tona bat grapheno inguru ekoizteko gaitasunarekin, eta Viralgen-en instalazioak estreinatu dira; bertan aztertuko dituzte gen bakarreko DNA sekuentzian mutazioz edo nahasmenduz sortutako herentziazko 150 gaixotasun inguru.

Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeak 2017-2020 Plan Estrategikoa amaitzear du A.2.1 eraikina egiteko lanekin. Ekodiseinuan oinarritutako arkitektura-blokea da eta 4.0 industriarako prototipoak fabrikatzeaz arduratzen diren enpresa-proiektu berriak jasoko ditu. 8.784 metro koadro izango ditu, eta dagoeneko okupazio-demanda % 80 ingurukoa da.