BioSpain 2012n azpimarratu da Espainiako bioteknologiaren sektoreak estrategia politiko sendoa behar duela

Gipuzkoa

Asturiasko Printzeak standen erakusketa komertziala bisitatu du Bioteknologiaren Nazioarteko 6. Topaketan

Eusko Jaurlaritza, 2012/09/19

Dagoeneko 1.360 parte-hartzaile erregistratu dira, aurreko edizioan baino %14 gehiago, eta %17raino iristea espero da.

  • Orain arte edizio honetan 761 enpresak parte hartu dute, horietatik 210 nazioartekoak (ia %30).
  • Espainiak berriro baloratu behar du Horizon 2020 programan duen parte-hartzea, jomugatzat herrialde lehiakorrenak aukeratzeko (adibidez, herrialde gonbidatua den Erresuma Batua) eta bere ekintza plana programa global batera orientatzeko.
  • Eusko Jaurlaritzak ofizialki aurkeztu du bioteknologien eta biozientzien sektoreko 30 euskal enpresa bioteknologikok osatutako bioklusterra (mota honetako 70 enpresa daude eskualde osoan).

 

“Euskaditik mezu bat zabaldu nahi dugu Espainiako ekonomiaren eta lehiakortasunaren egoera aldatu nahi duten guztientzat”, adierazi du Regina Revillak, Espainiako Bioenpresen Elkarteko (ASEBIO) presidenteak, BioSpain 2012 (www.biospain2012.org), Bioteknologiaren Nazioarteko 6. Topaketaren inaugurazio prentsaurrekoan. ASEBIO patronal bioteknologikoak antolatzen du bi urterik behin egiten den ekitaldi hau eta aurten Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatearen (SPRI) laguntza izan du. “Estatuko sektore bioteknologikoak estrategia politiko sendoa behar du, eta behar adinako baliabideak behar ditu”.

Ikerketa, berrikuntza eta lehiakortasuna bultzatzeko Europako inbertsio programa handienaren, hots, Horizon 2020 Estrategiaren erronka handiak izan ditu hizpide ASEBIOko presidenteak. “Espainiak berriro baloratu behar du Horizon 2020 programan duen parte-hartzea, jomugatzat herrialde lehiakorrenak aukeratzeko (adibidez herrialde gonbidatua den Erresuma Batua) eta bere ekintza plana programa global batera orientatzeko” azaldu du. “Estrategiak 80.000 milioi euroko aurrekontua du eta horiei esker jasotakoa baino itzulera handiagoak lortzea espero dugu” erantsi du. “Espainiako Estatuak aukera paregabea du Horizon 2020 programaren barruko batzordeetan duen parte-hartzea hobetzeko eta ETEen parte-hartze aktiboa sustatzeko”.

BioSpain 2012 topaketak aurreikuspen guztiak gainditu ditu 2010ean Iruñean egin zenarekin alderatuta. Hala, edizio honetan, orain arte 761 enpresak parte hartu dute eta horietatik 210 nazioartekoak dira (ia %30). Bestalde, Merkataritza Azokan 216 erakusle elkartu dira (48 atzerritarrak), 2010ean baino %29 gehiago. Azkenik, 1.360 parte-hartzaile erregistratu dira, aurreko edizioan baino %14 gehiago, eta “portzentajea %17raino igotzea espero dugu” adierazi du ASEBIOko presidenteak.

Merkatuan produktuak dituzten bost euskal talde bioteknologiko

Prentsaurrekoan izan da baita ere Juan Goicolea, Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza eta Teknologi sailburuordea. BioBasque 2010 estrategiaren arrakastaz hitz egin du eta adierazi du BioBasque 2020n jarrita dutela begirada. Sailburuordeak esan duenez, “gure ekonomiak eta klusterrean lan egiteko moduak ezin zituen bazterrean utzi bioteknologia eta biozientziak”. “Bi urte daramatzagu kluster espezifiko batean lanean eta azoka honetan aurkeztuko dugu ofizialki”. Organismo hau 30 euskal enpresa bioteknologikok osatzen dute, eta 70 gehiago daude eskualdean. Gainera, talde horietatik bostek martxan dauzkate dagoeneko merkatura iristeko estrategiak. Bioteknologiak 3.000 lagun inguru enplegatzen ditu Euskadin. Espainian, berriz, 163.000 langile baino gehiagok dihardute bioteknologiaren sektorean eta Estatuko BPGaren %6 ordezkatzen dute ASEBIO elkarteak urtero egiten duen txostenaren arabera (2011).

Sailburuordeak azpimarratu duenez, “BioSpain 2012 Euskadin egitea aukera paregabea da guretzat, aukera ematen digulako erakusteko Euskal Administrazioak azken hamar urteotan sektore berria indartzeko egin duen apustuak eskualdean izan duen eragina eta baita ere frogatzeko apustuak sendo dirauela oraindik”. Testuinguru horretan, BioBasque 2020 estrategiaren “helburua da nabarmen handitzea biozientzien sektoreak Euskadiko ekonomiari egiten dion ekarpena”.

ASEBIOko presidente Regina Revillak prentsaurrekoan aipatu bezala, Erresuma Batua da BioSpain 2012ren seigarren edizioko herrialde gonbidatua. UK Trade and Investment erakundeko Jon Mowles bioteknologiako adituaren arabera, “David Cameron lehen ministroak urtearen hasieran bizi-zientziak garatzeko abian jarri zuen estrategia berriak erakusten du Gobernu Britainiarrak sektore hori garatzeko duen interesa. Enpresa espainiarrentzat bereziki interesgarria litzateke lankidetza handiagoa lortzea unibertsitatearen, industriaren eta Osasun Zerbitzu Nazionalaren (NHS) artean. Erresuma Batua da bizi-zientzien sektoreko enpresa espainiarrek nazioartekotzeko duten jomuga onenetako bat, I+G-ko sektoreak sarri kolaboratzen duelako hango unibertsitatearekin”.

Prentsaurrekoaren ondoren, Asturiasko Printzeak BioSpain 2012 azokako merkataritza erakusketaren instalakuntzak bisitatu ditu ASEBIOko presidente Regina Revillarekin, Estatuko Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako idazkari Carmen Velarekin eta Patxi López lehendakariarekin batera. Ondoren, ASEBIOko Zuzendaritza Batzordearekin, Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin eta Estatuko enpresa bioteknologiko garrantzitsuenetako zuzendaritza-karguekin elkartu da.

 

BioSpain, Europa hegoaldeko nazioarteko topaketa garrantzitsuena

BioSpain 2012n bi inbertsio foro antolatzen dira: tradizionala bata, non 32 proiektu aurkeztu baitira nazioko zein nazioarteko inbertsiogile adituz osatutako epaimahaiak ebaluatu ditzan; eta BIOCHEM foroa bestea, Feique eta Madrid Biocluster erakundeek antolatua eta bioteknologia industrialean zentratuko dena. Horrez gain, aldi bereko saioak antolatuko dira hainbat gairi buruz, kasu honetan ere nazioko zein nazioarteko hizlariekin. Espainiako Bioteknologia Sozietatearen (SEBIOT) Biotec 2012 kongresu zientifikoa ere bertan egingo dute, Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultatearen laguntzarekin. Ekintza horiek guztiek Europa hegoaldeko bioteknologiaren arloko nazioarteko topaketa garrantzitsuena bihurtu dute BioSpain, eta bere partnering sistemari esker eta negozioak garatzeko bilerei dagokienez, aurten munduko laugarren postua lortzea espero du sektoreko azoken artean, 4.000 one-to-one topaketa egingo direla aurreikusi baitute.

Partekatu

Beste berri batzuk