2.200dik gora ekintzaile eta entzulek protagonizatuko dute Emprende 2012 Foroaren irekiera ekitaldia BECen

Araba

More Magoak proiektu ekintzaile bat abiarazteko behar den pasioa eta ilusioa berreskuratzera animatuko gaitu inaugurazioan.
Hirugarren edizio honen helburu nagusia da ekintzaileek eta ekintzailetzako eragileek beren ahaleginak uztartu ditzatela, proiektuak hobetzeko eta ekonomia suspertzeko.
103 stand, 15 tailer eta ahozko erakusketa-jarduerak egingo dira, baina 194 parte-hartze eskaera jaso dira.

200dik gora ekintzaileren parte-hartze aktiboak eta 2.000 lagun baino gehiagoren presentziak protagonizatu dute Emprende2012 Foroaren hirugarren edizioaren inaugurazio ekitaldia, egun osoan zehar BECen ospatzen ari dena. Emprende Foroa topagune praktiko eta baliagarri bat da, non ekintzaileak elkartzen baitira negozio berriak sendotzeko eta ezagutzera emateko asmoz. Espazio horretan ekintzailetzako eragile nagusiek (inbertsiogileek eta ekintzaileek) aukera dute elkarrekin harremanetan jartzeko; izan ere, ekitaldiaren formatua ekintzaileen premiei egokituz joan da, eta hala, harrera sozial bikaina izatea lortu du.

Bere buruari artistikoki More Magoa deitzen dion José Luis Izquierdo Martínek aurkeztu du hasierako saioa; José Luis Izquierdo magoa, aurkezlea, enpresaria, gidoilaria, aktorea, hizlaria eta artikulu idazlea da eta parte-hartzaile guztiak animatu ditu beren bizitza pertsonalean pasioa eta ilusioa berreskuratzera eta pasio eta ilusio hori edozein negozio edo jardueratan aplikatzera.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburu Bernabé Undaren hitzen ostean, More Magoak bakarrizketa dibertigarri bat egin du Emprende2012 Foroari hasiera emateko. Emprende2012 Foro honen helburua da ekintzaileek eta ekintzailetzako eragileek beren ahaleginak uztar ditzatela, proiektuak hobetzeko eta ekonomia suspertzeko oinarrizko elementu bezala.

Jardunaldiaren amaieran egingo da behin betiko kontaketa, baina jada badakigu 2.000tik gora lagun bertaratu direla eta 200 bat parte-hartzaile aktibo daudela, 103 standetan banatuta daudenak. Ekitaldiaren antolatzaile den SPRI Taldeak (enpresa sareari laguntzen dion Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko sozietate publikoen multzoak) parte-hartzaileen presentzia mugatu behar izan du, 194 eskaera jaso baititu. Elevator Pitch espazioan 10 parte-hartzaile egongo dira, beren proiektuak azal diezazkieten inbertsiogile potentzialei, baina 67 eskaera jaso ziren; “Speaker Corner” ahozko azalpenen espazio komertzialean 20 ekintzailek hitz egingo dute eta beste 74 entrenatzaile profesionalekin jardungo dira ahozko azalpenak prestatzen eszenaratzea hobetzeko.

15 tailer, 103 stand eta ahozko azalpen-jarduerak

Emprende Foroa topagune praktiko eta baliagarria izan dadin, espazio guztiak ekintzaileentzat eta ekintzaileek diseinatutakoak dira, beraz, ekitaldiko antolatzaileen helburua izan da protagonisten premia guztiei erantzutea.

Emprende2012 ekitaldian 15 tailer tematiko antolatuko dira. Enpresa berriak sendotzeko ezinbestekoak diren gaiei buruzko hitzaldiak emango dira batzuetan eta balore pertsonalen garrantzia landuko da besteetan: eskuzabaltasuna, beldurra gainditzeko ausardia, arazoak erlatibizatu eta buruzkatzeko umore ona, sortzaileagoak izateko gaitasuna.

Negozio aretoa zabalik egongo da jardunaldi osoan zehar eta 100 stand baino gehiago egongo dira, non erakusleek beren proiektuak ezagutaraziko baitizkiete inbertsiogile eta balizko bezeroei.

Bi espazio daude proiektuen ahozko azalpenak egiteko: Elevator Pitch, finantzaketa bila dabiltzan proiektuentzat eta Speaker Corner, proiektuen aurkezpen espontaneoak egiteko espazio komertziala. Bada ko-ekintzailetzari eskainitako hirugarren espazio bat, beste ekintzaile batzuk ezagutzeko eta osagarriak izanez gero lankidetzak adosteko balioko duena. Era berean, aipatzekoa da Networking espazioa (kontaktu sarea zabaltzeko, balizko bezero edo laguntzak detektatzeko eta bi alderdientzat onuragarria izango den ekintza plana adosteko kolaborazioak), 50-75 lagunentzako tailer txiki bat, non ekintzaileek zukua aterako baitiete harremanetan jartzeko gaitasunari, eta 30 minutuko bizipen tailerrak non beldur eszenikoa gainditzeko tresnak aurkituko baitituzte. Amaitzeko, itxiera saioaren aurretik beste espazio bat egingo da, inbertsiogile eta ekintzaileek beren esperientziak parteka ditzaten. Tailer hau aberasteko, inbertsio proiektu handiak dituzten ekintzaileen eta proiektu apalagoak dituzten beste batzuen iritziak bilduko dira, eta finantzaketa eskuratzeko beste tresna batzuez ere mintzatuko dira.

Emprende Foroaren lehenengo edizioa 2010ean izan zen eta geroztik Euskadiko Ekintzailetzaren arloko ekitaldi nagusi bilakatu da. Emprende Foroak eboluzionatu egin du eta administrazioek ekintzaileei ematen zizkieten laguntzak erakusteko toki izateari utzi dio, ekintzaileek beren negozioak garatzeko, esperientziak partekatzeko eta adituen ezagutzak jasotzeko darabilten tresna bihurtzeko.

Partekatu

Beste berri batzuk