2.300 ikaslek ‘Ilargiari kantari’ haurrentzako ikuskizunaz gozatuko dute egunotan Miramonen

Gipuzkoako 20 udalerritako 3 eta 6 urte bitarteko ikasleak Miramonetik igaroko dira otsailaren 12tik 20ra Euskadiko Orkestraren Musika Gela hezkuntza-zikloko ekoizpen hau ikustera
Musika Gelaren 24/25 Denboraldiko bigarren programa aste honetan eta hurrengoan egingo da, 20 udalerritako 2.300 ikasle baino gehiagori zuzendutako Eskola Kontzertu ugarirekin: Altzo, Ataun, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Berrobi, Deba, Errenteria, Gabiria, Idiazabal, Lasarte, Legazpi, Lizartza, Mendaro, Oiartzun, Olaberria, Tolosa, Zarautz, Zegama eta Zestoa. Gainera, bi Musika Familian kontzertu programatu dira larunbat honetan Miramonen, eta otsailaren 2an familiei zuzendutako beste bi kontzertu ere eman ziren Gasteizko Garcia Lorca Antzokian.
Amona abeslari bati eta haren oroitzapenei jarraituz, euskal herri-musikaren hainbat melodia jorratuko dira Ilargiari kantarin, baita gizakiek ilargia lehenbizikoz zapaldu zuten garai bikaineko abesti ospetsuak ere. Mikel Cañadaren —Musika Gelaren koordinatzailearen— gidoia duen eta Ana Egiazabal aurkezleak gidatuko duen ikuskizun honetan, ganbera-talde batek Aita Donostia, Guridi, Puccini eta Morricone bezalako musikagileen lanez osatutako askotariko errepertorioa interpretatuko du. Ganbera-taldea hiru musikariz osatuta dago, eta horietatik bi Euskadiko Orkestraren kideak dira: Amaia Asurmendi (biolina) eta Igor Arostegi (perkusioa). Amaia Zipitriak osatuko du hirukotea pianoan. Horrez gain, lehendabizikoz Musika Gelan, taldeak Ainhoa Lopez de Munain gasteiztarraren ahotsaren akonpainamendua izango du.
ARTIS+, artea gizarteratzeko
Ekimen hau ARTIS+, artea gizarteratzeko proiektuaren baitan sartzen da. Euskadiko Orkestrak 2027ra arte parte hartuko du mugaz gaindiko lankidetza sustatzen duen Europako proiektu honetan, beste hainbat bazkiderekin batera, tartean, Orchestre National du Capitole de Toulouse, L’Auditori eta Bartzelonako OBC Orkestra, eta Pauko Orkestra.