3.000 eurotik gorako sariak eta erreferente handiak III. Passion for Science Congress-en
Topaketa 2026ko azaroaren 24an eta 25ean egingo da Vitoria-Gasteizko Europa Biltzar Jauregian. Hitzaldiak, aurkezpen zientifikoak, zozketak, produktuak eta parte-hartze jarduerak izango dira, doako sarrerarekin
III. Passion for Science Congress, EHU/i+Med Medikuntza Pertsonalizatuko Gelak antolatuta, 2026ko azaroaren 24an eta 25ean egingo da Europa Biltzar Jauregiko Francisco de Vitoria auditorioan. Programak 3.000 eurotik gorako sariak banatuko ditu doktoregaien ahozko aurkezpen onenentzat.
Hizlarien artean nabarmentzekoak dira Pedro Miguel Etxenique, zientziaren erreferentea eta Donostia International Physics Center (DIPC) erakundearen sortzaile eta presidentea, eta Mikel Sánchez, medikuntzaren eta praktika klinikoaren arloan erreferente aitortua. Haiekin batera, hainbat esparrutako ikertzaile eta profesionalek azalduko dute nola lotzen diren zientzia, unibertsitatea, enpresa eta praktika klinikoa, eta nola laguntzen duten ezagutzaren aurrerapenean.
Kongresuan zientziaren, industriaren eta gizartearen arteko harremana, berrikuntza eta ezagutzaren transferentzia, polimeroak, produktuen kalitatea, ikerketa translazionala, entsegu klinikoak eta praktika klinikoaren erronkak bezalako gaiak jorratuko dira. Programak hitzaldiak eta mahai-inguruak uztartuko ditu ahozko aurkezpenekin, posterrekin eta esparru akademikotik haragoko ibilbide profesionalei buruzko saioekin.
Gonbidapena komunitate zientifiko osoari zuzenduta dago: GRALak edo MALak prestatzen ari diren ikasleei, doktoregaiei, doktore aurreko eta ondoko ikertzaileei, ikertzaileei, irakasleei eta profesionalei. Lanak aurkezteko, beste ikerketa-ildo batzuk ezagutzeko, ideiak trukatzeko eta ibilbide profesional berriak aurkitzeko aukera paregabea izango da.
Eta saio batetik bestera ere mugimendua izango da: zozketak, bertaratutakoentzako produktuak eta parte-hartze jarduerak antolatuko dira, atsedenaldiez eta catering-zerbitzuaz gain. Sarrera doakoa da, baina aldez aurretik izena eman behar da passionforsciencecongress.com webgunean. Ikerketaren bat esku artean al duzu? Buruan bueltaka dabilen galderaren bat? Edo zientzia mugitzen ari diren pertsonak ezagutzeko gogoa? Ekarri zure ideiak, prestatu zure aurkezpena eta etorri zientziaz, harremanez eta ustekabez beteriko bi egun partekatzera.