3D Neurketak, aireontzien eraginkortasuna eta jasangarritasuna hobetzeko

Tekniker zentro teknologikoak metodo berritzaile bat diseinatu du aireontzien grabitate-zentroa kalkulatzeko. Oreka hobetzeko eta hegaldi-operazioak optimizatzeko aukera emango du

Aeronautika-sektoreko azken aurrerapen teknologikoak garraio-sistema adimenduna, berdea eta integratua lortzera bideratuta daude, ingurumen-inpaktua murriztuko duena eta Europar Batasunak finkatutako helburuak lortzen lagunduko duena. Helburu horien artean daude CO2 isuriak % 75 murriztea eta zarata % 65 murriztea, EBko mugikortasuna hobetzen lagunduz.

Testuinguru horretan, Tekniker zentro teknologikoak 3D neurketa-sistema berritzaile bat diseinatu du datuak lortzeko, hala nola pisua, grabitate-zentroaren kokapena edo karga, eta informazioa erabiltzeko maniobra eraginkorragoak eta jasangarriagoak lortzeko hegazkinen belaunaldi berri batean. Aireontziak tiltrotor du izena eta helikoptero baten ezugarriak eta abantailak hegal finkoko hegazkin batenarekin osatzen ditu.

Helikopteroaren eta hegazkinaren konfigurazioen artean aldatzeko aukerak sortutako egoeretan pisuen banaketa eta mugimenduaren norabidea aldatu egiten dira. Alde horretatik, hegazkinak pisatu eta orekatzeko gaur egungo sistemek bi dimentsiotan egiten dituzte neurketak, eta mugak dituzte grabitate-zentroa ezagutzeko; hori osagai kritikoa da konfigurazio desberdinen arteko trantsizio horietan, hegaldian arazorik ez izateko eta propultsio-sistemen funtzionamendua optimizatzeko.

Sentsorika- eta fotogrametria-teknologiak

Muga horien arazoa gainditzeko, zentro teknologikoak hiru dimentsiotan neurtzeko aukera ematen duen soluzio bat garatu du, bai aireontziaren grabitate-zentroa, bai posizio guztietan orekatzea. Taldeak sentsorika- eta fotogrametria-teknologiak konbinatu ditu neurketak automatizatzeko behar diren azpisistemak diseinatzeko.

Sistema osoak lortutako informazioari eta emaitzei esker, hegaldia eta maniobrak kontrolatzeko sistema aurreratuetan lan egin ahal izango da, batetik, erregai-kontsumoa, isuriak eta jardueren ingurumen-inpaktua murrizteko eta, bestetik, hegaldian zehar maniobra desegokien arriskua minimizatzeko.

Sistema, batez ere, bere konfigurazioan aldaketak egiteko aukera ematen duten aireontziak ebaluatzeko pentsatuta dago, hala nola tiltrotor motako hegazkinak, helikopteroak edo droneak, izan ere, karga-banaketak eragin nabarmena izan dezake horien portaeran, baina hegazkinetan eta ibilgailuetan ere aplika daiteke (kamioiak, lehiaketa-autoak…). Patenteen Europako Bulegoari eskatu zaio sistemaren patentea.

‘Next Generation’ aireontzia

Zentro teknologikoaren garapenak Weibalen esparruan egin dira. Teknikerrek koordinatutako Europako ekimena da Weibal eta, aurrerapen teknikoen bidez, Leonardo talde italiarra Europar Batasuneko Clean Sky 2 programaren finantziazioarekin fabrikatzen ari den Next Generation Civil Tiltrotor aireontziaren konfigurazio berri bat gauzatzen laguntzea du xede.

2023ko martxoan amaituko da Weibal eta honako hau izango da proiektuaren hurrengo urratsa: otsailean erabilgarri edukitzea Italian neurketa-sistemaren prototipoa balidazio-probak egiteko. Proiektuan DIBAL enpresak ere parte hartzen du, prototipoaren baskulen azpisistema diseinatzeaz eta fabrikatzeaz arduratuz.

WEIBAL project has received funding from the Clean Sky 2 Joint Undertaking under the European Union’s Horizon 2020 research and innovation programme under grant agreement No 886754.