400 ikasle gerturatu dira lanbide-heziketara Arabako Teknologia Parkean

Araba

Lehen edizioak izandako arrakastaren ondoren, IKASLAN ARABAk eta HETELek, Arabako Lanbide Heziketako zentroek, Arabako Teknologia Parkearekin batera gaur goizean egin dute LHko Esperientziaren II. Foroa

IMG_0651Arabako batxilergoko 400 ikaslek hartu dute gaur goizean parte LHren Esperientziaren II. Foroan. Lehen edizioak izan zuen arrakastaren ondoren, berriro bultzatu dute Ikaslan Arabak eta Hetelek, Arabako Teknologia Parkearekin batera, foro hori. Francisco Márquezek, Parkeko zuzendariorde nagusiak, eta Nicolas Sagarzazuk, Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako zuzendariak, ongietorria eman ostean, foroari galdera batekin ekin diote:   zer dakizu lanbide-heziketaren inguruan? Beren mugikorren bidez, ikasleek oinarrizko galdetegiari erantzun diote. Horren bidez, gaian sartu eta gutxi gorabehera % 70eko batez besteko enplegagarritasuna duten ikasketen modalitate horren inguruko kontzeptuak argitu dituzte.

Jarraian, SMCko Giza Baliabideetako arduradunak, Espe Freirek, eta Talleres Aratz enpresako gerenteak, Javier Balsateguik, prestakuntzan dauden ikasleak izateak haientzat zer eragin duen aipatu eta enpresek dituzten beharren berri eman diete gazteei. “Produzitzeko eskulana behar da. Hortxe dago enplegua”, aipatu du Talleres Aratz enpresako gerenteak.

BIC Arabako, Arabako Eraberrikuntza Industrialdeko, zuzendaria, David Montero,  eta TKNIKAko, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketan Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroko, zuzendaria, Iñaki Mujika, ekintzailetzarekin lotutako gaietan oinarritu dira.

Jarraian, LHko ikasleak edo ikasle ohiak diren 4 gaztek LHn izan duten esperientzia azaldu dute. Beatriz Salasek, Ingurumen Zientzietan lizentziatuak eta agrobiologian masterra duenak, dualeko modalitatean Kalitatearen Kontrolaren Azterketako eta Laborategiko zikloa ikastea erabaki zuen eta, gaur egun, Caballiton ari da lanean. “LHk neure burua berritzeko balio izan dit eta oso prestakuntza praktikoa dela ikusi dut; lan-mundura erabat bideratuta dago”, nabarmendu du.

Mireya Martín ere unibertsitatetik iritsi zen. Psikologia ikasi ostean, Ikus-entzunezkoen errealizazioko zikloa egitea erabaki zuen. “Nire bokazioa horixe zela ikusi nuen. Eta, zikloa amaitu nuenetik, etenik gabe egin dut lan. Eta 10 urte igaro dira ordutik”.

Gorka Ecenarrok egindako bidea, aldiz, alderantzizkoa da. Lehenengo, Produkzio mekanikoaren produkzioa ikasi zuen modalitate dualean Bultzakin. Kontratu mugagabea egin zioten eta Elgoibarko IHMn Ingeniaritzako karrera finantzatzeko aukera eskaini zioten (hura ere alternantzian). “Oso argi dut lan-mundura sartzeko garaian, garrantzitsuena jarrera izaten dela”, azpimarratu du.

 

Yolanda Cartónek, aldiz, ekintzailetzaren abentura azaldu du gaur goizean. Aholkularitza pertsonala ikasi eta sektorearen egoera Italian zein zen ezagutu ondoren, trebatzen jarraitu eta Irudi pertsonalaren aholkularitzako masterra egin zuen Madrilgo profesional entzutetsuekin. Haiek emandako esperientzia profesionalei eta ezagutzei esker, Asesoría de Imagen Yolanda Caral enpresa sortu zuen. “Enpresa bat sortzen duzunean, erabaki asko hartu behar duzu eta bakarrik zaude. Baina ni oso pozik nago eta, zalantzarik gabe, merezi izan du”.

BISITA ARABAKO TEKNOLOGIA PARKEKO ENPRESETARA

Arabako Teknologia Parkeak sektore ugari ordezkatzen dituzten enpresen kopuru handia biltzen du. Hori dela eta, foroa osatzeko, taldeka bisita egin dute han instalatuta dauden enpresa batzuetara: Aernnova, AEG Power Solutions,  AJL Ophtalmics, CIC Energigune, Del Valle Aguayo, LEK Ingeniería, BIC Araba, Sugar Factory eta Boutefeu. Batxilergoko ikasleek, enpresa bakoitzeko arduradun baten eskutik, arlo profesional espezifiko batek eskaintzen dituen eskakizunak eta aukerak ezagutzeko eta enpresen funtzionamendu orokorraren berri izateko abagunea izan dute.

Partekatu

Beste berri batzuk