5G Euskadi proiektua garatzen duen partzuergoak 5G errealeko teknologiako sarea hedatu du hiru parke teknologikoetan

Albisteak, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa

19 enpresa eta erakunde publiko eta pribatuk osatzen dute 5G Euskadi ekimena, eta hiru parke teknologikoetan 5G errealeko sarea hedatzeko eta gaitzeko helburua du. Horrez gainera, mugikortasunaren, energiaren, industriaren, zibersegurtasunaren eta sareko zerbitzuen inguruko produktu eta zerbitzuen garapen aurrekomertzialera orientatutako 9 erabilera-kasu atera ditu aurrera

Lankidetza publiko-pribatua beharrezkoa izan da, eta proiektua bultzatzeko funtsezko palanketako bat

Operadore askokoa: nabarmentzekoa da hiru operadorek (Euskaltel Taldea, MASMOVIL eta Orange) parte hartzen duten Espainiako 5G pilotu bakarra dela

5G Euskadi proiektua Red.es-ek onetsia da (Ekonomia eta Eraldaketa Digitalaren Ministerioko erakunde bat da Red.es), eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) bidez kofinantzatu da, Espainiako Eskualde Anitzeko Programa Eragilearen (POPE) kontura

5G Euskadi proiektua garatzen duten enpresen partzuergoak dagoeneko zabaldu du 5G sarea Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako parke teknologikoetan, Basque Cyber Security Centre (BCSC) zentroan eta Abadiñoko Gestamp lantegian, eta 5G sareak kasu errealetan dituen gaitasunen probak egiten hasi da.

Toki horietan Stand Alone 5G teknologia (5G erreala) erabilgarri izanda, 5G Euskadi proiektu pilotuaren lehenengo urrats garrantzitsua bete da; proiektua Red.es-ek onetsia da (Ekonomia eta Eraldaketa Digitalaren Ministerioko erakunde bat da Red.es), eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) bidez kofinantzatu da, Espainiako Eskualde Anitzeko Programa Eragilearen (POPE) kontura.

Partzuergoa osatzen duten enpresa eta bazkideek proiektuaren edukiaren eta egindako aurrerapenen berri emateko aurkezpen bat egin dute gaur goizean. Han izan dira Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburua, Roberto Sánchez Telekomunikazio eta Azpiegitura Digitalen Estatu-idazkaria, Estíbaliz Hernáez Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea, Ainara Basurko Bizkaiko Sustapen Ekonomikoko diputatua eta Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren ordezkaria.

Arantxa Tapiak Euskadiren bi erronka nagusiak nabarmendu ditu: digitalizazioa eta iraunkortasuna. “Prozesu guztietan sartu behar ditugu, gizartearen, ingurumenaren eta ekonomiaren ikuspegitik jasangarria izango den eredu ekonomiko bat lortzeko eta, horrela, trantsizio hirukoitzari arrakastaz ekiteko”. Parte hartu duten eragileekin egindako topaketan, 5G Euskadi proiektuaren aurrerapena baloratu du, eten digitala murrizteko eta, horrela, gizarte-kohesioari laguntzeko urrats gisa.

Aurkezpena Aeronautikako Fabrikazio Aurreratuko Zentroan (CFAA) egin da, zeina Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Aeronautikako Fabrikazioko Enpresa Elkarteak sustatua baita.

19 enpresa eta erakunde publiko eta pribatuk osatzen dute 5G Euskadi ekimena, eta hiru parke teknologikoetan 5G sarea hedatzeko eta gaitzeko helburua du. Horrez gainera, mugikortasunaren, energiaren, industriaren, zibersegurtasunaren eta sareko zerbitzuen inguruko produktu eta zerbitzuen garapen aurrekomertzialera orientatutako 9 erabilera-kasu atera ditu aurrera.

Nabarmentzekoa da hiru operadorek (Euskaltel Taldea, MASMOVIL eta Orange) parte hartzen duten Espainiako 5G pilotu bakarra dela. Hain zuzen, enpresetako ordezkariek, besteak beste, operadore askok parte hartzearen alderdia azpimarratu dute ekimenaren indargune eta alderdi bereizgarri gisa.

Saio praktikoa

Proiektuaren barruan garatzen ari diren 9 erabilera- eta aplikazio-kasuetako batzuk azaldu dira saioan. 5G teknologiak hainbat bertikal eta sektoretan duen potentziala aztertu nahi da aplikazio horien bidez, eta, halaber, 5G teknologiak gizartearen digitalizazioa eta enpresen lan egiteko modua eta funtzionamendua bilakarazteko duen eragina ere aztertu nahi da, hala, enpresak eraginkorragoak eta berritzaileagoak izan daitezen.

Aldi baterako enpresa-elkarteko enpresek azaldu dituzte hautatutako erabilera-kasuak. CEITeko Igone Vélez errealitate areagotuari buruz aritu da. Mantentze-lanetarako eta instalazio elektrikoak konpontzeko urrutiko laguntzarako sistema bat garatzen ari dira zentro teknologiko horretan. Horretarako, indoor estaldura eman zaio Iberdrolak Zamudion duen azpiestazio elektriko bati. Ertzeko konputazioari (mobile edge computing) eta latentzia ultrabaxuko komunikazioei esker, langile batek kontrol-zentro batean dagoen aditu baten laguntza jaso dezake errealitate areagotuaren bidez.

Elektrizitate-sarea digitalizatzeari ekin dio Iberdrolako Ignacio Martinek, herritarrentzako funtsezko zerbitzua lortzeko ezinbesteko elementu gisa, baita eremu isolatuetan ere, eta enpresa elektrikoa 5G estaldura hedatzeko gaitzaile gisa nola erabiltzen den azaldu du.

Igor López Orbek, CAFeko ordezkariak, mugitzen ari diren ibilgailuen mantentze-lanak 5G bidez egiteko erakustaldiari buruzko azalpenak eman ditu. Erabilera-kasu horrekin, fase oso aurreratuan, 5G teknologiak ibilgailuen monitorizaziorako eta haien kondizioak prozesatzeko duen potentziala ebaluatu nahi da, mantentze prediktiboko teknika eraginkorragoak garatu ahal izateko. Zehazki, 5G teknologiak latentzia baxuan eta banda-zabalera altuan ingurune mugikor batean dituen transmisiorako aukerak eta ertzeko konputazioa 5G operadorearen sarbide-sarean ustiatu nahi dira erabilera-kasu horretan.

Basque Cyber Security Centre (BCSC) zentroak funtsezko elementutzat hartzen du zibersegurtasuna, hainbat fasetan, eta zentro horretako ordezkariak, Iratxe Martín Sorianok, azalpenak eman ditu. 5G sareei eragin diezaieketen mehatxu nagusiak identifikatzea izan da proiektuaren oinarria, eta arreta berezia jarri da pilotuko erabilera-kasuetan.

Biki digitalak Gestamp enpresan

Azkenik, Industria 4.0 kasu baten erakustaldia in situ egiteko unea iritsi da. Gestamp enpresak zuzendutako kasuaz ari gara, 5G indoor estaldurarekin planteatua Gestampen ekoizpen-instalazioetan, Abadiñon.

Lantegi adimenduna lortzeko bidean aurrera egiteko helburua izanda, kritikoa da teknologia gaitzaile berritzaileen (esate baterako, 5G eta funtzio berrietarako erabiltzeko aukera) inguruko ezagutza sortzea.

Proiektu honen helburua da une bakoitzean erabakiak hartzeak izan ditzakeen arriskuak aurreikustea eta aldez aurretik ebaluatzea. Horretarako, biki digital bat sortzen ari dira benetako ekoizpen-instalazio bateko CFAAn. Bikian simulatuko dira ekintzak, eta han ikusiko dira ondorioak. Hala, mundu errealean aplikatuko diren edo aplikatuko ez diren aukerak planteatuko dira, erabakiak hartzeko prozesua ahalik eta eraginkorrena izan dadin.

Gestamp enpresaren erabilera-kasuan, gaur egungo teknologia aurreratuenak (IIoT, biki birtualak, machine learning, etab.) 5G teknologiaren bidezko konexio mugikorrekin integratu nahi dira industria-inguruneetan, fluxuen eraginkortasuna eta malgutasuna eta materialen biltegiratzea hobeak izan daitezen, aurreko teknologiekin lortutakoen aldean.

EHUk Smart Networks for Industry (SN4I) azpiegituraren inguruan prestatu dituen erakustaldietan, industriako ekipamendu baten esfortzua eta bibrazioak nola monitorizatzen dituzten erakutsiko dute; soluzio komertzial bat proiektuko 5G ekosisteman integratu dute, eta sentsoreetako datuak ingurune birtualizatu batean igortzen eta prozesatzen dituzte.

Lankidetza publiko-pribatua

5G Euskadi proiektu pilotuan diharduten enpresa eta erakundeentzat teknologia hori funtsezko palanka bat da berrikuntzarako, ekonomiako sektore traktoreak eraldatzeko gaitasun handia du, eta, Francisco Javier Atero 5G Euskadi aldi baterako enpresa-elkarteko presidenteak adierazi duenez, “lagungarria izan daiteke negozio-eredu berriak sortzeko, prozesuen eraginkortasuna areagotzeko eta gure bezeroekiko harreman-eredu berriak aurkitzeko eta ezartzeko. Laburbilduz, lagungarria izan daiteke hazkunde ekonomikoa eta enplegu-sorrera bultzatzeko eta ekoizpena eredu askoz jasangarriago batera aldatzeko prozesua bizkortzeko.

Bestalde, David del Campo aldi baterako enpresa-elkarteko gerenteak pilotuen bi helburu nagusi nabarmendu ditu. Alde batetik, “pilotuetan lan egiten dugun guztiok, gure enpresa, zentro teknologiko eta erakundeetatik, jaso dugun ezagutza eta esperientzia Euskadiko enpresa-ehunera zabaltzeko lan egingo dugu; eta, beste alde batetik, pilotuetan parte hartu nahi duten enpresei sartzeko aukera emango diegu eta parte har dezaten bultzatuko, eta haien eskura jarriko ditugu gaitutako azpiegitura, eta erabilera-kasua ebaluatzeko ezagutza eta ekipamenduak, hala proiektuak aberasteko”.

Iragarri duenez, mugikortasunaren inguruko kasuei dagokienez, pare bat astean “Donostiako autobus-linea erabilienetako bateko (28. linea) ibilgailuetan 5G zerbitzua izango dugu, eta, horri esker, abiadura-ahalmen inkrementalak eskaini ahal izango dira. Hala, ibilgailuetan doazen erabiltzaileek beren gailu mugikorretatik eskatzen dituzten ikus-entzunezko edukien erreprodukzio-kalitatea handiagoa izango da”.

Roberto Sánchez Telekomunikazio eta Azpiegitura Digitalen Estatu idazkariak eman dio amaiera ekitaldiari, 2022ko aurrekontuetan 600 milioi euro sartuko direla iragarriz, “5G sareen hedapena bizkortzeko, gure gaitasun zientifiko-teknologikoak indartzeko I+G deialdiak gehituz”. Parte hartu duten enpresak zoriondu ditu 5G pilotuaren aurrerapen handiagatik, eta zibersegurtasunaren esparrua nabarmendu du teknologia honen garapenean gako gisa.

5G Euskadi

5G Euskadi pilotua, duela urtebete abiarazi zena, 5G teknologiako Proiektu Pilotuen Bigarren Deialdian sartzen da; deialdi hori Red.es erakundeak bultzatzen du, Ekonomia eta Eraldaketa Digitalaren Ministerioko 5G Plan Nazionalaren eta Lurralde Adimendunen Plan Nazionalaren barruan. 30 hilabete iraungo ditu, eta 7,1 milioi euro inbertituko dira; Red.es erakundeak 2,2 milioi euroko diru-laguntza eman du, Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren bidezko kofinantziazioan.

Enpresa, berrikuntza-zentro eta erakunde publikoen ekosistema bat sortu da pilotua garatzeko, eta proiektua baterako erronka bat izango da haientzat guztientzat. Alde batetik, UTEko bazkideak dira CAF, CEIT-Elkartea Zentro Teknologikoa, D-bus, Datik, Euskaltel, Gestamp, IKUSI, MASMOVIL, ORANGE, R Cable, Vicomtech eta ZTE. Bestalde, kolaboratzaileak dira, besteak beste, Basque Cybersecurity Centre (BCSC), Tecnalia Research&Innovation Fundazioa, Gestamp Bizkaia, Iberdrola, Tecnum, Nafarroako Unibertsitatea eta Euskal Herriko Unibertsitatea.

Horrez gainera, proiektuak laguntza handia jasotzen du erakundeen eskutik: Red.es eta Estatu Idazkaritza, Eusko Jaurlaritza, Donostiako Udala (Donostiako Sustapena Sozietate Publikoaren bidez) eta Euskadiko Parke Teknologikoen Sarea.

Partekatu

Beste berri batzuk