60.000tik gora lagunek parte hartu dute Zientziaren eta Teknologiaren Asteko jardueretan

Bizkaia

 

–       Berrehun jarduera antolatu dira azaroaren 5etik 18ra bitartean, zientzia hiritarrei hurbiltzeko.

–       Ia 9.000 lagunek aktiboki parte hartu dute hiru teknologi parkeetan antolatutako ate irekien jardunaldiak eskainitako 50 jardueretan.

–       340 ikertzaileren laguntzaz, unibertsitateak kalera atera zuen zientzia eta bere emaitzak, eta 70 tailer, jardunaldi eta standek 40.000tik gora bisitari jaso zituzten.

–       Jaurlaritzak SPRI Taldearen bidez koordinatzen dituen jarduera horiek publiko guztiei zuzendu zaizkie, hala haurrentzako tailerrak nahiz I+G-ko mintegi espezializatuak eskaini dira.

 

2012ko Zientziaren eta Teknologiaren Astean 60.000tik gora lagunek parte hartu dute zientziarekin eta berrikuntzarekin erlazionatutako ia 200 jardueretan eta bertatik bertara jakin dute zein onura dakartzaten zientziak eta berrikuntzak gure bizi-kalitatea hobetzeko.

Hainbat erakundek garatu dituzte ekintza horiek: SPRI Taldean integratutako sozietateek (hiru Teknologi Parkeak eta Enpresa eta Berrikuntza Zentroak), UPV/EHU-k, Tecnaliak, Innobasquek,  Basquetour-ek, Merkataritza Ganberek, IK4-k, Osakidetzak, Bioef-ek,  Eureka Zientzia Museoak, Ihobek, EEEk, Maite Fundazioak, Etorbizi Fundazioak eta, besteak beste, Cristina Eneak.

Egunotan gauzatutako ekintzei buruzko informazioa SPRI Taldearen (euskal enpresa sareari laguntzeko Eusko Jaurlaritzaren menpeko sozietate publiko multzoaren) Euskadiko berrikuntza atarian (www.euskadinnova.net) argitaratu da.

Ezagutza kalera ateratzeko gauzatu diren ekintzen artean, aipatzekoak dira hiru teknologi parkeek gauzatutakoak (Arabako Parkea, Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoa eta Donostiako Parke Zientifiko eta Teknologikoa), parte-hartze maila handiak izan dituztelako. Hiru parkeek berrogeita hamarretik gora jarduera antolatu dituzte, eta iragan igandeko ate irekien jardunaldian 9.000 lagun inguru elkartu ziren.

Aurten ere Business Global Conference kongresuan 700etik gora profesional batu dira, berrikuntzari eta inguruko negozioei buruz eztabaidatzeko.

Aipatzekoak dira baita ere zientzien karpak, unibertsitatearen eta hiritarren arteko zubia direlako, ezagutza kalera eramaten dutelako eta bisitariekin elkarreragiten dutelako, batez ere gazteekin. 40.000tik gora lagunek bisitatu zituzten zientziaren karpak, 340 ikertzailek hiru hiriburuetan dinamizaturiko 41 tailer eta 26 jardueren bidez.

Unibertsitateak bi kongresu sustatu zituen; bata, ziberkazetaritzari buruzkoa, ehundik gora lagun elkartu zituena 2.0 kazetaritzaz hausnartzeko eta, bestea, WosLab kongresua, laborategietan egiten den ikerketa zientifiko-teknologikoko jarduerak hedatzeko nazioarteko erreferentziazko plataforma.

Gainera, Asteko eskaintza osatzeko, Enpresa Digitala ekimenak eta Ik4 eta Tecnalia korporazio teknologikoek antolatutako hainbat jarduera teknologiko eta tailer egin dira. Bestalde, Basquetour-ek eta Merkataritza Ganberek turismoaren ikuspegi berritzaileena eskaini zuten elkarrekin antolatutako jardunaldi batean.

Egun batzuez Zientzia eta Teknologiaren Asteak mapa zientifiko eta berritzaile bihurtu du Euskadi, aurrerapen zientifiko eta teknologikoen ezagutza zabaltzeko ekintzak euskal geografia guztian barrena gauzatu direlako eta publiko guztiei –hasi haurretatik eta profesionaletaraino- zuzendu zaizkielako.

Partekatu

Beste berri batzuk