Adegik eta Euskaltelek akordio estrategiko bat sinatu dute Gipuzkoako enpresen eraldaketa digitala eta lehiakortasuna bultzatzeko

Albisteak, Gipuzkoa

Lankidetza-hitzarmenaren helburua da Adegiko kide diren enpresen artean telekomunikazio-zerbitzu aurreratuak sustatzea, haien lehiakortasuna hobetzeko eta Gipuzkoan informazioaren gizartea garatzeko

Gipuzkoako Enpresen Elkarteak eta Euskaltelek duela 18 urtez geroztik duten harreman estrategikoa berritzen da hala. Elkarteko erakundeei aholkularitza iraunkorra eta pertsonalizatua bermatzea da helburua

Balio erantsi gisa, enpresa elkartuentzat interesgarriak diren gaiei buruzko prestakuntzajardunaldiak, topaketak eta hitzaldiak antolatuko dira, Gipuzkoako profesionalak areago prestatzeko eta gaitzeko

Euskaltel urtez urte lankidetza hau berritzen ari da, euskal operadoreak Euskadiren garapen teknologiko eta sozialarekin duen konpromisoaren adierazgarri

Euskaltelek eta Adegik lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute gaur goizean, zeinaren bidez Adegiko kide diren enpresen artean telekomunikazio-zerbitzu aurreratuak sustatuko baitira, haien lehiakortasuna hobetzeko eta Gipuzkoan informazioaren gizartea garatzeko.

Hitzarmena sinatzeko ekitaldian, Euskaltelen egoitzan izan dira Adegiko lehendakaria eta zuzendari nagusia, Eduardo Junkera eta José Miguel Ayerza, eta enpresen egungo egoerari buruz duten ikuspegiaz hitz egin dute Xabier Iturbe Euskalteleko lehendakariarekin eta José Miguel García kontseilari delegatuarekin.

Gaur sinatutako lankidetza-hitzarmenak elkartekide diren enpresei aholkularitza eskaintzea du oinarri, enpreson prozesuak eraldatu eta negozioak eraginkorrago egiteko, eta, hala, beren behar teknologiko guztiak ase eta digitalizazio-prozesuei arrakastaz ekiteko.

Era horretan,  berritu egin da elkarteetako erakundeei laguntza pertsonalizatua bermatzeko Gipuzkoako Enpresen Elkarteak eta Euskaltelek urtero sinatzen duten harreman estrategikoa. Euskaltelen proposamena enpresen aliatu gisa duen zereginean zehazten da, digitalizazio-prozesu saihestezinean teknologia enpresa bakoitzaren benetako beharretara egokituz. Azken batean, enpresa elkartuen eraldaketa digitalean laguntzea da helburua, eta, zerbitzu eta soluzio digitalak eskainiz, haien lehiakortasuna hobetzen eta negozio-ereduak digitalizatzen laguntzea, hazteko bide gisa.

Eduardo Junkerak azaldu duenez, “enpresek diharduten ekosistema teknologikoa azkar eta etengabe aldatzen da. Hurrengo erronka Europako funtsek sustatuko duten trantsizio digitalarekin jarraitzea izango da. Enpresa-proiektuen jasangarritasunak errealitate teknologiko berrietara etengabe aldatzea eta egokitzea eskatzen du, haien lehiakortasuna mantendu eta hobetzeko. Adegik eta Euskaltelek hemezortzi urte daramatzate enpresei egokitze-prozesu horietan laguntzeko lankidetzan, eta horrek argi erakusten du bi erakundeek Gipuzkoako enpresa-sarearekin duten konpromisoa”.

Xabier Iturberen aburuz, krisiari aurre egiteko, konektibitatea eta telekomunikazioetako soluzio eta zerbitzu aurreratuak dira gizarte digitalaren giltzarrietako bat. Haren iritziz, “pandemiaren ondoriozko krisi globalaren ondoren sortutako ingurune berriak enpresa eraldatuetan oinarritutako indarberritze bat behar du, hots, funtzionamendua hobetzeko beren enpresa-kultura ingurune digitalizatu batera egokitu dutenetan oinarritua”. 

Adegiren ordezkariekin izandako bileran Euskalteleko kontseilari delegatu José Miguel Garcíak adierazi duenez, “enpresa digitalizatuak lehiakortasuna handitzea eta erabakiak hartzeko prozesua optimizatzea lortzen du. Eta, horretarako, baliabide teknologikoak berrantolatu beharra dago, benetan eraginkorrak izan daitezen. Informazioa da baliozko aktibo nagusia, eta informazioa eraginkortasunez kudeatzea da lehentasuna. Horri esker, garai berrietara egokitutako konpainia horiek denbora errealean jardun dezakete. Eta Euskaltel haien ondoan dago, soluzio eta teknologia aurreratuenak emateko”.

Adegirekiko hitzarmen honi balio erantsia emateko, Euskaltelek prestakuntza-jardunaldiak, topaketak eta hitzaldiak antolatuko eta eskainiko ditu aldian behin, enpresa elkartuentzat interesgarriak diren gaiei buruzkoak, Gipuzkoako profesionalak areago prestatzeko eta gaitzeko.

Euskaltel eta Adegi beren lankidetza urtez urte berritzen ari dira duela 18 urtetik hona.

Euskaltelentzat, lurraldearekiko duen erantzukizun sozialaren barruan dago hori. “Gure konpainiak Euskadiko garapen teknologiko eta sozialarekin duen konpromisoaren isla da, baita IKTek produktibitatean eta enpresen lehiakortasunean duten garrantziaren isla ere”, adierazi du Euskalteleko lehendakari Xabier Iturbek.

Partekatu

Beste berri batzuk