AENORek TECNALIAren I+G+Baren kudeaketaren bikaintasuna ziurtatu du

Gipuzkoa

TECNALIAk I+G+Baren kudeaketa-sistemaren ziurtagiria lortu du, zeinak erakusten  baitu erakundeak betetzen dituela UNE 166002 Arauaren eskakizunak, etengabeko hobekuntza baten alde eginez

AENORek azpimarratu du sistema sendoa eta diseinu berritzailekoa duela, eta indargune gisa ISAMPE nabarmendu du: berrikuntza kudeatzeko TECNALIAren beraren eredua

Erronka handi hauetako ikerketa, garapena eta berrikuntza sartzen dira ziurtagiriaren barruan, fabrikazio aurreratua, karbono-emisio gutxiko energia edo herritarren osasuna

 

TECNALIA-AENOR NOV17TECNALIAk I+G+Baren kudeaketa-sistemaren ziurtagiria, AENORek ematen duena, lortu du, zeinak ziurtatzen baitu ikerketa-zentroak betetzen dituela UNE 166002 Arauaren eskakizunak, etengabeko hobekuntza baten alde eginez.

Erronka handi hauetako ikerketa, garapena eta berrikuntza sartzen dira ziurtagiriaren barruan: fabrikazio aurreratua, karbono-emisio gutxiko energia, herritarren osasuna eta zahartzea, mundu gero eta digitalagoa eta hiperkonektatuagoa, hiri-habitata, klima-aldaketa eta baliabide-eskasia.

Ziurtagiriaren helburua da jarraibideak ematea I+G+Ba eta baliabideak eraginkortasunez antolatzeko eta kudeatzeko, helburuak planifikatzeko eta kontrolatzeko eta erakundearen proiektu-zorroa behar bezala kudeatzeko.

Eskakizun horiei erantzuteko, TECNALIAk merkatuko jardueraren eta I+G+Baren teknologiaren kudeaketa estrategikoko eredu propioa diseinatu eta ezarri du, ISAMPE izenekoa, zeinak kontuan hartzen baititu kudeaketa-eredu aurreratuaren eskakizunak. AENORek adierazi du eredu propio hori zentroaren I+G+Ba kudeatzeko sistemaren indarguneetako bat izan dela ziurtagiria lortzeko prozesuan. TECNALIAren sistemaren beste indarguneetako bat da aktiboak babesteko eta baloratzeko eta I+G+Bko emaitzak ustiatzeko duen prozesua. Bikaintasun horren ondorioz, Europan ikertzaile-kopuruko patente gehien eskatzen dituen Estatuko ikerketa-zentroa da; % 95eko arrakasta-ratioa du eskaeretan, eta enpresetarako transferentzia handia, besteak beste.

Ziurtagiri honekin, Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Euskal Sarea (ZTBES) osatzen duten zentro teknologiko guztiei Eusko Jaurlaritzak 2020rako egindako eskaera bati erantzuten dio TECNALIAk.

ISAMPE, giltzarria

AENORek azpimarratu du I+G+Ba kudeatzeko TECNALIAren sistema sendoa eta diseinu berritzailekoa dela, erakunde osora erraz heda daitekeena eta indargune ugarikoa: zuzendaritzaren lidergoa eta konpromisoa, ISAMPE kudeaketa-sistemaren eredu propioa, zaintza estrategikoko prozesua eta adimen lehiakorra, baterako sorkuntzarako eredua eta aliantza teknologikoen kudeaketa, nazioarteko bikaintasun-taldeak, aktiboak babesteko eta baloratzeko eta I+G+Bko emaitzak ustiatzeko prozesuak, besteak beste.

Iñaki Oñate TECNALIAko Teknologiako zuzendariak hau azpimarratu du: “kudeaketa-sistema gure berrikuntza-eredu propioan, ISAMPE, sartu dugu; horrek aukera ematen digu I+G+Ba eraginkortasun handiagoz antolatzeko eta kudeatzeko, eta, ondorioz, erakundearen bikaintasun teknologikoa lortzen laguntzen du, ezagutza partekatuz eta lankidetza eta teknologiaren transferentzia bultzatuz, gure xedea betetzeko”.

Luz Emparanzarentzat —AENOReko zuzendaria Euskadin—, “gure ikuskatzaileek zenbait lan-jardunaldi zorrotz egin eta gero, AENORek TECNALIAri honen erronka teknologiei lotutako proiektuetan ikerketa, garapena eta berrikuntzaren kudeaketarako ziurtagiria eman dio”.

TECNALIAk lehendik oinarrizko prozesu operatibo gisa I+G+Bko proiektuen kudeaketan dituen ISO 9001 kalitate-ziurtagiriaren eta ISO 14001 ingurumen-ziurtagiriaren osagarri da lortu berri duen ziurtagiria.

Partekatu

Beste berri batzuk