Afasia zehaztasun handiagoz diagnostikatzeko proba digitala
BCBLk aplikazio bat garatu du, hitz zein irudiz osatutako proben bidez, garun-kalteren baten ondorioz afasia duten pazienteetan hizkuntza-prozesu narriatuenak aztertzeko xedez
Tresnaren erronka logopeda zein neuropsikologikoei hizkuntza hobeto ebaluatzen eta pazienteentzako tratamendurik egokiena erabakitzen laguntzea da
Eusko Jaurlaritzak eta Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak finantzatutako proiektua baliozkotze-fasean dago, eta bertan parte hartzeko Gipuzkoan bizi diren eta iktus edo traumatismo kraneoentzefalikoren baten eraginez afasia duten pertsonen bila dabiltza
Afasia garuneko kalte baten ondorioz sortzen den hizkuntza-nahastea da, eta Espainian 350.000 pertsona ingururi eragiten die, Espainiako Neurologia Elkartearen (SEN) arabera. Mintzamenean, irakurketan eta idazketan eragina izan dezake, eta trebetasun horiekin lotutako burmuin-aldeak hondatzearen ondorioz gertatzen da, bai tumore edota infekzio batek eragindako neuroendekapena dela medio, bai traumatismo kraneoentzefaliko edota iktus baten ondorioz.
Hain zuzen ere, azken afasia mota horretan oinarritzen ditu bere ahaleginak Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) ikerketa-zentro donostiarrak. 2021ean abian jarritako proiektu honek paziente horien hizkuntza-gaitasun narriatuen diagnostiko zehatza egiteko tresna aitzindaria balioztatzea du helburu. Horretarako, BCBL Gipuzkoan bizi diren eta iktus edota traumatismo kraneoentzefaliko batek eragindako afasia duten parte-hartzaile bila dabil, baldin eta haien garun-kaltea gutxienez 6 hilabete lehenago gertatu bada eta defizitaren fase egonkorragoan badago.
«Tablet gailuen bidez erabiltzen den aplikazio bat programatu dugu, afasia duten pertsonen errehabilitazioan lan egiten duten espezialistei laguntzeko hainbat proba barne hartzen dituena». Horrela, bai logopedek, bai neuropsikologoek pazienteen inguruko ondorio argiago zein zehatzagoak atera ahal izango dituzte, eta paziente bakoitzarentzako tratamendurik egokiena ezartzeko lagungarri izango da», azaldu dute BCBLko ikertzaile diren Simona Mancini eta Xabi Ansorenak.
Teknologia digitalaren laguntzarekin
BCBLko ikerketaren erronka honako hau izan da: alde batetik, gaur egun paziente afasikoekin beste hizkuntza batzuetan zein formatu analogikoan erabili ohi diren jokabide-probak eta, bestetik, test-mota horietan inoiz egin ez diren atazak digitalizatzea, gaztelaniaren zein euskararen berezko ezaugarri gramatikal, ortografiko eta fonologikoak kontuan hartuta.
«Garuneko kalteak desberdin eragin diezaieke euskarari eta gaztelaniari. Baliteke elebidun batek bi hizkuntzak kaltetuak izatea, baina ez modu berean, edo berreskuratze-prozesu desberdina eta azkarragoa izatea bi hizkuntzetako batean», gaineratu dute Mancini eta Ansorenak.
Hori dela eta, adituen helburua da pazienteen hizkuntza-defizita ahalik eta zehatzen detektatzea, errekuperazio-terapietan funtsezko hizkuntza-gaitasunak zehaztu ahal izateko; aplikazio informatiko horren abantaila nagusia da hiztun baten hizkuntza-errendimenduari buruzko informazioa automatikoki lortu, eta egindako akats-mota eta -kopurua zenbatzea ahalbidetzen duela.
Azken alderdi hori funtsezkoa da jarraibide terapeutikoen plangintzaren ikuspegitik.
Halaber, BCBLk diseinatutako tresnak hitz edo esaldi bat ulertzeko zereginak hartzen ditu barne, hitz eta esaldien errepikapen edota ekoizpenaren eta irudiak beren esanahiarekin lotzean datzatenak.
«Adibidez, “katuak txakurrari hozka egiten dio” bezalako esaldiak esaten dizkiegu pazienteei, eta, ondoren, irudi desberdinen artean aukera dezakete, esaldia irudiarekin lotzeko gai diren jakiteko», zehaztu du Mancinik.
Oraingo prozedurek ez bezala, BCBLk diseinatutako probek lehen aldiz hartzen dituzte kontuan gaztelania eta euskararekin lotutako alderdi gramatikal guztiak, orain arte mota horretako testetan alde batera utzi izan direnak.
Gainera, zentroak eskuragarri dauden ataza-multzoek ez dituzten beste hainbat proba gehitu ditu, adibidez, perpausak behar bezala planifikatu eta ekoizteko hiztunen gaitasuna neurtzeko balio dutenak.
«Ahozko mezua artikulatzean ez ezik, ekoizpen-fasea baino lehenago ager daitezkeen aldaketak ere ebaluatzen ditugu; hau da, mezua ikuspuntu kontzeptual eta gramatikal baten inguruan antolatzen denean», gaineratu du BCBLko adituak.
Afasia duten pertsonekin probak egiteaz gain, BCBLko ikertzaileek garun-kalterik gabeko eta pertsona afasikoen taldearen adin, sexu eta hezkuntza-mailarekin parekatutako kontrol-talde batekin ere diharduko dute lanean.
Proba horien bidez tresna baliozkotu ondoren, emaitzak irtenbide eramangarri eta digitala eskainiko die logopeda eta neuropsikologikoei afasiaren diagnostikoa egiterakoan, eta horrek zehaztuko du zein hizkuntza-gaitasun diren kaltetuenak.
«Horrek terapia-mota aukeratzeko erabakietan eragina izango du, eta jarraibide egokituak garatzen lagunduko du paziente horien errehabilitaziorako tratamendurik eraginkorrena aurkitzeko helburuz», ondorioztatu dute BCBLko ikertzaileek.
Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuko Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak finantzatuta, BCBL Gipuzkoan bizi diren eta afasia duten parte-hartzaile bila dabil, datozen hiru urteetan diagnostiko-tresna hori baliozkotzea ahalbidetuko duen proiekturako.