AFM eta AMT batu egin dira elkarte sendoagoa osatzeko
JOSÉ IGNACIO TORRECILLA, Makina erreminta, Osagarri, Osagai eta Erreminta Fabrikatzaileen Elkarteko presidente berria.
Gaur goizean gauzatu da AMT-k (Osagarri, Osagai eta Erreminta Fabrikatzaileen Espainiako Elkartea) eta AFM-k (Makinaerreminten Fabrikatzaileen Espainiako Elkartea) duela ia bi urte hasitako integrazio-prozesua. Integrazioaren helburua elkarte bakarra sortzea izaki, elkarte berria aurreko biak baino sendoagoa izango da, ordezkaritzari dagokionez eraginkorragoa eta fabrikazio-teknologien sektoreari zerbitzua emateko gaitasun berrituak izango ditu. Bi elkarteetako batzarrek elkarte berriaren estatutuak onetsi eta zuzendaritza-kontseiluko 17 kideak hautatu dituzte. Hartara, José Ignacio Torrecillak hartuko du Alexandre Fernández i Grau AMT-ko presidente ohiak eta Koldo Arandia AFM-ko presidente ohiak zuzendaritza-kontseiluan utzitako lekua.
José Ignacio Torrecilla (Azkoitia, 1954) Maherholding taldeko kontseilari delegatua da. Talde honen barruan daude, besteak beste, GORATU MÁQUINAS-HERRAMIENTA eta SHUTON enpresa bazkideak. Torrecillak dioenez, “Gaurtik aurrera eraikiko dugun errealitateari esker enpresa bazkideen arteko lankidetzak aukera gehiago izango ditu. Era berean, elkarte sendoagoa eta enpresentzako zerbitzuak sortzeko nahiz sektorearen ordezkari izateko gaitasun handiagoa ikusten dugu etorkizunari begira.”
138 enpresa bazkidek osatuko dute masa sozial berria, gutxi gorabehera 1.500 milioi euroko fakturazio-potentzialarekin. Ordezkatzen dugun sektorean 7.000 pertsona enplegatzen dira zuzenki eta kalkuluen arabera, beste hainbeste pertsona enplegatzen dira zeharka.
1990ean sortua izaki, AMT – Osagarri, Osagai eta Erreminta Fabrikatzaileen Espainiako Elkarteak zerbitzu-ibilbide luzea egin du, batez ere, nazioartekotzearen arloan. 2005ean ebaketaerreminten AFEC elkartea barne hartu zuen. 2011rako aurreikuspenen arabera, 330 milioi euroko fakturazioa lortuko duten 60 enpresaz osatu da AMT-ren ekarpena.
Bere aldetik, AFM – Makina-erreminten Fabrikatzaileen Espainiako Elkartea zinez historikoa da, 65 urtetik gorako ibilbideari esker Espainiako Estatuko elkarte industrialik zaharrena baita. 2011an 1.000 milioi euro fakturatzea aurreikusi duten 80 enpresa ditu (aurreikusitako fakturazio osoaren 750 milioi makina-erremintari dagozkio eta gainerako 250 milioiak bestelako makina, osagai eta fabrikazio-teknologiei).
Sektoreak dituen erronkei elkarrekin aurre egitea da garai berri honetarako helburu nagusia, eta ahal izan ezkero, modu biziago eta eraginkorragoan. Enpresek izan beharreko neurria, nazioartean presentzia irmoagoa izateko beharra eta berrikuntzarako elkarlana dira erronka horietako batzuk.
Goizeko ekitaldian zuzendaritza talde berria aurkeztu da; Xabier Ortueta izango da zuzendari nagusia, Patricia Tamés teknologiako zuzendariondokoa eta Conchi Aranguren nazioartekotze eta merkatuetako zuzendariondokoa.
2011ko itxiera-aurreikuspenei dagokienez, Iñaki Torrecillak dioenez “Azpisektoreei eta enpresatipologiari erreparatuta 2011ko ekitaldian zehar desberdintasun handiak ikusten diren arren, oro har, 2010eko emaitzak gainditu egingo dira eskaera-erakarpenari zein ekoizpenari dagokienez. Nazioartean presentziarik handiena duten enpresak hobe moldatu dira, barne-merkatuko kontsumo maila baxua saihestea lortu baitute hein batean. Fakturazioa nahiz esportazioak %20 inguru igotzea espero dugu.”
“2012rako,” jarraitu du presidenteak, “egoera zailagoa espero dugu; eskarien beherakada orokortu egingo da, lehen seihilekoan bederen. Urtearen bigarren zatian egoerak hobera egingo duenaren uste sendoa dugu eta barne merkatua suspertzea ere espero dugu. Horretarako, ahalegin eta gogo guztiak jarriko ditugu 2012ko BIEMH azokan, Makina-erremintaren Azoka Bienalean; 2012ko maiatzaren 28tik ekainaren 2ra izango da BEC-en (Bilbao Exhibition Center).”