Airbus hegazkinen barne-mihiztadura hobetzea xede duen proiektuaren gidaritza darama Ceit zentroak

Eskuzko muntaketa-lanak automatizatzeko alternatibak bilatzen jardun du azken hiru urteotan

Gipuzkoako zentro teknologiko honek Europa osoko bestelako zentro, enpresa eta unibertsitateekin batera parte hartu du Airbus hegazkinentzako barne-mihiztadura hobetzeko proiektu estrategikoan. ACCLAIM (https://www.projectacclaim.eu/) izenez ezagutzen da hegazkinetako kabina eta kargalekuko barrualdea muntatzeko gaur egungo eskuzko prozedura ordezkatuko duen alternatiba automatizatuen bila hiru urtez jorratu den ekimena.

Ekimen horren baitan landu dira Calito, Eureca eta Simfal proiektuak. Azken proiektu hori Ceit zentroaren gidaritzapean burutu da, CTIngenieros eta Fraunhofer erakundeekin batera, eta metrika anitzetatik muntaketa-prozesuaren hainbat alternatiba balioesteko simulatzaile generiko eta malgua garatu dute.

Ceit zentroko Diego Borro ikertzaileak adierazi digunez, “erabakiak hartzeko eszenariorik onena zein den aztertzea izan da helburua. 100 eszenario desberdin aztertu dira automatizazio-parametroak aldatuz, gizakiaren eta roboten arteko lankidetza uztartuz, zereginen ordenak edota roboten kopuruak aldatuz, etab. Gainera, komunikazio-arkitektura jakin baten laguntzaz, biki birtualaz osatutako proba garatzeko aukera eskaini digu plataforma honek, eta prozesuaren datuak denbora errealean monitorizatu ahal izan dira, prozesu osoa 3D birtualean ikusiz”.

Simfal proiektu europarretik eskuratutako emaitzei esker, prozesu industrialetarako simulagailu generikoa (ez sektore aeronautikorako bakarrik) du orain Ceit zentroak, eta horrela, plantara ekarri aurretik aztertu ahal izango da zein den layout eta automatismorik onena. Hori guztia gutxi balitz, biki digitalarekin prozesua denbora errealean monitorizatzeko aukera dago, eta langileak errealitate areagotuaren bitartez gida daitezke.