AJL Ophthalmic-ek instalazio berriak inauguratu ditu Arabako Teknologi Parkean

AJL Ophthalmicek begi barrurako lenteak diseinatzen eta egiten ditu eta begiko gaixotasunen inguruko ikerketan aritzen da; gaur inauguratu ditu Arabako Teknologi Parkean bere instalazio berriak. 3.000 m2-ko gune honetan begi barneko lenteak egiteko laborategi bat eta zazpi areto zuri daude, egiten dituzten osasun-produktuen kalitate-kontrolerako, enbasatzeko eta esterilizatzeko. Gainera, eraikinak I+Grako espazioak ditu beraien berrikuntza proiektuak garatzeko interesa duten osasungintzako profesionalen esku; horren bidez, AJL Ophthalmicek negozio-lerro berri bat irekiko du.

Instalazio berriak AJLk antolatutako Nazioarteko Lehenengo Oftalmologia Topaketan inauguratu dira. Topaketotan nazioarteko adituek oftalmologiako ikerketaren oraina eta etorkizuna azaldu dituzte eta honakoek hartu dute parte, besteak beste: A. Mateen Ahmed, New World Medical enpresako presidentea eta zuzendari eragilea eta “glaukomarentzako AHMED balbula” asmatu duena; Paulo Ferrara, “ferrara uztaiaren” asmatzailea; José F. Alfonso, kirurgia erretraktiboan, kataratan eta kornean aditua; Jeroni Nadal, Barraquer Oftalmologia Zentroko erretina saileko koordinatzailea; Jose Carlos Pastor, Valladolideko Unibertsitateko oftalmologiako katedraduna; Julián García Sánchez, Madrilgo Unibertsitate Complutenseko oftalmologiako katedraduna; Enrique Chico, Alcon Cusí Españako zuzendari orokorra eta Eduardo Anitua, Biotechnology Instituteko zuzendaria eta Felipe Printzea Sariduna, Eteen berrikuntza teknologikoan.

AJL Ophthalmic, S.A.

AJL Ophthalmic 1992an sortu zen eta begi barneko lenteak eta oftalmologiarako beste osasun-produktuak egiten dituen espainiar enpresa bakarra da. 1998an hasi zen kataratarentzako begi barneko lenteak egiten eta lanean gogor ari da bere helburua lortzeko: lehiakortasuna hobetzeko prestazio handiekiko produktu berritzaileak garatu eta multinazional handien pare egon, espainiar merkatuari teknologiarik handienarekin garatutako kalitatezko produktuak eskainita.

AJL Ophthalmicek 7 milioi euro fakturatu zituen 2009an, hazteko estrategian buru-belarri sartuta zegoela eta enpresa ahalegin handia egiten ari da bere negozioa anitzagoa izateko; hori dela eta, begi barneko kirurgian erabil daitezkeen beste produktu mota batzuk diseinatu ditu, hala nola, glaukomarentzako balbula edo kornea barnerako uztaiak. Konpainiak honakoak egiten ditu: katarataren kirurgiarako begi barneko lenteak; DMAE sistema bikoitza, narriadura makularra dutenen ikusmena hobetzeko; silikonazko olio erabat purifikatua, erretina-askatze konplikatuak tratatzeko; betazal inplanteak, aurpegiko paralisi kasuetan arazo lagoftalmoak konpontzeko; Ferrara uztaia, keratokonoa eta korneako beste akats batzuk tratatzeko; V2000 inplante esklerotikoa, angelu irekiko glaukoma kasuak tratatzeko; VAMA kanula, fibroskopio bidez gidatutako entubazioan erabili eta botatzeko dispositiboa. Enpresako fakturazioaren % 51 bertan egindako produktuena da eta merkatu nazionalean ia % 15eko kuota du. Gainera, gaur egun hainbat herrialdetara esportatzen du: Alemania, Brasil, Kolonbia, Iran, Pakistan, Turkia, Errusia, Egipto, Arabia, Maroko, etab.