Alemania eta Asia protagonista izango dira SPRIren Kanpo Sareak euskal enpresekin urtero egiten duen hitzorduan

Bizkaia

  • Hitzordua BECen izango da urriaren 2tik 3ra. Euskal enpresei 70 herrialdetan zerbitzu ematen dieten SPRIko profesionalak euskal enpresekin elkartuko dira, nazioarteko negozio aukerak azaltzeko, behar duten informazio guztia emateko, eta hala, tamaina nahiz sektore guztietako euskal enpresek aukera izan dezaten beren nazioartekotze prozesua abiarazteko.
  • Edizio honetan, SPRIk euskal ETEei zuzendutako informazio eta aholkularitza zerbitzu bat eskainiko du  Munduko Bankuak finantzatutako proiektu multilateraletan parte har dezaten.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak BECen elkartuko du aurten ere SPRIren Kanpo Sarea, euskal enpresei nazioarteko negozio aukeren berri emateko eta baita ere azaltzeko zer egin behar duten beren nazioarteko prozesua abiarazteko, edozein dela ere beren tamaina nahiz sektorea. Hala, euskal enpresei 70 herrialdetan zerbitzu ematen dieten SPRIko profesionalak nazioartekotzeari buruzko Invexport negozio foroan elkartuko dira urriaren 2tik 3ra, zeina Industri Gailurrarekin batera ospatuko baita toki eta une berean.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak bere nazioartekotze zerbitzuen eskaintza zabalduko du Invexport-en, eta informazio-puntu bat egongo da argitzeko zer egin behar den Munduko Bankuaren proiektu multilateraletan parte hartzeko eta Munduko Bankuaren finantzaketa lortzeko. Urte honen hasieran, Munduko Bankuak SPRI homologatu du bitartekari-lanak egin ditzan  eta enpresei lehen eskuko informazioa eman diezaien, hala euskal enpresek aukera izango dute funts multilateralekin finantzatuko diren ekimenak ezagutu eta lizitazioetara aurkezteko.

Zerbitzu horretaz gain, enpresek banan-banako elkarrizketak hitzartu ahalko dituzte SPRIren Kanpo Sareko ordezkariekin, hitzordua www.spri.es/redexteriorspri webgunean erreserbatzen badute. Gainera, aurtengo edizioan SPRIk bi jardunaldi dibulgatibo antolatu ditu merkatu interesgarriei buruz: bata, Alemaniari buruzkoa izango da, SPRIk ordezkaritza bulego bat irekiko duelako laster bertan eta bestea, Asiari buruzkoa, azken urteotan erreferentziazko jomuga baita euskal ETEentzat.

SPRIren Kanpo Sareak presentzia du 70etik gora herrialdetan eta 5 eremu operatibotan antolatuta dago: Afrika eta Ekialde Ertaina, Latinoamerika, Asia eta Ozeania, Europa eta Ipar Amerika. Kanpo Sarea SPRI Taldearen barruan dago eta bere lana da nagusiki euskal enpresen nazioartekotze prozesuak ahalbidetzea haiek aukeratutako jomugetan. Desberdintasun nabarmenak daude enpresen nazioartekotze prozesuen artean, bai graduari eta bai faseei dagokienez. Kanpo Sarearen bitartez, SPRIko nazioartekotze arloko lantaldeak neurrira eginiko zerbitzuak eskaintzen dizkie enpresei atzerrira irteteko prozesu osoan, eta nazioartekotzearen hiru faseetan laguntzen die: hastapenak, sendotzea eta ezartzea.

Une honetan eta Eustat-ek emandako datuen arabera, gero eta gehiago dira nazioartekotzea hazkunde estrategiaren barruan sartzen duten euskal enpresak, elementu hori funtsezkoa delarik gaitasun berritzaile eta ekintzailea indartzeko. Euskal Autonomia Erkidegoak 5.609 milioi euroko esportazioak izan zituen 2013ko bigarren hiruhilekoan. Horrek esan nahi du esportazioak %9,3 hazi zirela 2012. urteko epealdi berarekin alderatuta. Inportazioek, bestalde, %2,7ko igoera izan dute 2012ko epealdi berarekiko eta 3.854 milioi euroko balioa erregistratu dute.

Partekatu

Beste berri batzuk