APTEk eta Repsol Fundazioak lankidetza-hitzarmena sinatuko dute Transfiere 2015 Foroaren esparruan

Gipuzkoa

Repsol Fundazioak eta Espainiako Zientzia eta Teknologia Parkeen Elkarteak (APTE) lankidetza-hitzarmena sinatu ondotik, topaketa antolatuko dute. Elkarteko kide diren parkeetako enpresei Repsol Fundazioko Ekintzaileen Funtsa ezagutaraztea da asmoa, bai eta programa horretan parte hartu duten enpresek jakitea zein diren parkeek eskaintzen dizkieten abantailak nahiz zerbitzuak.

Zientzia- eta teknologia-parkeek eta APTEk parte hartuko dute Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Foro Europarrean. Malagan, otsailaren 11n eta 12an, aurkeztuko da berrikuntzarako eta teknologia eskualdatzeko gune horien zerbitzu eta azpiegituren eskaintza.

índiceEkitaldiaren erakunde laguntzailea eta Antolakuntza Batzordeko kidea da APTE; eta bertako presidente Felipe Romera, batzordeko presidentea ere bada. Espainiako zientzia- eta teknologia-parkeen irudia sendotzeko asmoz, APTEk ekitaldian parte hartuko du, alegia, berrikuntzaren eta ezagutza eskualdatzearen alorrari dagokionez, nazioan zein nazioartean egiten den ekitaldirik garrantzitsuenetakoan.

Hilaren 11n, 11:30ean, APTEk eta Repsol Fundazioak topaketa egingo dute. Repsoleko Ekintzaileen Forora aurkeztu arren, hautatuak izan ez diren enpresak egongo dira bertan, baita funtsa ezagutzeko interesa adierazten dutenak ere. APTEko parkeek eskaintzen dituzten aukeren eta zerbitzuen berri eman nahi zaie erakunde guztiei eta, horrez gain, Ekintzaileen Foroa oraindik ezagutzen ez dutenentzako aukera izango da.

Topaketaren hasieran, APTEko ordezkari Felipe Romerak eta Repsol Fundazioko presidenteorde César Gallok lankidetza-hitzarmena sinatuko dute. Xede bikoitza du hitzarmenak. Batetik, elkarteko kide diren parkeetan dauden ekintzaileen parte-hartzea sustatzea Ekintzaileen Funtsan; bestetik, Funtsak hautatu ez dituen ekintzaileek aukera izatea Espainiako zientzia- eta teknologia-parkeen zerbitzuak jasotzeko.

Era berean, APTEk aurtengo Transfiere Foroan aldebiko topaketetarako lan-mahai bi edukiko dituenez, beste instituzio batzuekin bilduko da, eskaintzen dituen zerbitzuak jakinarazte aldera. Gaur egun, elkarteak eskaintza zabala du, nola zientzia- eta teknologia-parkeentzat hala beste erakunde berritzaileentzat.

Zerbitzurik nabarmenetako bat Enpresen arteko Lankidetza Sarea (RCE) da. Eskaintza eta eskari teknologikoak elkartrukatzeko web-plataforma horren bidez, alerta teknologikoak doan jakinarazi ez ezik, ekitaldiak zein deialdiak ere argitara daitezke, eta posta elektroniko edo sare sozialen bidezko hedapen-zerbitzua eskaintzen du.

Gainera, informazio- eta aholkularitza-zerbitzuaren erabilera sustatu gura du APTEk; ikerketa, garapen eta berrikuntzako jardueren berri emateko Informazio Guneen Sareko (gaztelaniaz, PI+D+i) kidea da-eta. Leihatila horri esker, enpresek nahiz ekintzaileek eskura dute informazioa eta aholkularitza jasotzeko zerbitzu pertsonalizatua, euren behar eta proiektuetara hobeto egokitzen diren finantzaketa-tresnak ezagutzeko aukera ematen diena.

Elkarteak bestelako zerbitzuak ere eskaintzen ditu egun: zientzia- eta teknologia-parkeak martxan jartzeko lizitazioetan parte-hartzea, APTEren Kalitate Zigilua, parkeen kudeaketan prestakuntza jasotzeko ekintzak, eta parkeen proiektuen gaineko aholkularitza.

Parkeen erakunde kudeatzaileak Foroan aktiboki parte hartzeko ahaleginetan ere dihardu APTE. Horretarako, bere kideei aukera ematen die ekitaldira doan bertaratzeko eta beste erakundeekin b2b topaketak egin ahal izateko. Bestalde, parkeetan instalatuta dauden enpresei deskontua egiten zaie izena ematerakoan.

Elkarteak standa (A27) jarriko du, non parke eta bertako enpresa guztiek networking sarea osa dezaketen, euren produktu eta zerbitzuen berri emateko. Andaluziako Teknologia Parkeak (PTA) eta Andaluziako Gune Teknologikoen Sareak (RETA) ere standa edukiko dute Foroan.

APTEren Batzar Orokorra

Otsailaren 10ean, urteko lehen Batzar Orokorra egingo du APTEk, bertako kide diren parkeekin. Elkartearen bilakaera aztertu eta 2015eko estrategia planifikatuko da.

Partekatu

Beste berri batzuk