ArabaTICek teknologia digitalak gerturatzen ditu aprobetxamendu profesional hobea egiteko
Maiatzaren 6tik 16ra arte, Artiumen hainbat hitzaldi izango dira doan, eta horietan 4.0 Industria eta zibersegurtasuna izango dira protagonista
ArabaTICen hirugarren edizioa SPRIk bultzatu du Enpresa Digitala programaren bidez, eta maiatzaren 6tik 16ra arte egingo da Gasteizko Artiumeko auditoriumean.
Oraingo edizioa bi astean zehar egingo da, astelehenetik ostegunera, eta egunean hitzaldi bakarra izango da. Horietan teknologia digitalarekin lotutako hainbat gai landuko dira, jarduera profesionalaren aprobetxamendu hobea lortu ahal izatera bideratutakoak.
4.0 industriaren gorakadak eta horrek hainbat sektoretan duen eraginak isla izango du ArabaTICeko hitzaldietan; izan ere, zortzi saioetako seik industria iraultza berriarekin zerikusi handia duten gaiak landuko dituzte.
Teknologia analitikoak eta informazioaren aprobetxamendurakoak tresna oso baliagarriak izan daitezke erabakiak hartzeko. Hala, Mondragon Unibertsitateko Inés Pascualek datuak aztertzeko aplikazioen multzo bat den Power BI erremintari buruz hitz egingo du. Beste hitzaldi batean, aldiz, informazio geografikoa negozio baten lehiakortasunerako abantaila gisa landuko da. Arabako Airestudio enpresako Lorenzo Díaz de Apodacak eta Euskadiko Datu Espazialen Egituraren erreferentziazko geoataria den geoEuskadiko Ion Martínez de Ilarduyak emango dute
Zibersegurtasuna da enpresen beste ardura nagusietako bat, eta bi saiotan landuko da. Osane Consulting enpresako Juan Antonio Callesek Open Source Intelligence edo Informazio Iturri Irekiko Inteligentziaren inguruan jardungo du. Enpresek publikoki eskuragarri dauden iturrietatik hartzen duten eta enpresa horiek erasotzeko erabil daitekeen informazioa da. Derten Sistemaseko Iñigo Carrera berriz, gai horri buruz langileek jaso behar duten informazioari buruz mintzatuko da.
ArabaTICek informazioa eman nahi die enpresei, eraldaketa digitalari aurre egin ahal izateko. Horretarako, Globe Testing enpresa arabarreko Eneritz Zubizarreta software probez arituko da, fidagarritasuna bermatzeko erreminta gisa. Negozioak eraldatuko dituen teknologia disruptiboa blockchain da, eta horri buruzko aditu nagusietako bat Tecnaliako Oscar Lage da. Bada, oinarrien eta potentzialtasunen berri emango digu.
ArabaTICen programa osatzeko, marketin digitalarekin lotutako beste bi saio izango dira; izan ere, arlo horrek jarduera sektore guztiei eragiten die. Caronte Web Estudio enpresako SEO aditua den Jon Rivasek Word Presserako alternatibak proposatuko ditu. Sareko komunikazio estrategietako aditua den Pablo Jiménezek sareko hainbat publizitate erreminten aukera komertzialei buruz hitz egingo du.
Mintzaldi guztiak doan izango dira, baina aurrez izena eman behar da. Egitarau osoa eta izen-emateko esteka webgunean aurki daitezke: