Arima Boskotea izango da protagonista larunbateko Miramongo Matinéean

Albisteak, Gipuzkoa

Euskadiko Orkestrako musikariz osatutako taldeak Beethoven eta Dvoraken kinteto bana interpretatuko du larunbat honetan, maiatzak 6, 11:00etan, Miramonen. Sarrerak salgai daude 11 eurotan

Miramongo Matinéeak 22/23 Denboraldiko hamalaugarren hitzorduarekin datoz, kasu honetan Arima Boskoteak eskainiko duena, ‘Bi bioladun kintetoak’ izenburupean, larunbat honetan, maiatzak 611:00etan, Miramongo egoitzan. Taldea bere osotasunean Euskadiko Orkestrako musikariek osatzen dute: Nathalie Dabadie (biolina), Irene Echeveste (biolina), Delphine Dupuy (biola), Natacha Dupuy-Scordamaglia (biola) eta Jon Larraz (biolontxeloa).

SARRERAK HEMEN EROSI

 

Arima Boskoteak Beethoven eta Dvoraken bi bioladun kintetoak eskainiko ditu, horietako lehena XIX. mende hasieran konposatutakoa eta bigarrena mende beraren amaieran.

Alde batetik, Ludwig Van Beethovenek Hari-kintetoa 1801ean idatzi zuen eta Moritz von Fries Kondeari eskaini zion. Mezenas honi obra gehiago ere dedikatu zizkion konpositore alemaniarrak: urte horretan bertan biolinerako bi sonata eta, geroago, bere Zazpigarren Sinfonia ospetsua ere bai. Kinteto honek Franz Schubert inspiratuko zuen tonalitate bereko kinteto propioa konposatzeko, nahiz eta Schubertek bi biolontxeloren alde egitea erabaki zuen, bi biolaren ordez.

Bestalde, Antonin Dvorak txekoslovakiarrak, 1892an 30 urte zituela Estatu Batuetara bizitzera joan zenak, 3. Hari-kintetoa 1893ko udan idatzi zuen, Iowan zegoela. Kinteto hau idatzi eta berehala, Dvorakek bere Kuarteto Amerikarra argitaratu zuen. Bi ganbera-pieza horiek konpositoreak bere jatorrizko herrialdeko musika herrikoia eta inspirazio amerikarra arrakastaz uztartzen jakin izan zuela erakusten dute modu ezin hobean.

Sarrera solteak (11€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio kontzertua ikustera doazen abonatuei. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

Partekatu

Beste berri batzuk