Arrakasta handia izan du Inspira STEAM Euskadi programaren edizio berriak
158 aholkularik eta 58 ikastetxetako 3.165 neska-mutilek hartu dute parte ikasturte honetan bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzeko ekimen aitzindari honetan
Deustuko Unibertsitateak datorren ostiralean, ekainak 7, Inspira STEAM Euskadi programaren 2023-2024 edizioaren itxiera jardunaldia izango du. Bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzeko ekimen aitzindaria dugu Inspira STEAM, batez ere nesken artean. Ekitaldia 09:30etik 11:15era izango da, Liburutegiko atarian. Lehen Hezkuntzako ikasleen eta ikerketa, zientzia eta teknologia munduko profesionalen arteko taldeko aholkularitza-ekintzetan oinarritutako jarduera honen emaitzak ebaluatuko dira ekitaldian.
Urtetik urtera, gero eta pertsona gehiagok egiten dute bat jarduera horrekin. Ekimenak Euskadiko Parke Teknologikoa, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren babesa eta beste erakunde hauen laguntza du: EAEko hiru foru aldundiak (Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba), BBK, Mercedes-Benz Vitoria, Lantik, EJIE-Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea, Donostiako Udala, Sidenor, Arteche, Ner Group eta ABB.
Joan den ikasturtean, 158 aholkularik erakutsi zieten 58 ikastetxetako 1.580 neskari eta 1.585 mutili beren lanbidea eta STEAM mundua, joerak eta klixeak apurtu eta hurbileko erreferenteak sortzeko. Emakumezko eta gizonezko aholkularien eta ikastetxeen elkarlana funtsezkoa da Inspira STEAMen helburuak lortzeko: neskek eta mutilek arlo zientifiko-teknologikoekiko duten jarrera hobetzea, arlo horietako gertuko lanbideak eta profesionalak ezagutzea eta haien hautuak baldintzatzen dituzten estereotipo mugatzaileen aurka borrokatzea.
Gorputz ikusezinak
Mª Luz Guenagak, Inspira STEAMeko koordinatzaileak, aurkeztuko du ikasturte honen amaierako ekitaldia. Erakundeetako ordezkarien hitzak entzungo dira, baita María Martín Barrancoren “Construyendo puentes entre STEM y el lenguaje” eta Lorena Fernándezen “Los cuerpos invisibles que AI” hitzaldiak ere. Ondoren, mentoreek, ikastetxeetako irakasleek eta erakunde laguntzaileetako ordezkariek talde-dinamika batean parte hartuko dute, Inspira STEAMen saioetan izandako esperientziak partekatzeko.