Ate-sistema berria etorkizuneko nasetarako

MASATS enpresarekin elkarlanean dihardu Ceit zentroak, bagoietan dauden bidaiarien kopurua detektatzeko gai diren geltokietarako ate adimendunen diseinu berrian

Azken urteotan trenek izan duten bilakaerarekin bat etorriz, trenei lotutako azpiegiturak ere garai berrietara egokituz doaz. Trenbideen sektoreko elementu horiek guztiak modernizatzeko asmoz, Ceit eta MASATS erakundeek etorkizuneko nasetan ezarriko diren ateen diseinu berritzailean dihardute lanean. Ate horiek, oinezkoak babesteaz gain, konektatuta egongo direnez, bagoian dauden eta ate horretara iristeko asmoa duten bidaiarien kopuruari buruzko informazioa jasoko dute, besteak beste.

Ateen diseinu berri honetarako sistema mekaniko aitzindariak erabiliko dira, eta horri esker fidagarriagoak izango dira, etekin handiagoa emango dute eta mantentze-lanetako kostuak murriztuko dira. Erronka horri ekin diote Ceit zentroko ikertzaileek, proiektuari eragile elektriko linealaren diseinua txertatzean.

Horrela, gaur egungoak baino eraginkorragoa eta fidagarriagoa den eragile honek ateak ireki eta ixteko izango duen modua lantzen ari da Ceit zentroa, eta horretarako, atea eutsiko duen euskarri-egitura ere diseinatu beharko da. Oraingoz, igogailuetako ateetan eta Makina-Erremintako sektoreko ateetan aplikatu izan dira horrelako eragileak.

Aurtengo urtarrilean ekin diote proiektu honi, eta 2020. urtea amaitu aurretik probatu nahi da lehen prototipoa.