Aurrerapausoak egin dira odol-hodi artifizialak sortzeko 3D bioinprimaketan

CIC biomaGUNEko ikertzaileek biomaterialen, nanopartikulen eta inprimaketa-tekniken konbinazio berritzaileak lortu dituzte
Gero eta errealagoak diren ehunak fabrikatzeko materialen garapenean egindako aurrerapauso handi horri esker, bihotz-balbulen antza duten balbulak inprimatu ahal izan dira
Gaixotasunen tratamenduak ikertzeko, animalia-ereduak edo giza zelulen kultiboak erabili ohi dira hasieran; hala eta guztiz ere, animalia-ereduek ez dituzte beti ondo imitatzen gizakien gaixotasunak, eta kultiboek ere ez dute islatzen ehun baten konplexutasuna. Baina 3Dko inprimaketaren arloko aurrerapenei eta biomaterialen ezagutzari esker, laborategian 3Dko ehun-eredu konplexuak birsortzera iritsi gara.
CIC biomaGUNEko Material Hibrido Biofuntzionalen taldeak, Dorleta Jimenez de Aberasturi Ikerbasque ikertzailea buru duelarik, bioinprimaketako teknika aurreratuak eta nanomaterialak nola konbinatu aztertzen dihardu. Geruza anitzeko hodiz osatutako ehun-modeloak, kanpo-estimuluei erantzuteko gai direnak, lortu nahi dituzte.
Odol-hodiek gorputzeko ehunak irrigatzen dituzte, eta, beraz, oxigenoz eta mantenugaiz hornitzen; horregatik da garrantzitsua haiek fabrikatzeko metodo berriak garatzea. Organo- eta ehun-ereduak zenbat eta errealistagoak izan, orduan eta errazagoa izango da gaixotasunen kausak ulertzea, potentzial terapeutikoa duten konposatu berrien eraginkortasuna aztertzea edota konposatu horiek mentu gisa erabiltzea.
CIC biomaGUNEko Dorleta Jimenez de Aberasturi, Uxue Aizarna eta Malou Henriksen doktoreek aurrerapen handiak egin dituzte 3D bioinprimaketaren arloan. Ehun errealetatik gero eta hurbilago dauden ehun-ereduak fabrikatzeko balio duten materialak garatzea dute helburu, eredu horiek, gero, laborategiko ikerketetan erabiltzeko.
Material horiek fabrikatzeko, doitasun handiko inprimagailuak erabiltzen dira, eta haien “tintak” ezaugarri jakin batzuk izan behar ditu. Arlo horretan, hau da erronketako bat: inprimaketarako erabilgarriak izateaz gain, zelulen biziraupenerako propietate optimoak dituzten materialak aurkitzea. Bai inprimatzeko metodoa bai material horien propietateak oso garrantzitsuak dira kalitate handiko ehunak azkartasunez eta zehaztasunez fabrikatu ahal izateko. Hori dela eta, ikerketa-eremu horrek berritzen jarraitzen du, gero eta emaitza hobeak erdieste aldera. Garrantzitsua da, gainera, “konbina daitezkeen materialak aurkitzea, multimaterialak inprimatu ahal izateko eta, horrela, material horietako bakoitzarekin eraikitako geruzak izango dituzten egitura egonkorrak sortzeko”, adierazi du Jimenez de Aberasturik.