Ayesa Digital sektore industriala prestatzen ari da kriptografia postkuantikorako trantsizioa egiteko
Eraso kuantikoekiko erresistenteak diren teknologiak baliozkotzen ditu, datu kritikoak babesteko eta ingurune errealetan jarraitutasun operatiboa ziurtatzeko
Ayesa Digitalek hasiera eman dio BAQURA proiektuari. Horren bidez, industria-sektoreko enpresak prestatuko dira beren datu kritikoak zibersegurtasun poskuantikoarekin babesteko. Helburua da kriptografia tradizionaletik konputazio kuantikoaren etorkizuneko mehatxuekiko soluzio erresistenteetarako trantsizioa errazten duten mekanismoak ikertzea eta baliozkotzea.
Lan teknikoa industria-ingurune kritikoetan oinarritzen da — OT sareak, IoT gailuak eta 4G/5G komunikazioak —, datuen babesa eta jarraitutasun operatiboa indartzeko funtsezko eremuetan, hala nola energian, sarbideen kontrolean eta segurtasunean, eta, aldi berean, dagoeneko hedatuta dauden sistemekiko bateragarritasuna eta migrazio mailakatu eta segurua bermatzeko.
Ayesa Digital buru dela, BAQURA Eusko Jaurlaritzak finantzatzen du SPRI Taldearen bidez (Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia), HAZITEK programaren barruan (Enpresen I+G laguntzeko programa), eta ITS Security, Multiverse Computing, Dorlet, LKS, Ibernova, Cegasa eta Cybertix enpresek ere parte hartzen dute. Horiek guztiek balio-kate bat osatzen dute, eraso kuantikoekiko erresistentea den kriptografian (PQC), segurtasun handiko komunikazio kuantiko eta birtualetan, protokolo eta arkitektura industrialetan integratzean eta erabilera errealeko kasuetan frogatzean oinarritzen dena.
“Diziplina anitzeko lankidetza horri esker, BAQURA plataformaren betekizunak eta arkitektura zehaztu ahal izango dira, baliabide mugatuak dituzten gailuetarako algoritmoak hautatu eta egokitu ahal izango dira, eta industrian asko erabiltzen diren protokolo eta sareetan duten integrazioa ebaluatu ahal izango da”, ziurtatu du Itziar Cuenca Aiesa Digitaleko I+Gko zuzendariak.
Proiektuaren helburu orokorrak honako hauek dira: kriptografia postkuantikorako trantsizioa egiteko plataforma integral bat diseinatzea eta baliozkotzea, PQC teknologiak hibridatzea QKD eta VQKD teknologiekin, eta migrazio-metodologiak eta -estandarrak sortzea produkzio-inguruneetan erabiltzea errazteko, eragiketak eten gabe. Hedapen dinamikoko estrategiak (TAO) definitzea eta errendimendu-adierazleak (KPIak) neurtzea aurreikusten da, irtenbideen aurrerapenari eta inpaktuari benetako industria-agertokietan jarraitzeko.
Ayesa Digitalen papera
Partzuergoaren esparruan, Ayesa Taldeak, Ayesa Digitalek eta ITS Securityk ordezkatuta, zeregin nabarmena betetzen du arkitektura teknologikoaren definizioan eta PQCak OT inguruneetan hartzeko oztopo tekniko, operatibo eta erregulatzaileak identifikatzean.
Era berean, algoritmo post-kuantikoak dituzten segurtasun-protokolo hibridoak — hala nola TLS, IPSec edo SSH — egokitzen eta ezartzen gidatzen du, lehendik dauden azpiegiturekiko elkarreragingarritasuna bermatuz eta sortzen ari diren mehatxuen aurrean erresilientzia indartuz. Ayesa Digitalen eta ITSen ekarpena, gainera, hedapen seguruen plangintzara eta migrazio eta adopzio estandarren ebaluaziora hedatzen da, emaitzak industriara transferitzea azkartuz. I+Gko zuzendariaren esanetan, “BAQURA apustu estrategikoa da zibersegurtasun industrialaren paradigma berria aurreratzeko: teknologia post-kuantikoetarantz trantsizio arduratsua sustatzen dugu, egungo sistemekin bateragarria eta energia eta segurtasuna bezalako sektoreetan aktibo kritikoak babestera bideratua.