AZTIk metodo genetiko bat garatu du atungorriaren jatorria identifikatzeko eta horren kudeaketa hobetzeko eta kontserbazioan laguntzeko
Zentro teknologikoak ikerketa bat koordinatu du, tresna aitzindari bat sortzeko, espezie horretako aleen jatorria ezagutzeko, kudeaketa eta iraunkortasuna hobetzeko xedearekin
AZTIko ikertzaile Naiara Rodriguez Ezpeletak eta Haritz Arrizabalagak gidatutako azterketaren emaitzak Frontiers in Ecology and the Environment zientzi aldizkari ospetsuan argitaratu dira
Azterketa Africa, Asia, Amerika eta Europako bazkideek osatutako nazioarteko partzuergo batek garatu du
Jaiotze agiri genetiko bat atungorrien jatorria identifikatzeko. Hori izan da AZTIk koordinatu duen nazioarteko ikerketa batean izandako lorpenik nagusietakoa, tresna aurreratu bat garatu ahal izan baita Atlantikoa zeharkatzen duten atungorriak nondik datozen zehazteko eta espezie horren iraunkortasunean laguntzeko.
“Atlantikoko atungorria arrantza baliabide oso garrantzitsua da, duela urte gutxira arte gehiegi esplotatu dena, eta oraindik ere mehatxatuta dago, gehiegizko arrantzagatik eta legez kanpoko trafikoagatik. Gure ikerketak tresna bat garatzea ahalbidetu du, errentagarria eta ez inbaditzailea, atunen jatorri genetikoaren trazabilitatea egiteko”, adierazi du azterketaren arduradun Naiara Rodriguez Ezpeletak.
Garatu sistemari esker, atungorriaren populazioak hobeto ebaluatu daitezke, izan ere, harrapatzen diren aleen jatorria zehaztu daiteke, harrapaketa zein lekutan egin den gorabehera.
Gaur egun, Atlantikoan bi atungorri populazio bizi dira elkarrekin: ekialdeko buruak, Mediterraneoan jaiotzen direnak eta bertara itzultzen direnak ugaltzeko, eta mendebaldekoak, Mexikoko golkoan jaiotzen direnak eta jaiolekura itzultzen direnak erruteko. Bigarren populazio hori urriagoa da, eta babes handiagoa behar du. Genetikoki populazio desberdinak izan arren, kanpoko itxura berdin-berdina da. Horregatik, buru bakoitzaren jatorria ezagutzeko tresna genetikoak edukitzea funtsezkoa da atungorriaren stocken kudeaketa hobetzeko, hartutako kudeaketa neurrien emaitzak optimizatzeko, eta arrantza kuotak zorrotzago definitzeko, ez baitiete berdin eragiten ekialdeko atunei eta mendebaldekoei.
“Populazio bakoitzetik zenbat arrantzatzen den jakitea funtsezko baldintza da populazioak ebaluatu eta eraginkortasunez kudeatu ahal izateko. Orain arte ezinezkoa zen, baina tresna berri honekin egin daiteke, Atlantikoan (nahasten diren gunea) harrapatutako atunaren jatorria zehaztu daitekeelako. Gure azterketaren erronka nagusia izan da markaketa genetikoak garatzeko beharrezko lagin guztiak biltzea, eta, zeregin horretarako, beharrezkoa izan da Afrika, Asia, Amerika eta Europako bazkideek osatutako nazioarteko partzuergo bat koordinatzea”, gehitu du ikertzaileak.
Ikerketaren esparruan sortutako tresnaren oinarrian dago 600 larba, urte bat baino gutxiagoko alebin eta ugaltzaile baino gehiagoren analisia, espezieak erruteko erabiltzen dituen gune nagusietan; kopuru hori oso esanguratsua da, oso zaila delako espeziearen larbak eta kumeak lortzea. Zehazki, atungorriaren genoman banatutako dozenaka milaka markatzaile aurkitu dira, eta horietatik ehun inguru hautatu dira jatorriaren diagnostikoa egiteko. Tresna Atlantikoan barrena arrantzatutako mila atun helduren jatorria aztertzeko aplikatu da.
“Gure helburua da orain dela gutxi arte egoera kritikoan zegoen baliabide bat hobeto kudeatzeko beharrari erantzutea. Saiatu gara atun populazio handietako bakoitzaren jatorria egoki zehazteko beharrari erantzuten –Mediterraneokoa eta Mexikoko golkokoa–, izan ere, ugaltzeko elkarren arteko harremanik ez duten arren, bai elkartzen direla itsasoan, eta, gainera, itxura berdina dute; ondorioz, identifikazio genetikoa da bereizteko formula bakarra”, gaineratu du itsas ikerkuntzako adituak.
Azterketaren izenburua da “Determining natal origin for improved management of Atlantic bluefin tuna”, eta aukera eman du atungorria jaiolekura itzultzen dela genetikoki frogatzeko, hainbat urtez Atlantikoan barreneko migrazioan ibili eta gero.
Ikerketa Frontiers in Ecology and the Environment zientzi aldizkari ospetsuan argitaratu da, eta atungorriarentzako “Atlantic Wide Research Program for Bluefin Tuna” ikerketa programaren finantzaketa izan du, zeina Atlantikoko Atuna Kontserbatzeko Nazioarteko Batzordeak abiarazi zuen, eta 2011tik AZTIk ikerketa biologikoen parte handi bat koordinatzen duen.
Halaber, azterketak Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Industriaren Sailaren babesa du, GENPES proiektuaren bitartez, baita Espainiako Gobernuko Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitateen Ministerioarena ere, ACEITUNA proiektuaren bitartez.