Ba al dakizu benetan burmuina nola dabilen?

Gipuzkoa

BCBL zentroak Eureka! Museoarekin batera antolatutako «Burmuinaren Astea»-ren laugarren aldiz ospatuko da Donostian martxoaren 12tik 16ra  

Ekitaldiak burmuinaren inguruko ezagutza dibulgatzea du xede. Bertan umeentzako tailerrak eta publiko orokorrarari zuzendutako hitzaldiak eskainiko dira

Elebitasuna izango da Gipuzkoako hiriburuan ospatuko den postererakusteraren elementu nagusia 

DESTACADOBCBLGipuzkoako hiriburuan kokaturiko Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroak eta Eureka! Zientzia Museoak  elkarrekin laugarren urtez jarraian parte hartuko dute  Burmuinaren Astean, munduko puntu ezberdinetan aldi berean ospatzen den nazioarteko kanpaina, martxoaren 12tik 18ra.

Aurtengo Burmuinaren Astea museo donostiarrean ospatuko da martxoaren 12tik 16ra. Ekitaldiaren xede nagusia  garuna, gizakiaren organo konplexuena izanik, publiko orokorrari modu didaktikoan helaraztea da, baita biztanleria garun ikerkuntzaren aurrerapen eta abantailez kontzientziatzea ere.

Helburu horrekin, BCBL zentroak eta Eureka! Zientzia Museoak bi ekintza-programa ezberdin osatu dituzte paraleloki; alde batetik, ikastetxeetako ikasleei eta, bestetik, publiko helduari zuzenduta.
Ekitaldiaren inaugurazio-hitzaldia BCBL-ko zuzendari zientifikoa den Manuel Carreirasen eskutik etorriko da, helduentzako hitzaldi informatiboei hasiera emanez. Hauek martxoaren 13tik 15era emango dira museoan, 18:00etatik 20:15era bitartean.

Besteak beste, hitzaldi hauetan Donostiako ikerketa zentroko adituek haien ikerketekin lotutako hainbat gai azalduko dituzte, neurozientzia, psikologia kognitiboa eta linguistikaren arloen barnean.

Hitzaldietara hurbiltzen direnek hainbat gai sakontzeko aukera izango dute, hala nola pertzepzioa, memoria, burmuinaren nahasteak, elebitasuna, kultura orokorraren kontzeptua, emozioak atzerriko hizkuntza batean edo burmuineko ebakuntzak esna dauden pazienteetan.

Hitzaldiek 15 minutuko iraupena izango dute, galderak egiteko 5 minutu osagarri izango dituztenak. Saioak doan izango dira, baina beharrezkoa da ekitaldiaren weborrian aldez aurretik izena ematea.

Egitarauko berbaldien hizkuntzak euskera, gaztelania edo ingelesa izango dira. Martxoaren 16ko saio guztiek aldibereko itzulpena izango dute keinu-hizkuntza espainolera (LSE).

Elebitasuna dibulgazio posterretan 

Ekitaldiaren laugarren edizio honetan, Eureka! Museoak hainbat argibide-taulez osaturiko erakusketa iraunkorra eskainiko du. Bertan elebitasunaren ezaugarri garrantzitsuenak eta ikerlariengan zein publiko orokorrarengan pizten duen interesa azalduko dira.

Besteak beste, argibide-taula horiek ondorengo gaiak jorratuko dituzte jendeari hurbiltzeko asmoarekin: hizkuntzaren garapen normala, informazioren prozesaketa atzerriko hizkuntza batean, elebitasuna izatearen berezitasunak eta ume txikiei hainbat hizkuntza irakastearen ondorioak.
 
Egun batez zientzialaria izan

Bestalde, martxoaren 12tik 16ra ikastetxeei eskainiko zaien ekintza sortari esker, 6 eta 12 urte bitarteko ikasleek egun batez zientzialari izateko parada izango dute.

Ume txikienek burmuinaren funtzionamendua eta estruktura sakonki ezagutzeko aukera izango  dute, elkarrekin aktibitate hezigarri dibertigarriak egiten dituzten birartean.  Ikasleak neuronen unibertso zoragarrian murgildu, hainbat animaliaren burmuinen arteko ezberdintasunak era sinplean ezagutu eta haiek gaiaren inguruan duten ezagutza probatu ahal izango dute.

Haurrentzako ekintzak doan dira, baina ikastetxeak aldez aurretik Eureka! Zientzia Museoarekin jarri behar dute harremanetan.

Burmuinaren Asteari buruz

Burmuinaren Astea «Brain Awareness Week» ekimen internazionalaren barruan kokatzen da. Jarduera hauek burmuinaren funtzionamenduari buruzko ezagutza bultzatzea, aurrerapen zientifikoak zabaltzea eta gaitzak saihestu garrantziari buruz ohartaraztea dute helburu.

Urtero, mundu osoko hainbat ikastetxe, unibertsitate, ospitale, ikerketa zentro eta beste zenbait erakunde elkartzen dira garuna, neurozientzia eta organo honekin loturiko beste arloen inguruko ezagutza helarazteko asmoz.

Ekinaldi hau 2015ean ospatu zen Donostian lehenbiziko aldiz, orain dela hiru urte.  Azken edizioan 525 bat ikaslek parte hartu zuten haur-tailerretan eta 250 bat lagun gerturatu ziren helduen hitzaldietara.

Partekatu

Beste berri batzuk