Basque Bioclusterrean sartu da IK4, bere gaitasun teknologikoa bioenpresei eskaintzeko

Bizkaia

  • Euskal aliantza teknologikoa da enpresa bioteknologikoen euskal elkarteko lankide egiten den aurreneko erakundea

IK4 Aliantza Teknologikoa berriki bilakatu da bioteknologiaren sektoreko enpresak biltzen dituen Basque Biocluster euskal elkartearen lankide. 2010ean sortu zen aipatu elkartea eta bertako kide dira hogeita hamar bat enpresa; horiek guztiak biozientzien sektorean jarduten dira eta Euskal Autonomia Erkidegoan daude.

Klusterraren jarduera-eremu nagusiak hauek dira: osasunari aplikaturiko bioteknologia –bai gizakietan bai animalietan–, nekazaritzako elikagaien sektorea, kosmetika, kudeaketa eta zeharkako zerbitzuak.

Enpresa bioteknologikoen euskal klusterrean IK4 sartzearekin batera, erakunde bien arteko sinergiak martxan jarri ahalko dira. Hala, aliantzak bere gaitasun teknologikoak eman ahalko dizkie Bioclusterra osatzen duten enpresei. Ez alferrik, enpresekin hitzartutako kontratuetan adierazitako finantzaketaren ehunekoari dagokionez, Europako lehen korporazio teknologiko pribatua da.

Halaber, lankide izate aldera, klusterrera batzen den lehenengo erakundea da IK4.

“IK4n osasunaren sektorea identifikatu dugu hurrengo urteotan eskari teknologikorik handiena izango duen alorretako bat eta, gure ustetan, biozientzien aplikazioa bereziki garrantzitsua izango da arlo horretan”, azaldu du IK4ko zuzendari nagusi José Miguel Erdozainek. “Beraz –gehitu du–, oso interesgarria da Bioclusterrarekin lankidetzan aritzearen alde egindako apustua, klusterra osatzen duten enpresei gure gaitasun teknologikoak eman ahalko dizkiegu-eta. Adibidez, IK4k posizionamendu esanguratsua lortu duen zenbait alorretan diharduten enpresekin sinergiak ezartzea aztertu ahalko dugu. Alor horiek dira, adibidez, telemedikuntza, biosentsore eta biomaterialen garapena, edo nanomaterialei aplikaturiko ebaluazio toxikologiko eta funtzionala”.

Partekatu

Beste berri batzuk