BASQUE FOOD CLUSTERek talentua erakartzea eta leialtzea bultzatzen du, elikagaien sektorearen etorkizuneko erronkei eta belaunaldien arteko erreleboari aurre egiteko
Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu eta finantzaturiko ITALENT FOOD proiektuak elikagaien sektoreko berrogeita hamar bat enpresa eta lurraldeko prestakuntza-zentro garrantzitsuenak barne hartuko ditu
BASQUE FOOD CLUSTERak ITALENT FOOD jarri du abian, Gipuzkoako elikagaien enpresa-sarean kalitatezko enplegua sortuz talentua erakartzeko eta leialtzeko gaitasuna hobetzera bideratutako ikerketa-proiektua. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentuak sustatu eta finantzatuko du, eta elikadurako enpresen lehiakortasuna bultzatuko du, trantsizio teknologiko-digital, energetiko-klimatiko eta soziosanitarioaren ondoriozko erronkei aurre egiten lagunduz, talentu gaztea erakartzen eta leialtzen eta sektorean belaunaldien arteko beharrezko erreleboa ziurtatzen arreta berezia jarriz.
ITALENT FOODen garapenean, BASQUE FOOD CLUSTEReko kide diren EAEko 50 elikagai-enpresa inguruk hartuko dute parte, bai eta Euskadiko prestakuntza-zentroen sarerik garrantzitsuenak ere. Gainera, proiektuak gizartearen etorkizuneko egoerak aztertzen dituen Prospektiker enpresaren laguntza izango du, baita LKS Next aholkularitza-taldearena ere.
Horrela, ekosistema sozio-ekonomiko osoaren laguntzarekin, kalitatezko enplegu jasangarria sortu nahi da, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen duen enpresa eta lurralde garapeneko ereduarekin bat etorriz. Azken batean, enplegua eta lantokiak eraldatzeko gaitasunak sustatuko dira, etorkizuneko aldaketei aurrea hartuz eta jasangarritasunaren hiru esparruetatik (ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa) sortzen diren aukerak baliatuz.
Gaur egun, lan-merkatuan elikagaien sektorean eragina duten enplegagarritasun-arazoak konpontzea da ITALENT FOODen helburu nagusietakoa. Horretarako, aipatutako erronkei aurre egiteko behar diren gaitasunak eta profilak identifikatuko dira, eta sektoreak eskaintzen eta talentuak eskatzen duenaren artean dagoen aldea identifikatuko da. Era berean, enpresen barruan pertsonen gaitasunak garatzeko beharrezkoak diren prestakuntza-ibilbideak zehaztuko dira.
Horrekin guztiarekin, elikagaien sektorea Gipuzkoako ekonomiaren sektore nagusi eta erreferente gisa finkatu nahi da. Etorkizuneko enpleguen sorrera bultzatzeaz eta gazte talentua elikadura enpresetara bideratzeaz gain, langileen lan jardueraren gogobetetasuna eta etengabeko prestakuntzaren garrantzia hobetu nahi ditu.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentuak sustatzen duen “Enpresa sarean eta ekosistema sozioekonomikoan enpleguaren kalitatea sustatzeko programaren” barruan dagoen ITALENT FOOD proiektua 2023ko ekainean amaitzea aurreikusi da.
BASQUE FOOD CLUSTER
BASQUE FOOD CLUSTERak euskal elikaduraren balio-kate osoko enpresen lehiakortasuna hobetzeko egiten du lan. 130 konpainia, erakunde eta entitatek baino gehiagok osatutako sozietate-oinarria du, horien artean azpisektore bakoitzeko enpresa liderrak. Erakundea Euskadiko elikaduraren erreferentziazko eragile eta enpresa-egituraren eta erakundeen arteko solaskide nagusi gisa finkatu da. Bere helburu estrategikoen artean, sektoreko enpresei laguntzea azpimarratu behar da, merkatuaren garapenean, berrikuntza teknologikoan eta berrikuntza ez-teknologikoan, ezagutzan eta kontsumitzaileekin harremanean balio handiko proiektu partekatuen lankidetza eta garapena sustatuz eta dinamizatuz, bai eta talentua erakarriz eta fidelizatuz ere.