BCAREk Iberdrolaren Urteko Hornitzailearen Saria jaso du Energia-Trantsizioaren kategorian
CIC energiGUNEren spin-offak energia-konpainiaren aintzatespena merezi izan du, “bere etengabeko prestasunarengatik, erantzun azkarrarengatik, eta eskatutako prototipoak eskatutako epeetan eta kalitatearekin betetzeagatik”
Soraya Romo Diez BCAREko zuzendari nagusiak eskertu egin zuen Iberdrola Redes Eléctricas Inteligentes-ek enpresan “lehen egunetik” izan duen konfiantza, eta nabarmendu nahi izan zuen bere taldearen, “ilusio ikaragarria duen gizon-emakume talde txikiaren”, ahaleginari eta dedikazioari esker lortu duela BCAREk sari hori
BCAREk –energiaren biltegiratzearekin erlazionatutako industriari balio erantsiko zerbitzuak emateko CIC EnergiGUNEtik sortutako spin off-ak– jaso du Iberdrolaren Urteko Hornitzailearen Saria, Energia-Trantsizioaren kategorian. Energia konpainiak azaroaren 12an eman zuen erabakiaren berri, Iberdrola Dorrean egindako ekitaldian. Enpresa taldeko hornitzaileen ekosistema osoko ordezkariak izan ziren ekitaldian, eta Iberdrolako presidentea, Ignacio Sánchez-Galán, bertan izan zen.
“Ilusio ikaragarria duten gizon eta emakume talde txikiaren ahaleginari eta dedikazioari, eta haien eguneroko energiari eta lanari esker nago gaur hemen sari hau jasotzen. Eskerrik asko taldeari, sari hau zuengatik da”, adierazi zuen Soraya Romo Díez BCAREko zuzendari nagusiak, sari banaketa ekitaldian saria jaso zuenean.
Romo Díezek esker oneko hitzak izan zituen, baita ere, Iberdrola Redes Eléctricas Inteligentes-entzat eta Global Smart Grids Innovation Hub-arentzat, lehen egunetik erakutsitako babes eta konfiantzarengatik; izan ere, “haiekin batera lan eginez, ikasi eta gure produktuak garatu ditugu”. Era berean, aipamen berezia egin zien “2018an proiektu honen aldeko apustua egin zuten Javier Olarteren eta CIC energiGUNEren, BCAREren bazkide sortzaileen, ekimenari eta ekintzailetzari”.
Ildo horretan, BCAREko zuzendariak Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko Ikerketa Zentroen garrantzia azpimarratu zuen, “enpresei hazten laguntzeaz gain, ekosistema hazten laguntzen baitute oinarri teknologikoko enpresa berriak sortuz. Zorionekoak gara Euskadin, sare bikaina dugulako”, amaitu zuen.
BCAREri Energia-Trantsizioaren kategorian Urteko Hornitzailearen Saria emateko, Iberdrolak “bere etengabeko prestasuna, erantzun azkarra, eta eskatutako prototipoekin betetzea” nabarmendu zituen elementu erabakigarri gisa.
Urteko Hornitzailearen Sariarekin, Iberdrolak balio-katearen funtsezko papera aintzatesten du konpainiaren proiektu estrategikoak lortzeko orduan, eta helburu berberak dituzten hornitzaileen ekosistema finkatzearen aldeko apustua egiten du. Halaber, enpresa-kudeaketa sustatzeko konpromisoa berretsi du, alderdi hauetan, besteak beste: garapen jasangarrian, segurtasunean eta kalitatean, berrikuntzan, nazioartekotzean eta enpleguaren sorreran.