Berotegi-efektuko gasen isurketen murrizketa 2024an gelditu da Espainian

Albisteak, Bizkaia

Basque Centre for Climate Change ikerketa-zentroak eta Trantsizio Energetikoaren eta Ekintza Klimatikoaren Behatokiak (OTEA) datu ofizialak aurreratzen dituen urteko txostena argitaratu dute

Kalkuluen arabera, % 0,9 igoko da 2023ko mailekin alderatuta, eta ohartarazi dute herrialdeak batez beste % 5,7 murriztu behar duela urtero 2030erako ezarritako helburuak lortzeko

Basque Centre for Climate Change (BC3) ikerketa zentroak eta Trantsizio Energetikoaren eta Ekintza Klimatikoaren Behatokiak (OTEA) Espainiako Berotegi Efektuko Gasen Inbentarioaren datu ofizialak aurreratzen dituen urteko txostena argitaratu dute (esteka).

Erabilitako metodologiari esker, amaitu berri den urteko isuriak kalkula daitezke, eta 2024an gertatutakoaren hasierako balorazioa eskaintzen du.

Txostenaren emaitza nagusiak hauek dira:

  • Espainiak berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko helburuan ez zukeen aurrera egingo 2024an.
  • Gure kalkuluen arabera, 2024ko isurketak 278 MtCO2-eq izango lirateke (272 MtCO2-eq eta 285 MtCO2-eq arteko ziurgabetasun-tartearekin). Hau da, % 0,9ko igoera 2023ko mailekin alderatuta (-% 1,5etik +% 3,2ra bitarteko ziurgabetasun-tartearekin)
  • Aurtengo aldakuntzarekin, isurketak 1990eko mailak baino % 3,2 txikiagoak izango lirateke. Ildo horretan, garrantzitsua da gogoraraztea PNIECek 2030ean isurketak % 32 murrizteko helburua ezartzen duela 1990eko mailekin alderatuta, eta, beraz, 6 urte geratzen zaizkigula isurketak 195 MtCO2-eq-era murrizteko, hau da, % 5,7ko urteko batez bestekoa.
  • Petroliotik eratorritakoen emisioak (gehienbat garraioaren sektoreari lotutakoak) berriro handituko lirateke eta 2019koen gainetik egongo lirateke. Itxura guztien arabera, garraio-sektorean elektrifikaziorako eta aldaketa modalerako hartutako neurriak ez dira nahikoak izaten ari.
  • Neurri txikiagoan bada ere, gas naturalaren azken kontsumoari lotutako isuriak ere ugaritu egin dira (sektore elektrikotik kanpo). 2024an gas naturalaren prezioa moteltzea izan daiteke igoera horren faktoreetako bat.
  • 2023an bezala, sektore elektrikoaren emisioek behera egin dute berriro. Urte ona izan denez sorkuntza hidraulikoan eta instalatutako eguzki-potentzia fotovoltaikoa handitu denez, berriztagarriek % 55 baino gehiago pisatzen dute elektrizitate-sorkuntzan.
  • Ekonomiaren elektrifikazioak atzera egin du berriro. Garraioa, eraikinak eta industria bezalako sektoreetan erregai fosilen erabilera elektrizitatearekin ordezkatzearen helburua oraindik ez da gertatzen ari.

Luis Rey, Dirk-jan Van de Ven, Manuel Tomás, María Moyano eta Mikel González-Eguinok egindako ikerketa osoa jarraian kontsulta daiteke:

https://api.otea.info/storage/2024/12/18/afcdcb7c18962f5b6eb29016faff962e3619e03d.pdf

Partekatu

Beste berri batzuk