“Berrikuntza guztiz ezinbestekoa da, ez dago arazoentzat konponbiderik errezeta zaharrekin”

Albisteak, Bizkaia

 

Gaur goizean antolatu duen lehenengo webinarrean, Jon Azua eta Emiliano Lopez Atxurra Zuzendaritza Batzordeko kideek parte hartu dute eta 400 pertsonak baino gehiagok jarraitu dute

Bai Jon Azuak eta bai Emiliano Lopez Atxurrak azpimarratu dute kanpoan begiratu behar dugula formula berritzaileak bilatzeko, eraldaketak ere bere gain hartu beharko dituen Europan kokatu ahal izan gaitezen.

“Iraganak konfiantza lortzeko balio behar digu, eta jakiteko beste batzuetan ere beste krisi batzuetatik ateratzeko begiak altxatzen jakin izan dugula”, azpimarratu dute

Gaur goizean 400 lagunek baino gehiagok jarraitu dute Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatutako webinar edo web mintegia: ‘Berrikuntzaren eginkizuna jokaleku berrian’. Ekimen horrekin, Innobasquek hausnarketa-prozesu bati ekin dio, bere kide diren 900 erakunde baino gehiagoren parte-hartzeari irekita, krisiari aurre egiteko; izan ere, Leire Bilbao zuzendariak adierazi duenez, “bat-batean arlo publikoaren eta pribatuaren lehentasunak aldatu diren herrialde batean, enpresa, erakunde eta gizarte sarea berreraikitzera behartzen gaituen” krisia da. Lehen gonbidatuak Jon Azua, Enovating Lab think tankeko lehendakaria eta Keralty Taldeko senior presidenteordea, eta Emiliano Lopez Atxurra, Petronor, Tecnalia eta Ibil enpresetako lehendakaria, izan dira, biak ere Agentziaren zuzendaritza-batzordeko kideak. Biak ala biak bat etorri dira Bilbaorekin, alegia, berrikuntzak “pandemiaren aurretik baino ere garrantzi handiagoa izango duela”. “Epe laburrean suspertu eta Europan koka gaitezen giltza da; berria izango den Europa, egoera honetatik sortutako aldaketa askori aurre egin beharko baitie, baina gure erreferentzia- eta konkurrentzia-eremu izaten jarraituko duen Europa”, azpimarratu dute.

Leire Bilbaok jardunaldiaren aurkezpenean azpimarratu duenez, krisi sanitarioak eta horren ondorio sozioekonomikoek behartutako “berreraikuntzari” aurre egin behar izatea “aukera gisa hartu behar da ikasi eta birplanteatzeko, bai gure industria eta zerbitzuak babesteko eta aukera berriak bilatzeko estrategiak, eta bai orain agerian jarri diren ahuleziak”. Erronka horietarako “errealitate berrira bideratuko gaituzten soluziobide berritzaileak” beharko dira, ezinbestean “I+G+b arloko inbertsioak, publikoak zein pribatuak, desblokeatzea” eskatzen dutenak.

Bilbaorekin bat etorri da Jon Azua: “Pandemia lehendik zeuden joeren azeleragailu handia izango da”. “Globalizazio-eredua, edo administrazio publikoek erabaki kritikoak hartzeko orduan duten eginkizuna, merkatua erantzunak emateko gai ez denean edo mekanismoak ahulenak babesteko gai ez direnean: gai horiei buruz lehen ere hitz egiten zen, baina orain benetan aurre egin behar zaie. Krisi honek erabakiak hartzeko beharraz ohartarazten gaitu eta erabaki horiek berritzaileak izan beharko dute ezinbestean”, azaldu du.

Pandemiak premiazko bihurtu dituen hausnarketa horiei Lopez Atxurrak gehitu die “aurreko hamarkadan finkatutako balio-kate industrialaren birformulazioa”. “Jada zalantzan jarrita zegoen bere lan- eta ingurumen-kostuengatik, eta orain, ezinbesteko osasun-materiala behar bezalako intentsitatez ekoizteko gaitasunik ez dugula ikusi dugunez, are gehiago, Europako Batasunaren sortze-itunaren oinarrizko printzipio bat, osasuna babestea, betetzeko desegokia gertatu baita”, zehaztu du.

Berrikuntza euskal industria Europan kokatzeko

Bere ustez, gai horiek guztiek mundu-mailako eszenatoki edo jokaleku berri bat marrazten dute, eta “errezeta berriekin” bakarrik aurre egin dakioke horri. Hau da, “berrikuntza guztiz ezinbestekoa da”. “Blokeo mentala edo gai izango ez garen sentsazioa gainditu behar dugu, berritzen ez dena hil egiten baita. Agian ez epe laburrean, baina bai luzean”, baieztatu du. “Egia da ezin garela herentziatik bizi, etorkizuneko belaunaldien herentzia eraiki behar dugula, baina Euskadin zerbait baldin badaukagu giza kapitala da, eta eskarmentua ere bai egoera zailetan berrikuntza egiten. Lehen ere egin genuen eta horrek kohesioz aurrera egitea ahalbidetu zigun. Beste egoera batzuetan ere begiak altxatu genituen, munduan zer gertatzen zen eta zer egiten zen ikusi genuen”, adierazi du, eta Guggenheim museoaren eraikuntzak ekarri zuen eredu ekonomikoaren aldaketa jarri du adibide gisa. “Orain gure begirada Europako eskualde lehiakorrenetara zuzendu behar dugu, eta haien industriaren aurrean gurea kokatu behar dugu erreferentzia izan dadin. Tresnak baditugu, baina ez nahikoa gihar edo muskulu; beraz, bestelako kudeaketa bat behar dugu, zer daukagun eta zer ez ikusteko introspekzioa egingo duena eta, hortik abiatuta, erantzun berritzaileak bilatuko dituena”, azpimarratu du.

Jon Azuak, Guggenheim eraikitzea erabaki zenean Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea zenak, bat egin du Lopez Atxurrarekin: “Iraganera begiratu behar da egoera kritikoei erantzuten asmatu dela jakiteko, baina ez formula zaharrak berreskuratzeko. Herrialde hau pobrea izan da bere historiaren zati handi batean, eta kanpora irteteak, beha egoteak eta etengabe ikasteko bokazioari eusteak aurrera egitea ahalbidetu digu beti. Orain, berriz ere, irtenbide berriak bilatu behar ditugu kudeaketa-eredu publiko eta pribatuetan, bien arteko harremanetan, aliantza eta sareen sorkuntzan, prestakuntzan, berrikuntzak ETEetara iristen diren moduan, etab. Ausardia beharko dugu bakarka eta taldean erabaki arriskutsuak hartzeko, baina jakin badakigu gure indarguneak aprobetxatuz har ditzakegula erabaki horiek; izan ere, indarguneak baditugu eta oso garrantzitsuak gainera, hala nola zenbait gizarte-balio, antolamendukoak eta funtzionamendukoak, eta industria-gaitasuna, gure berrikuntza teknologikoaren eta teknologia berrien aprobetxamenduaren iturri handiena dena”.

Finantzaketa eta konfiantza areagotzea

Azuaren eta Lopez Atxurraren iritziz, balio horiek emango digute zorpetzeko aukera ere, funtsezko faktorea behar den finantzaketa lortzeko eta beharrezkoak izango diren eraldaketa askori ekiteko. “Zorrak beti ordaindu behar dira, eta merkatuak konfiantza eskatzen du, zordunek seriotasunez jokatzea. Legitimitatea eta konfiantza egunez egun irabazten dira, eta lortzen badituzu, ez duzu arazorik izango 20 edo 30 urtera finantzaketa lortzeko. Ez litzateke arazo izan behar administrazio eraginkorra eta hamar urtera begira merkatuaren beharretara egokitzen den industria-sistema baditugu; beraz, erreferentziatzat ditugun ekonomiak zer egiten ari diren ikusteak funtsezko faktore bat izan behar du edozein estrategia zehazteko. Asma dezagun justu edo doia, eta ken dezagun gainean daramagun gantza”, azpimarratu du.

Horretarako, “indarra, ahalegina, inspirazioa, baikortasuna, apaltasuna eta eskuzabaltasuna, baina, batez ere, lankidetza handia beharko ditugula” azpimarratu du Leire Bilbaok. Horrekin bat etorri dira Azua eta Lopez Atxurra, eta aliantza berriak bilatzeko aukera aipatu dute, besteak beste, Israelen (ahalmen industriala behar baitu bere gaitasun berritzaile handia aurrera ateratzeko) edo Erresuma Batuan (aliatu estrategiko berriak bilatuko dituelako ‘Brexit’aren ondoren).

Partekatu

Beste berri batzuk