Bide posiblea aurkitu dute gibeleko eta koloneko minbiziei aurre egiteko

Bizkaia

. bioGUNE IKZren ikerketa batek argitu du gaixotasun horietan engaiatutako proteina-konplexu baten egitura

. Konplexuaren egitura ezagutzearekin batera, giltzarri berriak zehaztu dira zelula kartzinogenoen hazkundea gelditzeko

. Kristalografiaren Nazioarteko Batasunaren aldizkarian argitaratu da ikerketa

 

foto CiCBiogune cancerbioGUNE IKZ biozientzien ikerketarako euskal zentroan, Liverpooleko Unibertsitatean eta Kaliforniako Hegoaldeko Unibertsitatearen Keck Medizina Fakultatean –USC-UCLA (AEB)– gauzatutako azterketa batek deszifratu du MAT alfa 2 eta MAT beta proteinak elkartzeaz arduratzen den mekanismoa. Bi proteinok elkartzean, zelula tumoralen ugalketa areagotzen da gibeleko eta koloneko minbizien kasuan. Bi proteina horien elkarketaren gainean eragiteko sendagaien ikerketari ireki dizkio ateak aurkikuntza horrek, eta, ondorioz, zelula kartzinogenoen hazkundea inibitu ahalko da.

Proteinen formak zehazten du zein den euren funtzioa zelularen barruan. Halaber, orain arte, MAT alfa 2 eta MAT egiturak ezagutzen ziren, baina ezjakina zen zein mekanismoren bidez elkartzen diren. Aurkikuntza horri esker, jakin daiteke euren egituretako zein zati blokea daitekeen proteinak elkartu ez daitezen. Oso garrantzitsua da hori; izan ere, proteina biak elkartuz gero, tumoreen zelulen hazkunde deskontrolatuan parte hartzen duen SAMe deituriko molekularen ekoizpena nabarmen areagotzen da-eta.

SAMe molekularen eta tumoreen garapenaren arteko harremana jada ezaguna da duela asko, baina molekula horrek beste funtzio garrantzitsuak ere baditu zelularen barruan. Funtzio horiek ezin dira aldatu, eta ez da ezagutzen horren kontra egiteko modurik betekizunak kaltetu gabe.

Halere, tumorea duten pertsona helduengan soilik gainadierazten dira MAT alfa 2 eta MAT proteinak. Hortaz, diana terapeutiko bikaina osatzen dute, proteina bien elkarketa ahalbidetzen duten aldeak soilik blokeatuko luketen sendagaiak sortzeko atea ireki ahalko litzatekeelako. Balizko tratamendu horren bidez tumorearen garapena inibituko litzateke –tumoreak kontrolik gabe hazten den zelula-masa direla ahaztu barik–, eta beste abantaila erantsi bat ere badu, alegia, organismoa ez litzatekeela batere kaltetuko.

Gibeleko minbizia izan zen 2012an munduan heriotza gehien eragin zituen bigarren tumore mota; kolonekoa, aldiz, hirugarrena

bioGUNE IKZren, Liverpooleko Unibertsitatearen eta USC-UCLAren Keck Medizina Fakultatearen aurkikuntzak, beraz, aukera emango du koloneko eta gibeleko minbizien aurka egiteko, konplexu proteinadun hori gehiago agertzen baita kasu horietan. Nola gizartean hala osasunean garrantzia duten tumore mota bi dira. Ez alferrik, 2012an, gibeleko minbizia izan zen munduan heriotza gehien eragin zituen bigarren tumore mota; kolonekoa, berriz, hirugarrena.

Azterketarako, X izpi bidezko kristalografia erabili da, zeinetan proteina-kristalak erabiltzen diren hiru dimentsioko egitura zehazteko.

Ikerketa berriki argitaratu da Kristalografiaren Nazioarteko Batasunaren (IUCr, gaztelaniaz) aldizkarian, eta bertan biltzen dira aipatu teknika erabiltzen diren arloetan egindako lanik onenak.

bioGUNE IKZko ikertzaile Adriana Rojas da ikerketaren arduraduna. Bere hitzetan, “lan hori ezingo litzateke aurrera eraman José María Matok 30 urtez egindako ikerketagatik ez balitz, gibeleko minbiziaren esparruan aritu baita, hain zuzen ere, SAMe molekularen inguruan”.

“Urte asko igaro dira ulertu zenetik zein diren SAMe sortzen duten proteinak, eta molekula horren mailek zelula kartzinogenoen hazkundea eragiten dutela. Orain ikusi dugu, baina, MAT alfa 2 eta MAT beta konplexua diana terapeutikoa dela”, adierazi du ikertzaileak.

Gainera, bioGUNE IKZko zuzendariak ikerketa anitz egin ditu SAMe molekulari dagokionez. Besteren artean, gibeleko zelulen ez-ohiko ugalketarekin duen erlazioa argitu du, minbizi hepatikoarekiko erlazioa ere bai.

bioGUNE IKZri buruz

Biozientzietako Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroa, bioGUNE IKZ, biomedinkuntzako ikerketa erakundea da, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak sortu zuena 2002an. Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean kokatzen den zentro horren xedea da biozientzien alorreko oinarrizko ikerketan aurrera egitea.

Partekatu

Beste berri batzuk