Biodonostiak bere genoma-arloa indartu du teknologia berria eskuratuz
Azken belaunaldiko sekuentzaile bati esker osasun ikerketa prebentiboak aurrera egin ahal izango du
Biodonostiak bere genoma-arloa indartu du, osasun ikerketa prebentiboan aurrera egiteko aukera emango duen azken belaunaldiko genoma-sekuentzaile bati esker.
Pertsona baten informazio genetikoa deszifratzen duen eta tresnarik hoberekin ikertzeko aukera emango duen makina da. “Personal genoma machine” (PGM) deritzona, estatu mailan dozena bat unitate besterik ez daude, aurrera pausu kualitatiboa da ikerketaren oinarrian eta gaixo batzuk izateko pertsona batek duen joera aldez aurretik ezagutzeko, eta ondorioz, pertsona bakoitzari egokitutako osasun-tratamenduak jarri ahal izateko aukera emango du.
Kalifornian garatutako teknologia honek ADNa sekuenziatzeko modua aldatu du eta Gipuzkoan egiten diren ikerketa-preminetara primeran egokitzen da. Izan ere, Biodonostiaren genoma-arlotik institutuaren preminei ezeze, Donostia Unibertsitate-Ospitalak (Osakidetza) dituenei eta Donostiako Teknologi Parkean osatu den, eta lankidetzan dihardun, bioteknologia-zentroen sareak dituen preminei ere erantzuten die.
PGMak 100.000 euro balio du eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Kutxaren mezenasgoari esker erosi ahal izan da. Baina bere prezioa handia izan arren, ultrasekuentziaren demokratizazioarako bidea irekitzen du eta, ondorioz, pertsona bakoitzari egokitutako medikuntzarako bidean aurrera egiteko aukera ematen du.
Ana Gorositi, Biodonostiako genoma-plataformaren arduradunaren eta David Otaegi institutoko azpiegituren arduradunaren esanetan, hamarkada baten buruan pertsona bakoitzak bere genoma DVD batean euki ahal izango du eta, era honetara, gaixo batzuk izateko duen joera aldez aurretik ezagutu ahal izango du, beraz berari egokitutako tratamenduak jarri ahal izango zaizkio.