BIOESKOLA BBKren AGROEKOLOGIA IKASGELA inauguratu da gaur

Bizkaia

  • 2.500 pertsonatik gora pasatuko dira Bioekola BBKren ortuan dagoen Ekogela honetatik. Bertan nekazaritza ekologikoaren inguruan sentsibilizatzeko hainbat ekimen gauzatuko da.
  • Irene Pardo, Bizkaiko Foru Aldundiaren Nekazaritza Ahaldunak eta Estibaliz Hernáez, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun Sailburuordeak instalazioak bisitatu dituzte gaur goizean eta ekimenaren garrantzia nabarmendu dute. 
  • Agroekologia Ikasgelak Bioeskola BBK proiektua osatzen du. Proiektua orain dela urte bi abiatu zen, gaixotasun mentala izateagatik gizarte bazterketarako arriskuan egon daitezkeen pertsonen laneratzeko aukerak hobetzeko helburuarekin..

Bioeskola Agroekologia IkasgelaGaur goizean inauguratu da Bioeskola BBKren Agroekologia Ikasgela. Ekipamendu berri hau, nekazaritza ekologikoaren eta iraunkortasunaren inguruan hezi eta sentsibilizatzeko helburua duena, BBK Bioeskoren proiektuaren barruan dago. Emaús Bilbao, BBK eta Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkearen ekimenetik dator eta beste erakunde batzuen lankidetza ere badauka: Osakidetzaren Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarea, Zamudioko Udala eta Innobasque.

Ekitaldian izan dira Irene Pardo, Bizkaiko Foru Aldundiaren Nekazaritza Ahalduna; Estibaliz Hernáez, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun Sailburuordea; José Miguel Corres, Euskadiko Parke Teknologien Sarearen Presidentea; Peli Manterola, Eusko Jaurlaritzaren Elikagaien Kalitate eta Industria Zuzendaria; José Gómez, Emaus Bilbaoko Gerentea; Leire Aragón, BBKren Gizarte-Ekintzako Zuzendariaren Ondokoa; Carlos Pereira, Osakidetzaren Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko Gerentea; eta Iker Atxa, Innobasque-eko proiektu-burua.

José Gómez, Emaús Bilbaoko Gerenteak, Bioeskola BBKren Ekogelaren instalazioak erakutsi dizkie. Instalazioak ingurumenarekiko erantzukizunez eta iraunkortasun irizpideen arabera diseinatu dira. Ikasgela edozein eguraldiri aurre egiteko egokitutako egurrezko blokeekin egina dago bere osotasunean, eta isolamendu naturalerako sistema bat dauka tenperatura egokia mantentzen duena negu zein udan. 45 metro karratuko eraikin honetan erabilera aniztuneko guneak egokitu dira, hala nola jantokia, lantegia, lan eta gizarte arloko laguntzarako gunea eta hezkuntza gelak.

Bioeskola BBKren Agroekologia Ikasgelak ikastetxe, elkarte eta eskaria egiten  duen edozein erakunde publiko zein pribaturentzako bisitak eskainiko ditu. Horiekin «nekazaritza ekologikoaren lan egiteko erak erakutsi, lurrarekin harremanerako aukera eskaini eta kontsumo ohitura osasungarriak ezagutzera eman nahi dira»  Halaber, «jasotako prestakuntza praktikara eramateko aukera emango diegu, hementxe bertan zein euren etxeetan» azaldu digu zentro berriari egindako bisitan José Gómez, Emaus Bilbaoko Gerenteak. Bestetik, Ekogela honek ortu txikian zein etxeko terrazan laborantza iraunkorra aplikatu nahi duten guztientzako ikastaroak eskainiko ditu.

Emaús Bilbaok jaso ditu dagoeneko lehenengo eskakizunak udako eskolaz kanpoko ekintzetarako aukera berriak nahi dituzten udalengandik, horien artean Zamudiokoa, eta baita jarduera hau datorren urteko programazioan txertatu nahi duten ikastetxeenak ere.

Bioeskola BBKren Agroekologia Ikasgela astegunetan egunero egongo da zabalik, goiz eta arratsaldez, eskari guztiei aurre egin ahal izateko. Erakundeak lehen urte honetan 2.500 pertsona ingururen bisita espero du.

Aurkezpenean izan da Leire Aragón, BBK Gizarte Ekintzaren zuzendari laguntzailea; bere hitzetan, «BBK Bioeskola laguntzera bultzatu zituen arrazoiak hainbat dira. Lehenengo eta behin, bazterketa egoeran edo arrisku egoeran dauden pertsonen laneratzea erraztea, krisialditik indarrez atera den sektorean (lehen sektorean) prestatuz eta trebatuz. Bigarren, lehen sektorea indartzea, produkzio ekologikoaren handitzearekin. Eta azkenik, jasangarritasuna eta ingurumenarekiko errespetuarekin lotutako praktika onak eta baloreetan prestatu eta sentsibilizatzera bideratutako proiektua delako».

Halaber, José Miguel Corresek, Parke Teknologien Sarearen Presidenteak, hurrengoa azpimarratu du: «Ikasgela hau martxan jartzea urrats bat gehiago da Bioeskola ekimenaren garapenean, urrats garrantzitsua; izan ere, ikasgela honen bidez Bioeskola BBK jende gehiagok ezagutzea lortuko baitugu, batez ere gazteek, eta, aldi berean, berrikuntza sozialeko egitasmo hau Parkea bezalako inguru zientifiko-teknologikoan garatzea nola izan den posible erakusten lagunduko digu».

Lehenengo lan kontratuak

Agroekologia Ikasgelak Bioeskola BBK proiektua osatzen du. Proiektua orain dela urte bi abiatu zen, gaixotasun mentala izateagatik gizarte bazterketarako arriskuan egon daitezkeen pertsonen laneratzeko aukerak hobetzeko helburuarekin. Gizarte berrikuntzarako ekimen honek garapen pertsonalerako aukerak eskaintzen dizkie eta landa ingurunean enplegu aukerak hobetzeko prestakuntza ematen die, euren laneratzeko aukerak handitzeaz batera bertako produktu ekologikoen kontsumoa ere sustatuz.

Ortuak duela urtebete ekin zion ekoizpen ekologikoari, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak doanik utzitako 30.000 metro karratuko lur sailean, BBKren 370.000 euroko ekarpenari esker egokitu ahal izan dena.

Denboraldi horretan proiektuan parte hartzen dutenek oso bilakaera positiboa izan dute, bai lanerako trebetasunak eskuratu eta jardunean egoteagatik, bai euren osasun mentalari dagokionean eta hobekuntza nabarmena igarri dute euren itxura fisikoan, ohitura osasungarriagoetan eta talde barruko harremanetan.

Hobekuntza hori familiek eta segimendu medikoa egiten dietenek ere igarri dute. Izan ere, parte-hartzaileetako batek lortu du dagoeneko Bioeskola BBKren plantilla barruan kontratua izatea, Cáritasen Gizalan elkartasun-programari esker.

200 otzara produktu ekologikoz beteta

Gizarte eta laneratze proiektu honen bideragarritasuna astero egiten diren ortuko generoaren salmentetatik dator.

Bioeskola BBKk nekazaritza ekologikoa sustatzen du. Sistema horretan baliabide naturalen erabilera optimoa bermatzen da, ez produktu kimikorik ez hazi transgenikorik erabili gabe. Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoa (ENEEK) erakundearen ekoizpen ekologikoaren egiaztagiria ere eskuratu dute.

Produkzioa kontsumitzaileei saltzen zaie zuzenean, eta jateko ohitura osasungarriak eta produkzio iraunkorrarekiko errespetua bultzatzen dira.

Astero ortuari ekologikoz betetako lauzpabost kiloko 100 otzara banatzen dira, 12,5 euroko salneurrian. Barazkiz betetako errafiazko poltsak ostiralero Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean eta Emaús Bilbaok Bilboko Sabino Arana eta Andra Mari kaleetan dauzkan dendetan banatzen dira.

Emaús Bilbaok urtea 200 otzara saltzen bukatzeko aurreikuspena dauka. Horrez gain, badago otzaretan kontserbak sartzeko asmoa, eta banaketa puntuak Bilboko erdialdean dauden enpresei ere zabaltzekoa. 

Partekatu

Beste berri batzuk