BIOLAN 2024ko Berrikuntza Sari Nazionalarekin saritua izan da
Euskadiko Parke Teknologikoko Zamudio/Derio Campusean kokatutako bioteknologia-enpresak saria jaso du Madrilgo El Pardoko Errege Jauregian, Erregina Letiziaren buru izan den ekitaldian
Berrikuntzaren eta Diseinuaren Sari Nazionalak Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioak ematen ditu, berrikuntza eta diseinua euren estrategiaren oinarrizko elementu bihurtu dituzten enpresak aitortu eta ikusgai egiteko helburuarekin.
Ekitaldian 2024ko eta 2025eko sariak banatu dira. BIOLANek, eta bere izenean Asier Albizuk —sortzaile eta zuzendari nagusiak—, 2024ko Berrikuntza Sari Nazionala jaso du Enpresa Txiki eta Ertain Berritzailearen modalitatean, Erregina Letiziaren eskutik, El Pardoko Errege Jauregian.
Prestigio handiko sari hauek ikerketa-, garapen- eta transferentzia-prozesuen bikaintasuna balioesten dute, bai eta diseinuaren ekarpena ere, lehiakortasunaren eta eraldaketaren motor gisa. Gaur 2024ko eta 2025eko edizioetako sariak banatu dira, talentua, diseinua, eraldaketa eta berrikuntza sustatzeko konpromiso instituzionala azpimarratuz.
BIOLANek berrikuntza, digitalizazioa eta iraunkortasuna ardatz estrategiko gisa sustatzen jarraitzen du, bai bere produktuak, bai erakunde osoa barne. Konpainiak proiektu aitzindari bat garatu du, berrikuntza eta teknologia uztartzen dituena, elikagaien kalitate eta segurtasunaren zein giza osasunaren diagnostikoaren sektorea eraldatzeko, hodeira konektatutako biosentsoreetan oinarritutako soluzio analitiko integralak eskainiz. Horiek bioteknologia, elektrokimika, adimen artifiziala eta machine learning bezalako teknologia desberdinak uztartzen dituzte.
BIOLANek merkatuaren benetako eskakizunei eta beharrei erantzuten die, beti ere sektore bakoitzera egokitutako irtenbide azkar eta errazak eskaintzeko helburuarekin, kontsumitzaileen eta pazienteen ongizatea bermatzeko.
BIOLANentzat berrikuntza da bere hazkundearen eta bereizketaren gako nagusietako bat. Enpresak produktu eta prozesuak hobetzen dituzten soluzio teknologikoak garatzen ditu, bezeroentzat balio erantsia sortuz. Ikuspegi hori, nazioartekotzearen aldeko apustuarekin batera —Asiako, Amerikako, Afrikako eta Europako 11 ordezkaritzarekin—, BIOLAN erreferente bihurtu du bere arloan. 2024ko Berrikuntza Sari Nazionalak bere talde osoaren eguneroko ahalegina eta konpromisoa aitortzen ditu, enpresaren lehiakortasuna eta eraldaketa sustatzeko.
Sari hauen banaketaren harira, Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate ministro Diana Morantek atzo Madrilgo Errege Lorategi Botanikoan hartu zituen saridunak, BIOLANi beste berrikuntza-erreferente batzuekin esperientziak partekatzeko aukera eskainiz, eztabaidarako eta hausnarketarako gune batean.
Sari honek BIOLANen urteetako dedikazioaren emaitza sinbolizatzen du eta bultzada ematen dio industriaren, gizartearen eta gure planetaren iraunkortasunaren aldeko eragin positiboa duten soluzioak garatzen jarraitzeko.