Bizkaiko Teknologia Parkean kokatzen den Biolan Microbiosensores bioenpresak biosentsore berri bat garatu du eta horri esker berehala eta erraz antzeman daiteke muztioan azido glukonikorik dagoen: ardoaren kalitatea txartzen duen hartzigarri kaltegarria. Azido horrek Botrytis cinerea onddoan du bere jatorria, zeinak mahats-mordoak kaltetzen baititu mahatsa biltzerakoan eta heltzerakoan eta, gainera, ardoaren kalitatea markatzen du; izan ere, ardo onenetan elementu hori ez da antzematen edo oso proportzio baxuan azaltzen da. Biolan Microbiosensores enpresak garatutako biosentsoreak hiru funtsezko abantaila ditu, merkatuan produktu erakargarri bihurtzen dutenak: erabiltzeko erraza da, denbora errealean neurtzeko aukera ematen du eta arrazoizko merkatu-prezioa du –3.000 euro inguru–, batez ere, kontuan izanda orain arte upeltegi gehienetan azido hori antzemateko metodoak 35.000 eta 65.000 euro bitartean kostatzen zirela.