BIOLAN HEALTHek arrakastaz merkaturatu du COVID-19a detektatzeko antigeno test azkarra

Albisteak, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa

Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean kokatutako euskal ETEak indartu du egungo pandemiaren aurka borrokatzeko produktu-lerroaren aldeko apustua, infekzioa detektatzen denetik immunitatea ebaluatzen den arte

Produktu propioa da, garapenetik fabrikaziora bitartekoa, eskalatze industrialerako ekoizpen-gaitasunekin, eta merkatuan onarpen handia izan duena lehen asteetan

BIOLAN HEALTHek antigeno-test berri bat garatu eta baliozkotu du SARS-COV-2 birusa detektatzeko. Test azkarra da, erraz erabiltzen dena. Sudurreko lagin batetik abiatuta, birusaren egituraren zati bat detektatzen du, eta COVD-19 eragiten duen birusaz kutsatuta dauden eta kutsa dezaketen pertsonak identifikatzeko aukera ematen du.

Sudur-lagin bakarra behar denez, metodoa ez da hain inbaditzailea eta hain deserosoa pazientearentzat. Hori dela eta, testak abantaila nabarmena du erabiltzailearentzat.

BIOLAN HEALTHen COVID-19 antigenoaren test azkarrak emaitza fidagarria eta zehatza bermatzen du 15-20 minututan, OMEk zehaztutako irizpideak betetzen dituzten %96,5eko sentikortasuneko eta %98,3ko espezifikotasuneko datu balioztatuekin.

BIOLAN HEALTHen testak errendimendu bikaina lortu du sintomak agertu eta lehenengo 7 egunetan, eta oso tresna erabilgarria bihurtu da infekziosoak izan daitezkeen COVID-19 kasu positiboak garaiz identifikatzeko eta isolatzeko, horrela birusaren hedapena kontrolatuz.

Test berri honek CE markaren ziurtagiria du, eta, gainera, BIOLAN HEALTHek badu Espainiako Medikamentu eta Osasun Produktuaren Agentziaren (AEMPS) fabrikazio- eta esportazio-lizentzia, baita ISO 13485 ziurtagiria ere, kalitate-estandar guztiak bermatzen dituena.

Produktu hau, 2021aren hasieratik merkatuan dagoen BIOLAN HEALTHen COVID-19aren aurkako antigorputzak detektatzeko testarekin batera dator, herritarren immunitatea modu naturalean edo txertaketaren ondorioz ebaluatzeko oso tresna baliagarria bihurtu dena. BIOLAN HEALTHen test serologiko azkarrari esker, antigorputz neutralizatzaileak antzeman daitezke, S proteinaren eremu jakin baten aurka zuzenduak, horiek sortzen baitituzte txertoak. Horri esker, txertoen eraginkortasuna modu eraginkor eta fidagarrian ebaluatu daiteke. Test azkar guztiek ez dute hori errazten, ez baitaude horretarako diseinatuta.

BIOLAN HEALTHek, gainera, bi produktuak industria-eskalan fabrikatzeko behar diren gaitasunak ditu, eta, horrela, COVID-19aren aurkako borrokan duen konpromisoa indartzen du, ezagutza aplikatuz eta gizarteari baliabide garrantzitsuak eskainiz egungo egoera pandemikoa hobeto kudeatzeko tresnak emateko helburuarekin.

Partekatu

Beste berri batzuk