Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoak 10.644 langile dituzten 276 enpresarekin itxi du bere 35. urteurrena
- Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoan finkatutako enpresak liderrak dira hainbat sektoretan, aeronautikan, automobilgintzan, elektronikan, energian, ingurumenean, ingeniaritzan, medikuntzan eta biozientzietan edo informazioaren teknologietan, besteak beste
- Laster Abanto-Zierbena udalerrira zabalduko da; bertan, duela hiru urte hasi ziren etorkizuneko Ezkerraldeko-Meatzaldeko Parke Teknologikoaren obrak.
Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoak bere 35. urteurrenaren ospakizuna itxi du gaur, bere instalazioetan I+Gko 276 enpresa eta eragile dituen unean. 2020an, guztira, 3.310 milioi euroko fakturazioa izan zuten eta 329 milioi inbertitu zituzten I+G jardueretan. Konpainia horiek 10.644 langile dituzte, eta horietatik % 7k doktoretza dute, % 57k unibertsitateko titulua, eta % 20 30 urtetik beherakoak dira.
Konpainiekin batera, hiru euskal unibertsitateak, oinarrizko ikerketarako eta bikaintasunerako zentroak (Basque Excellence Reserarch Centres-BERC), inkubagailuak, zentro teknologikoak, klusterrak eta elkarte profesionalak ari dira lanean.
Urteurreneko urtea
Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoaren 35. urteurrenean eragina izan du COVID-19ak sortutako egoerak, eta, horren ondorioz, egin beharreko jarduketak birplanteatu eta araudi berrira egokitu behar izan dira. Azken urtean hainbat ekintza antolatu dira, eta gaur amaitu dira, 35. urteurreneko ekitaldiarekin. Gainera, atzo, urriak 21, Zamudion, Espainiako Parke Zientifiko eta Teknologikoen Elkartearen (APTE) XIX. Nazioarteko Konferentzia egin zen. Bertan, zientzia- eta teknologia-parkeetako ordezkariek etorkizuneko erronkei heldu diete, “GJHak integratuz: parke jasangarriagoetarantz” lelopean.
Ekintza horien guztien helburu nagusia parkearen xedeari, ikuspegiari eta balioei balioa ematea izan da. Halaber, parkearen 35 urte hauetako historiari buruzko “Historia del Parque Científico y Tecnológico de Bizkaia: 35 años apoyando la tecnología y la innovación en el País Vasco” liburua argitaratu da. Liburuan Parkearen historiaren berri ematen da, sortu zenetik gaur egun arte, eta alderdi hauek aztertzen dira: Eusko Jaurlaritzaren politika zientifiko-teknologikoen xedeei eta helburuei egiten dien ekarpena; enpresen garapenerako kalitatezko azpiegitura gisa betetzen duen jarduera; gobernantza- eta kudeaketa-eredua, eta enpresen jardueraren sustapenean eta berrikuntzan dituen ondorioak, emaitzak eta inpaktua.
Eta erakusketa ibiltari bat ere egin da parkea dagoen hainbat herritan barrena, Zamudion, Derion, Leioan, Abanton eta Bilbon, hain zuzen ere. Erakusketak Bizkaiko eta Euskadiko garapen ekonomikorako oso garrantzitsua izan den eta aberastasuna eta enplegua sortzeaz gain teknologiaren eta talentuaren berrikuntzaren eta garapenaren gune gisa erreferentzia ere izan den, azpiegitura bat balioetsi eta herritarrengana hurbildu du.
Talentua erakartzeko gaitasuna
Parkea 1985ean sortu zen, krisi sakon baten eta industria tradizionala jasaten ari zen birmoldaketa prozesuaren barruan. Testuinguru horretan, euskal erakunde publikoek enpresa-eredua goitik behera aldatzearen aldeko apustua egin zuten: Zamudioko landa-ingurunean, teknologia aurreratuko enpresak instalatzeko gune bat sustatzea. Horrela sortu zen bere generoan aitzindaria izan zen Bizkaiko Parke Teknologikoa. Gaur itxi ditu bere 35. urteurreneko ekitaldiak.
1985eko irailaren 30ean sortu zen modu formalean Sociedad Parque Tecnológico-Teknologi Elkartegia, S.A., zuzenbide pribatuko enpresa publikoa, Eusko Jaurlaritzaren garapen-agentziak (SPRI), akziodun nagusi gisa, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Zamudioko Udalak osatua. Helburua: industria-ekimena sustatzea eta bultzatzea, teknologia aurreratuko enpresak instalatuko liratekeen konplexu bat eraikiz.
Inauguratu zenetik, Parkea erreferente bihurtu da, eta ez bakarrik aitzindaria izateagatik –Estatuko lehena izan zen bere generoan–, baita talentua erakartzeko duen gaitasunarengatik ere. Hiru hamarkada eta erdian zehar, lehen mailako berrikuntza eta garapen teknologikoaren gune bihurtu da, berri samarrak baina jada funtsezkoak diren sektoreak barne, 4.0 industriarekin erlazionatutakoak, besteak beste.
Lehenengo etapan, Parke Teknologikoak higiezinen eta azpiegitura teknologikoen garapena sustatzera bideratu zituen bere baliabide gehienak, enpresen kokalekurako eta I+G lanetarako ingurune lehiakorra sortzeko. 1988an jarri zen lehen harria, eta hurrengo bi urteetan hasi ziren lanean lehen hiru eraikinak. Promozio berriak areagotu egin ziren 1993tik aurrera, eta urte horretan Derioko lursailetara zabaltzea proiektatu zen, eta, ondorioz, izena aldatzea erabaki zen: Bizkaiko Parke Teknologikoa.
Bere instalazioak Leioara ere zabaltzen dira, 2016an inauguratutako EHUren Parke Zientifikoaren sorrerarekin. Etapa horretan, Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologiko izena hartu zuen, gaur egun duen izena, eta orduan sortu ziren ikerketa-plataformak eta bikaintasun-zentroak (BERC).
Parke Zientifiko eta Teknologikoak hazten jarraituko du campus berriak sortuz. Laster Abanto-Zierbena udalerrira hedatuko da. Duela hiru urte hasi ziren Ezkerraldeko-Meatzaldeko Parke Teknologikoa izango denaren obrak. Kasu horretan, erakundeek beste apustu bat egingo dute Ezkerraldeko eta Meatzaldeko eskualdeak dinamizatzeko, energia-trantsizioarekin lotutako jarduerekin, Energy Intelligent Center (EIC) delakoaren eta Laugarren industria-iraultza deitutako 4.0 industriaren bitartez.