Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoak jasoko du Espainiako Parke Zientifiko eta Teknologikoen Elkartearen (APTE) Nazioarteko XIX. Konferentzia

Albisteak, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa

Parke zientifiko eta teknologikoen kudeatzaileek etorkizuneko erronkei heldu diete, lelo honekin: “GJHak integratuz: parke jasangarriagoetarantz”

Amaierako hitzaldia Josu Jon Imazek, Repsoleko kontseilari delegatuak, eman du

Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoak Espainiako Parke Zientifiko eta Teknologikoen Elkartearen (APTE) Nazioarteko XIX. Konferentzia jaso du gaur, osteguna, urriak 21. Jasangarritasunaren alorrean profil handiko ordezkariek eta zientzia- eta teknologia-parkeetan zuzendaritza-erantzukizunak dituzten pertsonek etorkizuneko erronkei heldu diete, “GJHak integratuz: parke jasangarriagoetarantz” lelopean.

Irekiera instituzionala Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailburuak; Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Sustapen Ekonomikoko diputatuak; eta Felipe Romera Espainiako Parke Zientifiko eta Teknologikoen Elkarteko presidenteak egin dute.

Inaugurazio hitzaldian Cristina Monge politologo eta Zaragozako Unibertsitateko doktoreak eta Carlos Mataix Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Antolakuntza Ingeniaritzako Departamentuko irakasle titularrak hartu dute parte.

Ondoren, enpresek Garapen Jasangarrirako Helburuak integratzean izandako esperientziei buruzko mahaingurua egin da. Moderatzailea Leyre Madariaga Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitaleko eta Ekintzailetzako zuzendaria izan da. Mahaian Marco Zurita Nazio Batuen Espainiako Mundu Ituneko Marketin eta Garapeneko arduradunak, Helena Orella Bolton Food-eko Garapen Iraunkorreko arduradunak eta José Luis Fragueiro, ZIV Aplikazio eta Teknologiako Ingurumenaren Kalitate eta Prebentzio zuzendariak hartu dute parte. Azken horiek, jasangarritasunarekiko konpromisoa izateaz gain, Nazio Batuen Mundu Hitzarmena sinatu duten Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean dauden bi enpresa dira.

Arne Hanssonek, Ideon Openeko (Ideon Science Park) CEOak, GJHen integrazioan erreferente den nazioarteko parke baten, Nazio Batuek ziurtatutako lehen parkearen, ordezkari gisa izan duen esperientziaz hitz egin du. Anna Taussi Suediako UNOPS S3i Berrikuntza Zentroko berrikuntza adituak, Nazio Batuek Parke horren barruan Global Innovation Centre bat sortzeko duten interesa azaldu du.

Amaierako hitzaldia Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari ordezkariak (CEO) eman du.

Amaitzeko, APTE 2021eko Parke Zientifiko eta Teknologikoetako Jardunbide Onenaren Saria, 2020an Sare Teknikoko parke aktiboenei egindako aintzatespenak eta parke zientifiko eta teknologikoak Espainiako prentsan zabaltzearen IV. Saria banatu dira. Ondoren, Berrikuntza Teknologikorako Baleareetako Parkean (ParcBit) “Garapen jasangarrirako berrikuntza” lelopean egingo den Nazioarteko APTE 2022 Konferentziaren parke anfitrioiari eman zaio bandera. Arratsaldean, 2021. urte honetako APTEren hirugarren batzar orokorra izango da.

APTE – Espainiako Parke Zientifiko eta Teknologikoen Elkartea

Espainiako Parke Zientifiko eta Teknologikoen Elkartea (www.apte.org) 1989an sortu zen irabazi-asmorik gabeko elkarte gisa. Bere helburu nagusia, parke zientifiko eta teknologikoak sustatuz eta zabalduz ekoizpen-jardueraren berrikuntzan eta dibertsifikatzen, aurrerapen teknologikoan eta garapen ekonomikoan laguntzea da. Gaur egun 62 parke kide ditu Espainiako geografia osoan zehar banatuta. Horietatik 52 parke Bazkideak dira, hau da, erabat operatiboak; 1 garapen-prozesuan dagoen parke Afiliatua da, 1 Ohorezko Bazkidea eta, azkenik, 8 kide Laguntzaileak dira. Parke horiek 7.967 erakunde hartu zituzten 2020an, eta 27.244 milioi euro fakturatu zituzten. Enpresa horiek 184.508 langile baino gehiago dituzte, eta horietatik 38.212 I+Gko zereginetan aritzen dira.

Euskadiko Parkeen Sarea, datuetan

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako parkeek osatutako Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak, 19.472 pertsonari enplegua ematen dieten eta urtean 5.361 milioi euroko fakturazioa aurkezten duten 580 enpresa ditu gaur egun. 2020ko datuen arabera, euskal enpresa guztien % 1 berrikuntzaren euskal ekosistema horren hiru parkeetako batean dago, eta Euskadiko I+Gko enpresa-inbertsioaren % 37 hartzen dute. IKT, Biozientziak eta Osasuna eta Ingeniaritza dira sektore nagusiak. EPTS Espainiako Parke Teknologikoen Elkarteko (APTE) eta Parke Zientifiko eta Teknologikoen Nazioarteko Elkarteko (IASP) kide aktiboa da.

Partekatu

Beste berri batzuk