Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkea, iraunkortasunarekiko konpromisoa

Bizkaia

  • Iraunkortasun estrategia bat du eta horren baitan zenbait ekintza burutu dira ingurumen, energia, garraio edo bizi-kalitatearen alorretan, besteren artean.

Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak Iraunkortasunaren memoria egin du eta bertan jasotzen dira Parkea sortu zenetik iraunkortasunari dagokionez abiarazi dituen ekimen guztiak.

Iraunkortasuna BizkaikoZTPren “misioan” identifikatuta dago eta bere “balore giltzarrietako” bat da. Hala, Parkeak ingurumenaren alorrean ekintzak gauzatu ez ezik, garraio, energia, eraikuntza, marketin, giza-baliabide edo bizi-kalitate eta komunitate-integrazioaren alorretan ere aritu da.

Bere iraunkortasun-politikari nahiz garapen-ereduari esker, BizkaikoZTP erreferentea da bai hemen bai gure mugetatik kanpo. Horregatik, Parkeak erakunde ugariri aholkularitza eman die mundu osoko teknologia-parkeen garapen prozesuen barruan. Zentzu horretan nabarmentzekoa da 2011n Parkea hautatu zutela industriguneetan iraunkortasuna neurtzeko tresnak garatzea xede duen Ecopadev proiektu europar handinahiaren buru eta koordinatzaile izateko.

Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkea bera sortu eta garatu zenean oinarrizko irizpidetzat hartu zen inguruko eremu naturalak ahalik eta gutxien aldatzea: flora, fauna, topografia, uren erregimena eta lursailaren bestelako dimentsio batzuk. Gauzak horrela, hasieratik egin da ingurune naturala babestu eta hobetzearen aldeko apustua. Parkeko sozietate kudeatzaileak inguruaren funtzionamendu ekoeraginkorra zuzendu, sustatu eta kontrolatu du; Parkea modu ezin hobean integratu da landa-ingurunean eta ingurua babesteko landaketak egin dira. Hortaz, Parkea eraiki aurretik zegoen landaretza-bolumena areagotu da, egun 91 espezie ezberdinetako 5.000 zuhaitz baitaude.

Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak iraunkortasun-estrategia bat martxan jarri zuen 2001ean eta horren bidez iraunkortasuna bere zentzurik zabalenean jorratzen da hiru ardatz nagusi baliatuz: garapen ekonomikoa, ingurumena eta gizartea. Estrategia hori garatze aldera, 2007tik Iraunkortasunaren Foroa gauzatzen du Parkeak, bertan kokatutako erakundeen arteko lankidetza lortzeko helburuarekin, bai egoeraren analisiari bai diagnostikoari dagokionez, eta baita Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkearen garapen iraunkorra bultzatzen duten hobekuntza-ekimenak bilatzeko ere. Parkeko 50 erakunde baino gehiagok sinatu dute iraunkortasuna hobetzeko atxikimendua eta, era berean, Iraunkortasunaren Foroaren baitan lantalde berrien sorrera sustatu da, adibidez, energia, prestakuntza eta enplegua eta erantzukizun soziala.

Eraginkortasun energetikoa, eraikuntza iraunkorra eta mugikortasuna

BizkaikoZTPk jarduera anitz burutu ditu eraginkortasun energetiko eta eraikuntza iraunkorraren alorrean, besteak beste, estalki fotovoltaikoa instalatzea, instalazio geotermikoa martxan jartzea, hesi arkitektonikoak ezabatzea, baldosa ekologikoak instalatzea, Maite Fundazioarekin lankidetzan aritzea laborategi iraunkorretan erreferentziazko ereduak zehazteko, etab.

Nabarmentzekoak dira bereziki bi eraikin hauek:

612 eraikina, eraginkortasun eta iraunkortasun energetikoari dagokienez nazioarteko aitorpenik garrantzitsuena lortu duena, alegia, zilarrezko LEED ziurtapena. Bulego eta laborategiak dituen eraikin hori Euskadiko lehena izan da LEED ziurtagiria lortzen.

602 eraikina – BTEK (Teknologiaren Interpretazio Zentroa), instalazio geotermikoa eta estalki fotovoltaikoa ditu, zeinarekin energiaren sorrera, benetako energia-kontsumoa eta horien arteko aldea monitoriza daitekeen, interfaze digital baten bidez. BTEK eraikinak eraikin kultural onenaren ArchDaily saria jaso zuen 2009an.

Mugikortasunari dagokionez, Parkeak mugikortasunari buruzko azterketa egin zuen eta hortik abiatuta, zuzeneko autobus-linea esklusiboa martxan jarri zen Bilbotik, bai eta anezka-autobusa Zamudioko tren geltokitik ere. 2011. urtearen amaieratik Parkeak ibilgailu elektrikoa du eta birkargatzeko bi gune.

Erantzukizun soziala

Iraunkortasun-estrategiaren baitan, komunitate-sorrerarekin eta inplikazio sozialarekin loturiko zenbait egitasmo bultzatu ditu BizkaikoZTPk:

–          Aisiatek: Aisia- eta kirol-elkartea, enpresen zein bertan lan egiten dutenen parte-hartzea eta lankidetza sustatzeko.

–          Innovalan: Buruko eritasunak dituzten pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko egitasmoa.

–          Bioeskola BBK: Gizarte-bazterkeria arriskuan dauden pertsonentzako ortu ekologikoa gauzatzeko proiektua, Emausek, BizkaikoZTPk eta BBK-Gizarte Ekintzak bultzatua. Besteren artean Osakidetza-Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareak parte hartzen du bertan.

Partekatu

Beste berri batzuk